Irakaslearen figura baloratu eta prestigiatzea eskatu dio Cristina Uriartek gizarteari

Irakaslearen lanari aitortza egiteko jardunaldian parte hartu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak
Irakaslearen figura baloratu eta prestigiatzea eskatu dio Cristina Uriartek gizarteari
23 Urtarrila | Eusko Jaurlaritza

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordearekin batera, irekiera eman dio gaur goizean Donostian “Haur Hezkuntza. Bizitzako oinarrien bidaideak” goiburuarekin Hezkuntza Sailak antolatu duen jardunaldiari. Jardunaldi honekin, Haur Hezkuntzan lanean diharduten edo aritu izan diren maisu-maistrei esker oneko aitortza egin nahi izan die Hezkuntza Sailak, haurren formazioan eta garapenean garrantzi bizikoa den Hezkuntza etapa honetan egiten duten lanagatik. Horrela bada, ekitaldian zehar Uriarte sailburuak diplomak banatu dizkie joan den 2018-2019 ikasturtean erretiroa hartu duten Haur Hezkuntzako hezitzaileri. Era berean, Musikeneko auditorioan “Zuei esker” izeneko bideoa ere proiektatu da, hezkuntza komunitateak (familiek, eskolek, administrazioak, lankideek..) hezitzaile hauekiko adierazi nahi duen esker onaren erakusle.

Hezkuntza arloko 150 profesionaletik gora batu ditu jardunaldiak Musikenen, izan irakasle, aditu, Berritzeguneetako aholkulari edo ikastetxeetako zuzendaritza taldeetako kideak, Haur Hezkuntzaren inguruan hausnarketak zein esperientziak elkarrekin partekatzeko.

Irakasleen bokazioa

Sarrera hitzaldian, Uriarte sailburuak irakasleen lanak oro har, baina Haur Hezkuntzan ari direnenak duen garrantzia eta erantzukizuna azpimarratu ditu, eta gizarteak irakaslearen figura, hauek merezi bezala baloratzeko desioa azaldu du. “Lan gutxi izango dira gizarte batentzat zuena bezain garrantzitsuak. Familiek haien seme-alabak zuen esku uzten dituzte, oinarri-oinarritik heldutasunera iritsi arteko bidaia luze bezain sentsible horretan. Eta horixe da, zuen erantzukizunak duen neurria. Jakitun zarete, jakitun gara, zuen lanaren garrantziaz. Eta gizarteak nahiz eta jakin hori horrela dela, ez du zuen lana behar bezala aitortzen. Irakaslearen irudia goraipatu behar dugu. Zuek zuen lana eginez eta guk, administrazioak, behin eta berriz horretan azpimarra jarriz”, baieztatu du.

Hezkuntza, gizartea bera bezalaxe, mundu globalizatu honetan bizi izaten ari den aldaketez aritu da jarraian Hezkuntza sailburua, aldaketa metodologikoez, baina baita ikasleen jatorrian gertatzen ari direnez ere. Testuinguru honetan, hezkuntzako profesionalen formazioa eta –bereziki- bokazioa goraipatu ditu Uriartek. “Gure ikasleak jatorri anitzekoak dira gaur egun. Gure ikastetxeak, gizartea bezala, aberastu egiten dira beste kultura eta ohiturei tartea eginez. Baina errealitate aldaketa horrek hezitzaileen dinamismoa behar du. Egoera konplexuak kudeatzen dituzue, etengabeko aldaketa bizi duen hezkuntza sistemak, batez ere aldaketa metodologikoak, etengabeko egokitzapena eskatzen digu guztioi. Egunero, ikastetxean sartzen zaretenean, mundua deskubritzen ari diren umeak dituzue zain. Dena da berria haientzat, denak deitzen die arreta, dena sentitu nahi dute, ukitu, usaindu… Ikasteko nahia dute, beharra. Eta zuek zarete haien helduleku. Badakit zuentzako lan bat baino gehiago dela. Irakaskuntzan aritzeko bokazioa sentitzea oso garrantzitsua da, baina haur hezkuntzan garrantzitsua barik, beharrekoa deritzot. Eta seguru nago horrela sentitzen duzuela zuek ere”, gehitu du.

Uriartek aurreratu du, Hezkuntza Sailaren asmoa dela datozen urteetan ere gisa honetako aitortza-jardunaldiak antolatzen jarraitzea, hezkuntza sistema osatzen duten gainerako etapetako irakasleen lanean azpimarra jarriz.

Hausnarketa eta esperientziak partekatzea

Gaur goizez Donostian burutu den jardunaldian, dena den, aitortza eta eskerrak emateaz gain, hausnarketarako eta esperientziak partekatzeko aukerarik ere izan da, horretarako beren-beregi antolaturiko mahai inguruetan. Mahai inguruetan lehenak, “Haur Hezkuntza, bizitzako oinarriak ehuntzen” lelopean burutu denak, bost ikastetxe publikotako ordezkariak elkartu ditu, guztiak ere Hezkuntza Sailak bultzatuta “Haur Hezkuntzako Berariazko Egitasmo Esperimentala” izenarekin garatzen ari den esperientzian parte hartzen ari direnak.

Aipaturiko egitasmo honetan, ikastetxe bakoitzak berak aukeraturiko metodologiaren bidez egiten badu ere bidea, denek dute premisa berbera oinarrian: haurra subjektu aktiboa denez, jaiotzatik beraien autonomia eta mugimendua ahalbidetuko dituzten esku-hartzeak eskainiko dituztela ikastetxe guztiek. Horrela bada, eskolan propio sortu dituzten espazioak hezitzaile bat gehiago bailiran ulertzen dira. Ekosistema deitzen zaie propio prestatutako espazio hezitzaile horiei (arte espazioa, jolas sinbolikoei eskainitakoa, eraikuntza, zientzia, edo matematika espazioak…). Lengoaia ezberdinak eskura jarri eta haur bakoitza autonomoki espazio horietan mugitzen da arakatuz, esploratuz, manipulatuz, esperimentatuz…. “Mugimendu autonomoa” deitzen diote honi.

Irungo Toki Alai, Gasteizko Mariturri, Tolosako Samaniego, Azpeitiko Karmelo Etxegarai eta Otxandioko eskolako ordezkariak aritu dira mahai inguruan, nor bere esperientzia besteekin partekatuz: nola egin duten egitasmoak eskatzen duen begirada aldaketa, zer ikasi duten, nola ulertzen duten umearen autonomia… Haur Hezkuntzako gela horietan gertatzen ari den aldaketaren nondik-norakoez aritu dira, finean.

“Zure bizitzaren bidea” izenburuarekin burutu den bigarren mahai inguruan beste bost ikastetxetako kideak aritu dira, baina ikastetxearen ordezkaritzan aritu beharrean, nork bere esperientzia azaldu du, eta bertaratutakoekin partekatu: zergatik hautatu zuten Haur Hezkuntza; zerk betetzen dituen gehien lanbide honetan; zein ibilbide egin duten hezkuntzan; zer den beraientzat aurrean duten haurra; zein beldur edo kezka izan dituzten ibilbide profesionalean; nola aldatu den Haur Hezkuntza urteekin… edo sekula ahaztuko ez duten pasarte edo une goxo hori. Horrelako gaiak plazaratu eta partekatu dituzte mahai inguru honetako parte hartzaileek, ikuspuntu askoz pertsonalagotik.

Ekitaldiari amaiera emateko, 2018-2019 ikasturtean erretiroa hartu zuten Haur Hezkuntzako maisu-maistrei, hezkuntzan egin duten lana eta ibilbide luzea eskertzeko, diplomak banatu dizkie Uriarte sailburuak.

Iturria: Irekia

PARTEKATU