EAJ-PNVk Euskaraldiarekin bat egin du Legebiltzarrean eta bere egin du euskararen erabilera sustatzeko helburua

"Euskarak irabazten jarraitzea nahi badugu, parte aktiboa izan behar dugu. Gehiago, pertsona gehiagorekin eta gehiagotan hitz egitea. Hori da gure konpromisoa"
EAJ-PNVk Euskaraldiarekin bat egin du Legebiltzarrean eta bere egin du euskararen erabilera sustatzeko helburua
19 Azaroa | Eusko Legebiltzarra

EAJ-PNVren talde parlamentarioak Euskaraldia ekimenari babesa adierazi dio eguerdian, ohiko osoko bilkura amaitu ondoren Eusko Legebiltzarrean egin den ekitaldian parte hartuz. Legebiltzarkide jeltzaleek euskara erabiltzeko eta bultzatzeko konpromisoa berretsi dute, eta pertsona guztiei erronka handi honekin modu aktiboan bat egiteko deia egin diete. "Ezin gara hitzetik hortzera ibili. Gure hizkuntza ohiturak eraldatu nahi baditugu Euskaraldia bezalako ekimenak indartu behar ditugu. Guztion ardura da gure hizkuntzaren erabilera indartzea, zabaltzea, bultzatzea eta sendotzea. Badakigu posible dela gehiago hitz egitea, pertsona gehiagorekin eta uste baino gehiagotan".

Euskaraldiak iraungo duen hamaika egunetan, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, Ahobizi edo Belarriprest izango dira legebiltzarkideak. Ahobiziren rola aukeratzen duenak ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko du (eta, gutxienez, bere lehen hitza ezezagunei euskaraz ere egingo die). Bestalde, Belarriprest izango da euskara ulertzen duena, eta gainerakoei euskaraz hitz egiteko gonbita egingo die. Bigarren edizio honetako berrikuntza nagusietako bat Ariguneen sorrera izango da. Gune horietan euskararen erabilera bermatu eta sustatuko da ekitaldiak iraungo duen 15 egunetan. Jeltzaleen talde parlamentarioak bere arigunea eratu du, euskaraz hitz egiteko aukera eskainiz, bai taldearen barruan, bai herritarrekiko harremanetan. "Taldean ekimen hau modu kolektiboan planteatzen dugun arren, herritar guztiak interpelatuta daude egun hauetan esfortzu bat egin dezagun eta gure harremanetan euskara erabil dezagun. Hitz eginez, ohituta ez bagaude, edo gainerakoei adierazteko erraztasunak emanez. Pertsona bakoitza bere gaitasunen barruan. Euskarak guztiok behar gaitu. Lan pertsonala eta kolektiboa behar du, eta erakunde honetan, taldeen arteko lankidetza ere behar du".

PARTEKATU