Euskal kulturaren izaera indartu eta Estatutik finantziazio gehiago erakartzearen aldeko apustua egiten du EAJ-PNV

Joseba Agirretxea: “Azken urteetan gure alderdia izan da, aurrekontuetako paktuen bitartez, finantziazio ekonomiko gehien lortu duena Zinemaldirako, Musika Hamabostaldirako, Euskaltzaindirako edo Eusko Ikaskuntzarentzako”
Euskal kulturaren izaera indartu eta Estatutik finantziazio gehiago erakartzearen aldeko apustua egiten du EAJ-PNV
07 Azaroa | Gipuzkoa

“Kultura herri baten arima da eta Euskadik bere kultura propioa dauka, Eusko Alderdi Jeltzaleak han eta hemen defendatuko duena”. EAJ-PNVko Kongresurako hautagai Joseba Agirretxeak adierazi duenez, “Euskadik eta Gipuzkoak, Donostia buru duela, duten nortasun kulturalean sakontzerako orduan erreferente diren  hemengo kultur erakundeentzat dirua eta baliabideak lortzerakoan alderdi jeltzaleak lan asko egin du”. Agirretxeak Donostiako Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza jarri ditu adibide gisa, guztiak ere onuradun suertatu dira EAJ-PNVk lorturiko aurrekontuetako akordioen ondorioz. “Hirian, eta lurralde osoan, mota honetako kultur adibideak duten garrantziaz ohartzen gara, horregatik Estatutik finantziazio gehiago erakartzeko lanean jarraituko dugu EAJ-PNVtik, ahal dugun leku guztietan eraginez”.

“Garrantzitsua da mota honetako apustu kulturalak indartzea, ekitaldi hauek hiriaz haratago doazelako eta Euskadiko eskaintza kulturala bultzatzen duten eragile anitzen inplikazioa eskatzen dutelako”, esan du Gipuzkoako EAJ-PNVren zerrendaburuak. Donostiako Tabakaleran egin ditu adierazpen hauek Joseba Agirretxea hautagaiak. Donostiako alkate Eneko Goia, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Donostiako Kultura zinegotzi Jon Insausti eta Senaturako hautagai Maribel Vaquero izan ditu, besteak beste, alboan bisita horretan.

Agirretxearen esanetan, “Euskadi Europako lurralde kulturalen ligan mantentzeko” garrantzitsuak dira ekimen eta kultura jaialdi handiak, baina helburu horretan ere pisua du eskaintza eta zerbitzu kulturalak hobetzea. “Espainiako Gobernuak eragin zuzena du horretan”, esan du. Adibide gisa, Agirretxeak aipamen berezia egin dio Gobernu Zibilak Donostiako Pio XIIn, Amarako auzoan, duen eraikinari. “Ez da lehen aldia EAJ-PNVk Madrilen eraikin hau, auzoa dinamizatzeko elementu garrantzitsua dena, euskal erakundeen esku geratzea exijitu eta eskatu duena”. Hautagai jeltzalearen arabera, eraikina Kultur Etxe bihurtu daiteke “auzotarrek eskatzen duten bezala”. “Agerian gelditu da Euskadi, Gipuzkoa eta Donostiako izaera eta ekosistema kulturala indartzeak zer nolako potentziala duen garapen ekonomiko eta sozial handiagoa lortzeko”, laburbildu du Agirretxeak.

PARTEKATU