EBren araudiari Argitasun Zuzentaraua gehitzea proposatu du EAJ-PNVk Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian

Josune Gorospek, Euskal Taldeko diputatu eta CoFoEn Gorteen ordezkaritzako kideak, gaur arratsaldean hitz egin du Estrasburgoko parlamentuan DEMoC, subiranotasun lurralde gatazkak konpontzeko mekanismo arautua, bultzatzeko egin den osoko bilkuran
23 Urria | Kongresua

Josune Gorospek, Kongresuko Euskal Taldeko diputatuak, gaur Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian Gorteen ordezkaritzako kide gisa parte hartu du Estrasburgon, Europako Parlamentuan egin den osoko bilkuran. Diputatu jeltzaleak osoko bilkuran planteatu ditu EAJ-PNVk foro honetan egin dituen proposamenetako bi: Europako Batasuneko hizkuntza ofizial guztiak aitortzea eta Argitasun Zuzentarau bat sortzea.

Osokoan hitza hartu duenean Josune Gorospek planteatu du “Europako Batasunaren araudian Argitasun Zuzentarau bat jasotzea, estatuen barnean subiranotasun eta lurralde gatazkak konpontzeko mekanismo arautua ezarriko duena elkarrizketaren bidez, bitartekaritzaren bidez eta Batasunaren printzipio demokratikoen arabera”. Hain zuzen ere, EAJ-PNVk, beste indar politikoekin batera, Europako Argitasun Mekanismo Demokratikoa bultzatu zuen (DEMoC) “Lurralde gatazka horiek demokraziak eskaintzen dituen prozedurak aplikatuz konpontzeko tresna”, diputatu jeltzaleak azaldu duen bezala. Ildo beretik nabarmendu behar da talde jeltzaleak ideia hori aurkeztu zuela Europako Parlamentuko Gutxiengoen Taldearen 2009-2014 legegintzaldiko azken dokumentuan. “Zer garen onartu, izateko eta erabakitzeko dugun eskubidea errespetatu. Horrek Batasuna indartzen du; izan ere, horixe da eraikitzea ahalbidetu duen prozedura”, esan du Gorospek.

Ordezkari jeltzaleak CoFoe-ren bigarren osoko bilkuran hitz egin du, Plataforma Digital Eleaniztunari dagokion gai-zerrendako puntuan. Tresna horren bidez, estatu kide guztietako herritarrek beren proposamenak Europar Batasuneko 24 hizkuntza ofizialetan hitz egin eta eztabaidatzen dute. Testuinguru horretan, Josune Gorospek kritikatu du Plataforma horrek, “Eleaniztuna” izenekoak, ez duela aintzat hartzen Europako hizkuntza-aniztasuna: euskara, katalana edo galegoa bezalako hizkuntza ofizialak ezin baitira erabili. “Hizkuntza horiek estaturik gabeko Europako nazio tradizionaletakoak dira; milioika pertsonak bat egin nahi dute borondatez, aitortzan eta errespetuan oinarrituta, baina ez dira aitorpen hori jasotzen ari, eta, batzuetan, haien oinarrizko eskubideak urratzen dira gutxiengo horietako kide izateagatik”, deitoratu du ordezkari jeltzaleak.

Plataforma digital horretan, EAJ-PNVk Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziari egindako lehen ekarpena argitaratu zuen, zeinetan aurreikusten baita aipatutako Argitasun Zuzentaraua Batasunaren araudian sartzea. Dokumentu hori joan den maiatzaren 9an argitaratu zen, Europaren Egunaren kariaz, eta, horrela, alderdi jeltzalea Europaren erronkei eta lehentasunei buruzko hausnarketa -eta entzute parte-hartzaile-prozesu horri buruzko testu zehatz bat onartu zuen lehen alderdia izan zen.

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak egun hartan adierazi zuenez, EAJ-PNVk argitasun zuzentarau bat eskatzen du, argi eta garbi adierazten duten komunitate politikoek, ordezkaritza-erakunde parlamentarioen erabakiaren bidez, estatu kidearekiko eta Europar Batasunarekiko estatusari buruz erabakitzeko borondatea dutela, herritarrei beren etorkizunari buruz galdetzeko mekanismoak izan ditzaten, legez eta itunduta eta doazen Estatuarekin bermeekin.

PARTEKATU