EAJ-PNVk Estatuko segurtasun indarrak Euskadin egokitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari

Jon Andoni Atutxa legebiltzarkidearen esanetan, langileen kopurua murrizteak legezkotasunari eta Ertzaintzarekiko errespetuari erantzuten die. "Estatutua betetzea eta Ertzaintzaren izaera integrala errespetatzea eskatzen dugu"
EAJ-PNVk Estatuko segurtasun indarrak Euskadin egokitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari
07 Urria | Eusko Legebiltzarra

2013an eta 2017an, Eusko Legebiltzarrak Euskadiko azken jarrerak onartu zituen Estatuko segurtasun-kidegoen eta -indarren presentziari dagokionez, eta bietan eskatzen zitzaion Espainiako Gobernuari langile-kopurua murrizteko eta Gerkinako Estatutuak soilik ematen dizkien eskumenak garatzeko; eginkizun horiek aparteko eta erkidegoz gaindiko eskumenetara mugatzen dira. Gaur, berriz ere, Ganberako osoko bilkurak errespetuaren aldeko jarrera hartu du, eta berriro ere mahai gainean jarri du Estatuak legea bete behar duela. "Gaur berriro eztabaidatzen badugu, Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren lana antolatzeko zain gaudelako da. Izan ere, erresistentziak daude langileak atzera botatzeko eta legeak agintzen dituen zereginetara jotzeko", argudiatu du Jon Andoni Atutxa legebiltzarkide jeltzaleak.

Gaur egun, Ertzaintzak bere gain ditu polizia-funtzio gehienak, Gernikako Estatutuaren 17. artikuluan eta Zerbitzuak Mugatzeko Akordioetan jasotzen den bezala. Hala ere, zereginak argitu arren, askotan, Estatuko segurtasun indarrek Ertzaintzaren berezko eskumenak urratzen dituzte, eta Atutxak ohartarazi duenez, euskal eskumenen esparruan "interpretazio partzialak" daude. "Eskumenen inbasio horiek amaitu egin behar dira", gaineratu du.

EAJ-PNVko ordezkariak "negoziazioa eta akordioa" eskatu ditu arazoa konpontzeko, eta gobernu sozialista berriaren talentuaz eta elkarrizketarako prestutasunaz fidatu da. "Ziur gaude, aurreko gobernuak jarraitutako itxikeriaren eta estrategia zentralizatzailearen aurrean, elkarrizketa instituzionaletik eta errespetutik posible izango dela eskumenen inbasio horri amaiera ematea eta funtzioak birkokatzea. Etapa berri batean egotea espero dugu, segurtasun publikoa bezalako gai sentikor batean elkarrekin egindako lanak eta akordioek markatuta". Hori guztia, polizia integral gisa Ertzaintzari dagozkion eskumenei uko egin gabe. "Ertzaintzarekin konpromisoa eskatzen ari gara". Atutxaren ustez, Eusko Jaurlaritzaren eta Barne Ministerioaren arteko harremanak normalizatzeak eskumen-ezberdintasun horiek konpontzen eta langile kopurua uneko errealitatera egokitzen lagunduko du. EAJ-PNVrentzat, gainera, egokitzapen hori saihestezina da, ETAren jarduera armatua duela bederatzi urte amaitu baitzen behin betiko.

PARTEKATU