EAJ-PNVk euskal herritarrak deitu ditu segurtasunarekin eta bermeekin bozkatzera, Euskadi krisitik nork atera behar duen erabakitzeko

Ezustekoz eta energiaz beteta egin den kanpaina amaierako ekitaldi hunkigarrian, Leixuri Arrizabalagak, Bakartxo Tejeriak eta Andoni Ortuzarrek aho batez egin dute hauteskundeetan parte hartzeko deia: “Igandean jokoan egongo da Euskadiren etorkizuna”
10 Uztaila | EBB

“Igandean irtengo da etorkizunerako trena. Behin baino ez da gertatzen. Ezin dugu galdu. Gure trena da. Erabaki segurua da parte hartzea. Erabaki segurua da bozkatzea. Erabaki segurua…. Euskadi da. Igandean, erabaki segurua da Euzko Alderdi Jeltzalea. Erabaki egingo dugu Euskadiren etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun. Etorkizuna nork lideratzea nahi dugun. Boto bakoitzarekin, krisi honetatik ateratzeko lana lideratzeko gehiengoa eraiki dezagun. Ziurtasuna, segurtasuna, konfiantza emango duenaren alde bozkatzea eskatzen dut. Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoa eskatzen dut” Euskal hiritargo osoari zuzendutako mezu horrekin itxi du Iñigo Urkulluk uztailaren 12ko Euskal Hauteskundeetarako kanpainako azken diskurtsoa. Igandean parte hartzeko deia izan da, Euskadiren etorkizuna delako jokoan dagoena, eta konfiantza izateko deia ere, guztiz bermatuta daudelako botoa emateko eskubidea baliatu nahi duten pertsona guztien segurtasuna eta osasuna. Ehunka alderdikide eta alderdizale batu dira gaur Bilboko Areatzan talde jeltzaleak kanpainari amaiera emateko egin ohi duen mitinean, hautagai jeltzaleei beren babesa eta bultzada emateko. Gaurko ekitaldian Lehendakariarekin batu dira eta harekin batera parte hartzeko deia egin dute Leixuri Arrizabalagak eta Bakartxo Tejeriak, hurrenez hurren Bizkaia, eta Gipuzkoako zerrendaburuek eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. Jeltzaleen buruak ekitaldi hunkigarri eta ezustekoz betea itxi du. Bi une izan dira bereziki hunkigarriak: jeltzaleek kanpainarako egin duten bideoan agertzen diren bost pertsona eszenatokian agertu direnean eta zuzenean `Gogoa non dugu´ abestia interpretatu dutenean; eta Ortuzarrek Gautegiz-Arteagako batzokiko bi ordezkariei itzuli dienean Ejertzito frankistak 1937ko apirilean Bizkaiko herri hori bonbaz josi ondoren konfiskatu zuen ikurrina. Ikurrina hori 87 urte geroago berreskuratu ahal izan da EAJ-PNVren esfortzu eta kemenari esker.

Lehendakari eta berrautaketara aurkezten den hautagai jeltzaleak Euskadiko hiritargoarekin partekatu nahi izan du aurrera egiteko kemena eta motibazioa ematen dizkion “konpromiso etiko eta pertsonala”: “hitz egitea eta akordioa bilatzea; ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea;kohesioa, berdintasuna eta justizia soziala bermatzea; Autogobernu handiagoa eta hobea lortzea”. Urkulluk era berean gogoratu du hiru asteren buruan EAJ-PNVk 125 urte beteko dituela. Sortu zenetik 125 urte geroago jarraitzen du “belaunaldi ezberdinentzat erreferentzia izaten, Euskadin eta Euskaditik kanpo, bere baitan daramatzalako erakargarri eta probetxugarri egiten duten baloreak eta proposamenak. `Euzkotarren aberria Euskadi da´ printzipioa; baloreak, humanismoa eta elkartasuna; eta proposamenak , herrigintza kulturala, gizartegintza eta aberrigintza”. Arabako zerrendaburuak hiru mezu bidali nahi izan ditu amaitzeko: “lehena: ezagutu dugun krisirik larrienaren eta konplexuenaren aurrean gaude,osasun aldetik, ekonomia aldetik eta gizarte aldetik. Igandean egoerari erantzun behar diogu, parte hartu beharra dago, bozkatu beharra dago Euskadi egoera honetatik irten dadin. Bigarrena: lehentasuna da krisitik ateratzea, eta indartsuago irtetea. Euzko Alderdi Jeltzaleak eredu bat eskaintzen du ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko, gizarte kohesioa bermatzeko eta inor atzean ez uzteko, gure Autogobernua indartzeko eta Nazio gisa aurrera egiteko jauzia emateko. Eta hirugarrena: Euskadik Jaurlaritza indartsua, egonkorra eta eraginkorra behar du, pertsonei begirunea erakutsiko diena eta zerbitzu publikoak bermatuko dituena, pertsonei eta familiei segurtasuna emango diena, eragile ekonomiko eta sozialei konfiantza eskainiko diena; lankidetza irekia, Euskadin, Madrilen eta Europan akordioak adosteko gai izango dena. Eta Euzko Alderdi Jeltzaleak eskaintzen ditu begirunea, segurtasuna eta konfiantza”.

Ortuzarrek bere diskurtsoaren zati handia dedikatu du EAJ-PNVren hauteskunde kanpainan parte hartu duten pertsonei publikoki bere esker ona adierazteko, bere alderdiak ilusioa pizten jarraitzen duela nabarmenduz. “Batzuek esaten dute kanpaina honetan ez dela emoziorik egon. Emozio deitzen badute elkarren kontra aritzea, halako emozio gutxi aurkituko dute EAJrengan. Baina, benetako emozioaz ari badira, pasioaz, Herri batek eta ideia batzuek eragiten sentimenduez ari badira, horietakoak erruz ditugu guk. Emozio berbera, pasio berbera, sentimendu berbera jarriko dugu datorren astelehenetik aurrera Euskadi krisitik ateratzeko lanean”. “Baina, astelehenera iritsi ahal izateko, igandetik pasatu beharra dago. Batzuek nolabaiteko beldurra edo kezka izan dezakete bozkatzera joateko orduan. Beste batzuek, arduragabeki, porrota baino lehenago abstentzioa nahiago dutelako, ingurukoak beldurrarazten ari dira. Ez ezazue beldurrik izan. Bozkatzea segurua izango da. Ni joan egingo naiz. Nik, Lehendakariak, gure hautagai guztiek.......familia daukate,familia daukagu. Seme-alabak ditugu, gurasoak, neba-arreba nagusiak. Jakina ez dugula nahi ezer txarrik pasatzerik, eta jakina joango direla botoa ematera. Horretara animatu nahi zaituztet guztiok, Euskadi osasuntsu, seguru,oparo eta askeraren alde bozkatzera”, gaineratu du Ortuzarrek. Halaber jeltzaleen buruak Lehendakarigai jeltzalearen abizenaren hizkiekin hitz jokoa egin baino lehen. “ Zazpi hitz daude datorrenari aurre egiteko orduan daukagun jarrera azaltzen dutenak: Umiltasuna, Realismo, Kemena, Unidad, Lana, Lealtad eta Uzta: U-R-K-U-L-L-U. Gure Lehendakariak kontzeptu horiek guztiak eta beste hainbat bateratzen ditu. Urte hauetan guztietan erakutsi digu: lan nekaezina, seriotasuna, erantzukizuna, Herri honenganako maitasuna. Kanpainan erakutsi du. Irain bakar bat ere ez: proposamenak, planak, neurriak, konpromisoak. Urkullu da herri honek merezi duen Lehendakaria, Euskadi zutik jartzeko behar den Lehendakaria”, amaitu du Ortuzarrek.

Hitzaldian, “pandemiak bakoitza bere lekuan jartzeko balio izan duela” azaldu du Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak. Alde horretatik, “argi daukat non eta norekin egon den Eusko Alderdi Jeltzalea”, esan du Tejeriak, “herriarekin!”, azpimarratu du, “beti bezala, diktaduran eta trantsizioan izan zen bezala, edo uholdeetan eta krisi ekonomikoetan”. Bakartxo Tejeriak ohartarazi duenez, “ziurrenik, arrazoi horrexegatik aukeratu gaituzte euskaldunek herri honen buru izateko, 40 urte baino gehiagotan”. “Izan ere, lider izateak, EAJrentzat, herri hau ezagutzea, errespetatzea eta maitatzea esan nahi du; eta ezagutza, errespetu eta maitasun horretatik abiatuta, hemen bizi diren pertsonen nahiak eta beharrak identifikatu eta erantzuteko gai izatea”, adierazi du Gipuzkoako zerrendaburu jeltzaleak. “Eta hori egiten jarraituko dugu: Euskadi zutik jartzeko programa sendoa dugu eta, beste ezeren gainetik, herri-proiektua dugu, bere buruaren eta etorkizunaren jabe den Euskadi lortzeko”, gaineratu du. “Horretarako sortu baitzen Euzko Alderdi Jeltzalea”, erantsi du, “gure aurrekoei eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu”.

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendaburua izan da gaurko ekitaldia hasteko hitzek esan dituena, eta ezer baino lehenago esan du EAJ-PNVk herri honen lidergoa bere ardurapean badauka, Euskadik etorkizuna izango duela. “Orain dagokigu aurrera begiratzea, indarrarekin altxatzea, etorkizuna hasteko unea da. Gauzak ondo eginez, indarrarekin, ilusioarekin eta pasioarekin”. Arrizabalagak euskal hiritargoari gogoratu du igandean Euskadiren etorkizuna erabakiko dela. “Etxetik irten eta bozkatzera joan behar dugu. Erabakia hartu behar da: noren esku jarriko dugu gure herriaren etorkizuna?”. Arrizabalagak berak eman du erantzuna: “Lider onenaren eta Lehendakari onenaren esku: Iñigo Urkulluren esku!”

PARTEKATU