Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak 30 urte

Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak 30 urte
25
Uztaila
2012
Hitzaldia

 

 Hogeita hamar urte betetzen ditu Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak.

Gure gizarteak asko zor dio lege honi, lege honek mesede handia egin baitio Herri honen bizikidetzari.

Mendez mende, etengabe, atzeraka zihoan euskara. Azken hiru hamarkadotan, ordea, norabidea aldatu eta hazi egin da: aurrera egin du nabarmen. Legea bera izan da aldaketa horretarako atea ireki, bidea markatu eta aukera eman duena.

Euskararen Legea gogora ekartze hutsarekin burura datozkit segidan hainbat printzipio eta balore. Gure Herriaren aurrerabiderako ezinbestekoak: bizikidetza, berdintasuna, elebitasuna —elebitasun orekatu eta berdinkidea—, herritarren hizkuntza-eskubideak eta  askatasuna, kohesio soziala, adostasuna.

Euskararen Legearen sinonimoak dira horiek guztiak. Eta antonimoak, berriz, hegemonismoa, hizkuntzakomun bakarra, elebakartasunaren eredu soziala, elebitasun ez berdinkidea, bazterketa eta inposizioa.

Ekitaldi honetan, gure gizartearen aurrean, eskerrak eman nahi dizkiet Euskararen Legea egin zutenei.

Korapiloz beteriko momentuan adostu zuten legea: 1982. urtean. Urte hartan Begoñako Andra Mari Magisteritza Eskolan Euskal Filologian aritzeaz gain, gau-eskolan ari nintzen irakasle.

Urte gogorra. Gure Herriak bizkar gainean zeramatzan terrorismoaren zartada eta langabeziaren zama. Haiek gainditzea zen lehentasun nagusia, gaur egun krisi ekonomiko latzari aurre egitea den antzera.

Baina orduko Jaurlaritza, Euzko Alderdi Jeltzalearen Gobernua Garaikoetxea Lehendakaria buru zuela, oposizioa, alderdi politikoak, denak jabetu ziren euskararen garrantziaz. Bizikidetza linguistikoaren auzia zuzen eta egoki bideratzeak Euskadi eraikitzeko zeukan lehentasunaz jabetu ziren.

Pedro Miguel Etxenike izan zen lege-proiektua Legebiltzarrean aurkeztu zuena. Bera izan zen adostasuna lortzeko sukalde lanak bultzatu eta zuzendu zituena. Horrexegatik, nolabait esateko, berak ordezkatzen ditu obra handi hura aurrera atera zuten askotariko sukaldariak. Denek, Gobernuak ez ezik Legebiltzarreko oposizioko alderdiek (EE, PSE, UCD, EPK), denek, A.P. salbu, erantzukizun handiz jardun zuten. Guztientzat gure esker ona.

Bizikidetzarako zutabe sendoa eraiki zenuten. Bide eraginkor bat ireki.

Erakutsi zenuten adostasun zabalarena dela Herri baten zutabe nagusiak eraikitzeko biderik eraginkorrena. Eskerrik asko, bihotzez.

Gogoetarako ezin aproposagoak dira Mitxelenak, Euskararen Legea onartu baino lehenago, idatzi zituen hitzok: “Así como nuestro pueblo necesita encontrar un lugar entre los pueblos, así también nuestra lengua tiene que encontrar un lugar entre las lenguas: un lugar suficiente, que asegure su continuidad y desarrollo sin aventuras maximalistas. (…) No debemos caer en el infierno del gheto por huir del purgatorio de la diglosia. La integración nos es tan necesaria en el aspecto lingüístico como en cualquier otro”.

Euskararen Legeak bete-betean erantzuten dio Mitxelenaren proposamenari. “Handikeriazko menturarik gabe” jarduteko eskatzen zuen Mitxelenak: izan ere, “dena ala ezer ez” dilemak gehienetan “ezer ez” dakar.

Batzuentzat, dena da gutxiegi, dena da burua makurtzea.

Beste batzuentzat, berriz, dena izan ohi da gehiegi eta inposizio.

Garrantzitsua da oreka aurkitzea. Eta nago Euskararen Legeak aurkitu zuela.

Oreka eragilea, sustatzailea eta integratzailea.

Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur egungo euskararen egoerak eta duela 30 urtekoak zerikusi gutxi daukate, zorionez.

Gora egin du, etenik gabe, euskararen ezagutzak.

Gero eta herritar gehiagok erabiltzen du euskara.

Gero eta gutxiago dira gaztelania hutsean aritzen direnak.

Zerbitzu publikoetan, Administrazioan, hezkuntzan, unibertsitatean, hedabideetan… nabarmen irabazi du presentzia gure hizkuntzak.

Aldaketa hau ez da berez gertatu.

Hizkuntzen hedapen soziala ez da berez gertatzen den zerbait.

Hiru dira hizkuntza baten biziberritzea eragiten dutenak:

Lehena, lege estatusa edo babesa;

Bigarrena, hizkuntza politika aktiboa eta berorren baliabideak;

Eta hirugarrena, herritarren hizkuntzarekiko atxikimendua eta leialtasuna.

Herritarren atxikimendua da faktore horietan erabakigarriena, ezin baita herritarren gogoaren kontra aurrera egin.

Baina gogoa eta borondatea ere ez dira aski. Hizkuntza politika aktiboa behar da: erabiltzeko gogoa pizteko eta aukerak sortzeko; erabilera bermatzeko eta sustatzeko.

Horrelakoa izan da, hain zuzen, Euskadiko herri-aginteek bultzatu duten hizkuntza politika.

Horrekin batera, beharrezkoa da, jakina, euskalgintza instituzionalaren eta euskalgintza sozialaren elkarlana, beharrezkoa da euskararen iraupena eta hazkundea segurtatzeko behar adinako lege estatusa. Hori da, hain zuzen, Euskararen Legeak eman diguna.

Faktore horiek sendo uztartu direneaneuskara indartsu hedatu da. Uztardura ahula izan denean —Nafarroan bezala—, oso apal, apalegi, eutsi zaio euskarari. Eta uztardurarik izan ez denean  —Iparraldeko kasuan—, atzerantz egin du euskarak.

Kezkaz beterik ikusten dut euskararen egoera Nafarroan eta Iparraldean. Bai lege estatusari dagokionean, bai herri-aginteen praktika politikoari dagokionean.

Duela 30 urte Herri honek, “dena ala ezer ez” horren bidea aukeratu izan balu, autogobernua deslegitimatuz eta independentziaren zain geratuz, euskararen bizi-indarra askoz makalagoa izango litzateke Euskal Autonomi Erkidegoan. Eta hurbilago —hurbilegi— legoke Nafarroako bilakaeratik. Zorionez, beste bat izan zen Euskararen Legearen eskutik ireki genuen bidea!

Euskararen Legea lege huts bat baino askoz gehiago da.

Gure Herriaren eraikuntzarako Hitzarmen politiko eta sozial nagusietako bat da.

Bizikidetza-eredu bat islatzen du.

Gogora ditzagun eredu horren lerro nagusiak:

  • Gizarte bakar bat eraikitzea da helburua; hizkuntza kontuetan ere plurala, elebiduna, integratua izango dena. Baina gizarte bakarra.
  • Ezinbestekoa da herritar guztiei hizkuntza-eskubide berak aitortzea, elebakarren eskubideak elebidunen eskubideen gainetik jarri gabe.
  • Herri-aginteei dagokie, herritarrei aitorturiko eskubide horiek praktikan bermatzeko neurriak hartzea.
  • Hizkuntza propio bat dugu, euskara, eta ofizialak bi, euskara eta gaztelania.
  • Herri-aginteek euskararen erabileraren sustatzaile izan behar dute. Eta ez behatzaile huts, laissez faire, laissez passer kaltegarriak nahi lukeen bezala.
  • Elebitasunerako urratsak progresiboki eman behar dira, etenik eta geldialdirik gabe. Irmotasunez baina behar besteko malgutasunez.

Horiek dira Euskararen Legeak islatzen duen bizikidetza-ereduaren ezaugarriak. Arau nagusi batean laburbilduko nituzke nik: inor ez inoren gainetik, aukera-berdintasuna nagusi!

Euskararen auzia, beraz, herritar guztion eginkizun gisa hartu zuen Legeak. Euskara herritar guztion ohiko hizkuntza izatera iristeko bidea ireki zuen. Guztion ondare ez ezik, belaunaldi batzuen buruan guztion hizkuntza izatera iristea, gaztelania bezala.

Adostasunak ahalbideratu zuen Legea.

Adostasuna beharrezkoa da gizarte- eta nazio-eraikuntzaren zutabe nagusiak finkatzeko. Eta euskara da zutabe horietako bat.

Ezin dut argiago esan: zenbat eta handiagoa izan adostasuna, are eta sendoago egingo du aurrera euskararen erabilerak.

Hizkuntza politikak eraginkorra izan behar du, eta ahalik eta kontsentsurik zabalena lortzea da baldintza.

Aurrera egiteko behar dugu kontsentsua, ez berton geratzeko, edo atzera egiteko. Ardanza lehendakariaren agintaldian ere kontsentsuaren bidea urratu zuen hizkuntza politikak, aurrera egiteko, aurrera egiten jarraitzeko.

Euskararen Legea makulu hartuta egin dugun bideak honaino ekarri gaitu, baina etorkizuna ez dago bermaturik.

Gaurko eta ondorengo belaunaldiek egiten dutenaren esku egongo da euskararen eta bizikidetza linguistikoaren etorkizuna.

Aurreko legealdian, 2007tik 2009ra bitartean, Ibarretxe buru zuen Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, Euskararen Legea onartu zenetik, sekula egin den eztabaida  zabalena egin zen: Euskara 21 izenez ezagutu genuen prozesua.

XXI mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak adostu ziren prozesu hartan. Baita lan ildo nagusiak finkatu ere.

Euzko Alderdi Jeltzalea hasieratik konprometitu da, zeharo, Euskara 21 prozesuarekin.

Bultzatzaile izan gara. Geure egin genuen  eta geure egiten jarraitzen dugu.

Bere osotasunean egiten dugu geure.

Bidea, beraz, markatuta dago: Euskara 21 eta Legea.

Makulu lagungarria izaten jarraitzen du Euskararen Legeak.

Legea, ordea, ez da zernahitarako sendabidea. Legerik eta araurik gabe ezin da. Politika publiko sustatzailerik gabe ezin da. Horretan badute zereginik franko herri-aginteek. Herri-aginteei, ez zaie, ez, zer hobeturik falta, azken hiru urte hauen ondoren.

Badugu, bai, zer hobeturik, adibide ugari daude. Bakarra aipatuko dut: kontsumitzaileen hizkuntz eskubideekin gertatutakoa. Egin dutena da egin behar ez denaren eredu. Ez da bidea, hizkuntz eskubideak bermatzerakoan murrizketak egitea. Ez da bidea, horrelako gauza bat adostasun zabalik gabe egitea, inorekin kontsultatu gabe, ez Euskararen Aholku Batzordearekin, ez Euskaltzaindiarekin, inorekin ez.

Kontsentsua predikatu baina ez praktikatu. Ez da hori bidea.

 

Nolanahi ere, legeak eta arauak ez dira ahalguztidunak.

Sendabiderik inon baldin badago, geu gara sendabidea.

Azken hitza, inoiz baino gehiago, gizarte osoaren esku dago, gutariko bakoitzaren esku. Guztion esku.

Egin nahi, egin ahal eta egiten dugunaren esku. 

Ez dut zalantza izpirik ere: aurrera egiten jarraituko dugu, adostasun zabal eta indarberrituan.

Mitxelenaren hitzak jarraituz, “la integración nos es tan necesaria como hace 30 años”.

 

Eskerrik asko.

PARTEKATU