Aitor Esteban: “Espaniako gobernuak hanka sartuko du gure botoak lortutzat jotzen baditu”

ETB1i eskainitako elkarrizketa batean, jeltzaleen bozeramaileak Sánchezi eskatu dio “arintasuna eta pendiente dauden konpromisoak eta akordioak” betetzeko benetako borondatea, eta berretsi duenez “gaur egun ez dugu baztertzen osoko zuzenketa aurkeztea”
17 Urtarrila | Kongresua

Aitor Estebanek, EAJren legebiltzar taldeko bozeramaileak, gaur baieztatu du EAJ-PNV “jabetzen dela Estatuan gaur egun zer nolako politika bizi den”, “jakin badakigu hauteskundeak egin ondoren eskuineko talde indartsu batek boterea beregana lezakeela”, baina gaineratu duenez “Espainiako gobernuak hanka sartuko du horregatik soilik babesa emango diogula uste badu, eta kontrakoa eragin lezake”.

ETB1ean egin dioten elkarrizketan, jeltzaleen bozeramaileak salatu du EAJ-PNVrekin hitzemandako konpromiso eta akordioetan hainbat atzerapen ematen ari direla eta Sánchezen Gobernuari eskatu dio “jarrera aldaketa, arintasuna eta konpromisoak eta akordioak betetzeko benetako borondatea”. “Gobernuak ez dezala pentsatu gurekin dena lortuta daukatela. Akordioak betetze ez badira, ez dauka zentzurik Gobernu honi babesa ematen jarraitzeak. Zer arrazoi ditugu Gobernu honi eusteko, eskuindarrekoak etorriko direla? Gobernuak kideak behar ditu eta zaindu behar ditu. Ikusiko dugu hurrengo asteotan jarrera aldaketarik ematen den, baina gaur egun, ez dut baztertzen osoko zuzenketa bat aurkeztea”

Hain zuzen ere, Estebanek gogora ekarri du azken egunotan Abiadura Handiko Trena Euskadira iristearen inguruan sortu den eztabaida. Proiektu hau aurreko Gobernuarekin adostu zen eta Sánchezek berak esan zuen errespetatuko zuela. Jeltzaleen bozeramaileak baieztatu du arazoa ez direla aurreikusitako inbertsioak, “ez da diru kontua,baizik eta jarduera hauei zer nolako arintasunarekin eta erantzukizunarekin ekiten zaien. Guk eskatzen duguna da jarrera aldatzea; oraindik garaiz gaude 2023an Euskal Y trenbidea amaitzeko jarri zen epe horretara iristeko, eta horretarako eskatzen ditugu borondatea eta erantzukizuna”

Zentzu berean hitz egin du pendiente dauden transferentzien inguruan. Jeltzalen bozeramaileak nabarmendu duenez “ez litzateke horren zaila izan behar proposamen bat egitea eta transferentziak betetzeko egutegia bidaltzea”, eta baikor agertu da hurrengo asteotan eman daitezkeen aurrerapausoen inguruan. “Hor ere ikusten da Espainiako Gobernuaren borondate politikoa, eta uste dut egutegi hori laster izango dugula”, esan du.

Amaitzeko eta Kataluniako politikariak espetxeratuta izatea “zentzugabekeria” dela azpimarratu ondoren, baieztatu du ez dakiela alderdi hauek Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruan zer nolako jarrera izango duten eta, edozein kasutan, esan du Andaluziako hauteskundeetan gertatutakoak bai eragin duela Pedro Sánchezek hauteskundeak aurreratzeko erabakia baztertzea, baina ohartarazi du udazkenean hauteskundeak egin litezkeela Aurrekontuek aurrera egin ezean.

 

PARTEKATU