"Ezker abertzalearen oposizio politiko-sindikala ez da momentuak eskatzen duen mailan egon", salatu du Joseba Egibarrek

"Pandemia erabili dute EAJren hauteskundeak suntsitzeko, guztion ongizatea defendatzeko printzipioa sakrifikatuz", gaineratu du
29 Ekaina | Berria

Joseba Egibar GBBko presidenteak, hautagaiekin eta erakundeetako arduradunekin egindako bilera batean, herrialdeko eragile politiko eta sindikalek pandemiaren lehen hilabeteetan izan dituzten jarreren inguruko hausnarketa egin du. Azpimarratu du: "Birusak bakoitza bere lekuan jarri du: bakoitzak jokatu nahi izan duen tokia eta papera".

Bizi izan dugun krisi egoeraren aurrean, "jarrera eraikitzailea edo suntsitzailea" aukeratu daitekeela esan ostean, "batzuek azken horren alde egin dute, min egiteko", salatu du. "Hor kokatu da herri honen estrategia politiko-sindikala", zehaztu du.

"Ezker abertzalearen oposizio politiko-sindikala ez da egon momentuak eskatzen zuen eta eskatzen duen mailan -ezta gutxiago ere-; desioak errealitatearekin nahastu dituzte eta birusa, pandemia, erabili dute EAJ hauteskundeetan suntsitzeko elementu gisa", azaldu du. "EAJ ez dela boto kolpez lekualdatuko ondorioztatu dute, eta pandemiak eramango ote duen ikusi dute", gaineratu du.

Ildo horretan, estrategia suntsitzaile horren alde egin dutenez, eragile sindikal eta politiko horiek "politikaren printzipio gidaria ahaztu eta sakrifikatu dute: interes kolektiboa, guztion ongizatea, babestu eta defendatu". "Estrategia okerra ezarri dute, eta herritarrek botarekin erakutsiko dute", gaineratu du.

Guztien ongizatearen aurkako jarrera horren aurrean, hautagai jeltzaleak azken hilabeteetan euskal erakundeek erakutsi duten pandemiari aurre egiteko gaitasuna azpimarratu du. Osakidetzaren sendotasuna eta aldundiek emandako erantzun soziosanitarioa azpimarratu ditu.

Egibarrek berretsi egin du jeltzaleen konpromisoa, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta, "zutik jartzeko", EAJren kanpainaren leloak dioen bezala. Lelo horrek, azaldu duenez, "pertsonak zaintzea, ekonomia eta enplegua suspertzea, natura eta ingurumena zaintzea, indarra batzea eta aurrera jarraitzeko zutik jartzea" esan nahi du.

PARTEKATU