Andoni Ortuzarri harrera egin dio Daniel Salaverry Peruko Kongresuko presidenteak

EBBko presidentea Limako Euskal Etxeko arduradunekin batzartu da eta 500 lagunen aurrean egin den mahai-inguru batean parte hartu du Peru eta Txilera egin duen bidaia ofizialaren lehen egunean
Andoni Ortuzarri harrera egin dio Daniel Salaverry Peruko Kongresuko presidenteak
19 Urtarrila | Berria

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta Europako Alderdi Demokratako presidenteorde Andoni Ortuzarri harrera egin zioten atzo, Liman, Daniel Salaverry Peruko Kongresuko presidenteak eta Ganberan ordezkaritza duten alderdietako bozeramaileek, EBBko buruak Perú eta Txilera egin duen bidaia ofizialaren lehen egunean. Eguerdi aldean, jeltzaleen burua eta EBBko Nazioarte Gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako Raúl Noblecilla Limako Euskal Etxeko presidentearekin eta erakunde hartako zuzendaritza batzordeko hainbat kiderekin batzartu ziren. Arratsaldean, Ortuzar Limako Japoniar Kultur Etxera joan zen, 500 lagun batu zituen mahai inguruan parte hartzera, besteak beste Alfredo Barnechearekin, Acción Popular alderdiko presidente eta azken hauteskunde presidentzialetan Peruko presidentetzarako hautagaiarekin. Ortuzar Cuscora bidaiatuko da gaur, eta bertan harrera egingo dio Víctor Boluarte alkateak, eta hiriko ‘bisitari berezia’ izendatuko du agintari jeltzalea.

Limako Jorge Chávez nazioarteko aireportuan lurra hartu bezain laster, Ortuzar Peruko Kongresura joan zen Barnechearekin. Peruko subiranotasun nazionaleko egoitzan, jeltzaleen buruak Daniel Salaverry euskal jatorriko ordezkariarekin eta Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoetako bozeramaileekin batzartu zen, hauen artean Juan Sheput (PPK), Armando Villanueva (AP), Richard Acuña (APP), Rolando Reategui (independentea) eta Jorge del Castillo (Apra). “Euskadi, Espainia eta Europako politikaren nondik norakoak aztertu ditugu, alde batetik, eta Peruko eta Amerikako politikaren gora-beherak, bestetik. Eta elkarlanerako aurkezten zaizkigun aukerak aztertu ditugu. Euskadiko esperientziak interes handia sortzen du Perun,une honetan, deszentralizazio prozesu batean murgilduta dagoelako eta prozesu horren bidez are botere eta influentzia handiagoa emango zaielako udalei eta probintziei. Horregatik, Euskadin arrakasta lortu duen guztiak interes handia sortzen du inguru honetan”, azaldu du Ortuzarrek. Topaketan, ordezkari jeltzaleei azaldu dizkiete Perun, 2021ean, Independentzia Aktaren bigarren mendeurrena beteko dela gogoratzeko antolatzen ari diren ospakizunak.

Eguerdian, Ortuzar eta Burzako Limako Euskal Etxera joan dira eta bertan hitz egin ahal izan dute Raúl Noblecilla elkarteko presidentearekin eta bere Zuzendaritza Batzordeko hainbat kiderekin. Arratsalde aldean, jeltzaleen burua Limako Japoniar Kultur Etxera joan da eta aretoa bete egin da Ortuzarrek Barnechearekin eskaini duen hitzaldia entzuteko. Bien arteko hizketaldian, agintari biek aztertu dituzte gaur egungo politikak planteatzen dituen erronkak, eta beharrezko jo dute kudeaketa publikoan pertsonarik onenak eta gazteak inplikatzea. EBBko presidenteak, halaber, euskal gizartearekiko hurbiltasuna eta elkarrizketa nabarmendu ditu EAJ-PNVk bere 124 urteetan izan duen arrakastaren gako nagusi diren aldetik. Barnecheak azken urteotan biziberritu du Acción Popular alderdia, 60 urteko ibilbidea egin duen zentroko alderdia eta azken hauteskundeetan (erregio eta udal mailan) herritarren babesik handiena lortu duena.

Cusco izango da Ortuzar Peru eta Txilera eraman duen bidaia ofizialaren bigarren eskala. Gaurko bisitak helburu bikoitza dauka: EAJ-PNVk nazio bi hauekin dituen harreman politiko, ekonomiko sozial eta pertsonalak eguneratzea, finkatzea eta sendotzea ; eta Europa eta Hegoamerikaren arteko zubi-lana egitea, Ortuzarri eta zuzentzen duen alderdiari EAD-PDEk ezarri dien mandatua betetzeko.

Argazki oinak:

  1. Argazkia: Antoni Ortuzar Juan Sheput (PPK), Armando Villanueva (AP), Daniel Salaverry (Kongresuko presidentea), Richard Acuña (APP), Rolando Reategui (Independentea) eta Jorge del Castillo (Apra) kongresukideekin.
  2. Argazkia: Ortuzar eta Salaverry, erdian, kongresukide bati entzuten.
  3. Argazkia: Andoni Ortuzar eta Alfredo Barnechea, mahai-inguruan.
  4. Argazkia: Areto vetea Limako Japoniar Kultur Etxean.
PARTEKATU