Akordioak enpresa-jarraitutasuna indartuko du, bai eta langileen parte-hartzea eta profesionalak erakartzeko aukera ere, gazte enplegua ere bultzatzen du, zainketak eta gizarte-erreparazioa aintzat hartuz
01Septembrek EAJ-PNVk eta PSE-EEk 2026.urteko Zerga-neurrien Arau Foralen edukien gaineko marko komuna adostu dute enpresa-sustraitzea bultzatzeko, belaunaldien arteko erreleboa ahalbidetzeko, langileen parte hartzea indartzeko, Euskadin profesionalak erakartzeko eta fidelizatzeko, etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzeko eta are mugikortasun jasangarrirako bidea errazteko.
Adostutako neurri horiek hiru lurralde historikoetan aplikatuko dira —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—, dela araugintzako aurreproiektuetan dela zuzenketa bidez, parlamentuko izapide prozesuan. Hori dena lurralde bakoitzak marko komun hori zabaltzeko edo osatzeko izango dituen aukerak kaltetu gabe.
Akordioak aurreikusten du Foru Arau izaera izango duen xedapen gehigarria jasotzea, enpresa-jarraitutasunarekin, sustraitzearekin, fidelizazioarekin eta pertsonak eta enpresak erakartzearekin zerikusia izango duten neurrien inpaktua ebaluatzeko. Ebaluazioan aztertuko dira 2026tik 2029ra doazen ekitaldiak, eta aztertu egin beharko dira aurreikusitako helburuen betepen maila, dagokionean sexu araberako aldagaiak jasoz. Foru Gobernu bakoitzak emaitza horien berri emango die tokian tokiko Batzar Nagusiei eta hauek baloratu ahal izango dute arauetan aldaketak egin beharra.
Enpresa-jarraitutasuna eta belaunaldien arteko erreleboa
Enpresa-jarraitutasuna ahalbidetzera begira eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko, plusbalioen %30eko murrizketa adostu da enpresa ete negozio autonomoen eskualdatze zehatz batzuetarako, baldin eta jardueraren eta enpleguaren jarraitutasuna hurrengo 5 urteotarako bermatzen bada. Murrizketa hau %35ekoa izango da eskualdatze hau mikro-ETE batekin egiten bada eta %40koa izango da enpresaren eskualdaketa 36 urtetik beherako emakumeari egiten bazaio. Era berean adostu da `crowdfunding´ izenekoen titulartasunerako araudia berrikustea eta erreserba zabaltzea ekintzailetza sustatzeko eta jarduera produktiboa indartzeko lurraldeetako proiektu estrategikoetarako.
Neurria aplikatuko da 3 milioi euroko gainbalioaren gehieneko oinarriaren gainean. Kautelazko neurriak indartuko dira, enpresa mantentzen dela bermatzeko eta eskuratzen den jabetzaren balioa nabarmen murrizten duten edo ezarritako baldintzak saihestea ahalbidetzen duten eragiketak saihesteko.
Beste alde batetik planteatzen da Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 53. artikuluan herrialdeko edo lurraldeko proiektu estrategikoetarako aurreikusitako erreserba zabaltzea. Proiektu hauen definizioa eta aurreikusitako baldintzak arau bidez zehaztuko dira ondorengo faktoreak aintzat hartuz: enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea, inbertsioaren bolumena eta herri- eta lurralde- estrategikoekin lerrokatuta egotea.
Akordioak zerga pizgarriak aurreikusten ditu langileek akzioak edo partaidetzak erosiz enpresen kapitalean parte hartzeko aukera izan dezaten, urteko 12.000 eurorainoko zerga-abantailak aurreikusiz. Maileguak ahalbidetzea ere aurreikusten da, langileak kooperatibetan edo beren enpresen kapitalean sartu ahal izan daitezen. Pizgarri horiek aplikatzeko, akzioak edo partaidetzak hiru urtez mantendu beharko dira. Enpresa handietan, pizgarria langileen parte-hartzeak gizartearen edo taldearen kontrola lortzea ahalbidetzen duen kasuetara bideratuko da, erabaki-zentroen errotzea indartzeko helburuarekin.
Atzerrian bizi izan diren profesionalak erakartzeko, %42ko salbuespena adostu da talentu profesionalerako lan-etekinetan, eta %30eko salbuespena lan-etekinetan profesional kualifikatuentzat (gutxienez goi-mailako LH dutenak), honako sektore hauetan: ikerketa, garapena eta berrikuntza, zientifikoa, teknikoa edo finantzarioa, ingurumena eta trantsizio energetikoa, teknologikoa edo biosanitarioa. Salbuespen horiek %10 handituko dira 36 urtetik beherakoentzat, eta 1+7 urteko iraupena izango dute. Era berean, 2.000 euroko aldagai kengarria gehitzen zaie (3.000 euro 36 urtetik beherakoentzat), mugikortasun geografiko kontzeptuan, aberriratu gabekoen irizpidea bete gabe euskal lurraldera iristen diren pertsonei.
Talentua erakartzearekin lotuta, eta etxebizitzaren merkatuaren zailtasunen aurrean, enpresak bere langileen alokairua gauzatan ordaintzea ez zergapetzea erabaki da, gehienez 700 euro hileko, eta gehienez 24 hilabete langile bakoitzeko, betiere alokairuak erreferentziazko indizea gainditzen ez badu, eta gehienez 300 euro gainerako kasuetan. Udalak ere gaituko dira hobariak ezartzeko eta OHZ sozialaren eredu baterantz aurrera egiteko. Eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan, Ondarearen gaineko Zergan edo PFEZan kenkari bat sartzea aztertuko da, etxebizitzak edo lurzoru finalista alokairuko parke publikoari edo lankidetza publiko-pribatuko proiektuei lagatzen laguntzeko.
Gazteen prestakuntzari eta enpleguari dagokienez, etengabeko prestakuntzarako eta prestakuntza dualerako pizgarriak indartuko dira, eta enplegua sortzearen gaineko kenkariak handituko, baldin eta prestakuntza horretatik badator.
Zainketen arloan, zaintzagatiko kenkariaren atalasea 500 eurora igotzea erabaki da, 750 eurora zaintza profesionalagatik bada, eta 1.000 eurora guraso bakarreko familien kasuan. Akordio hau erreparazio sozialera ere iristen da, erakundeen eremuan neurriak aurreikusten baititu, haurtzaroan eta nerabezaroan zehar jasandako abusuen biktimen erreparazio- eta aitorpen-prozesuak errazteko.
Mugikortasun iraunkorraren eremurako ere badira kenkariak: %5eko kenkaria adostu da ibilgailu berria erosteagatik, baldin eta 20 urtetik gorako beste ibilgailu bat txatarrera bidaltzen bada edo ibilgailu zaharrak Araudian ezarriko den isurketa-kopuru bat gainditzen badu. Neurriak 2 urteko indarraldia izango du, eta 30.000 euroko prezio-mugekin aplikatuko da ibilgailu arruntentzat eta 40.000 euroko prezioarekin zero jaulkipenetarako.
Familia-enpresaren fiskalitatea eta aitorpena egin beharra
Akordioak indartu egiten ditu familia enpresen eskualdaketa zamatsuen balorazioan elusio fiskala saihesteko neurriak. Oro har, eskuratzaileak benetan ordaindutako zenbatekoa ordainduko du etorkizuneko eskualdatze batean. Administrazioak egiaztatzen badu zenbateko hori ez dela adierazitakoa, salbuespenerako eskubidea galduko du, dagokion erregularizazioarekin eta berandutze-interesekin.
Halaber, irabazizko eskualdaketetarako — familia-enpresaren dohaintzak eta oinordetzak — arau espezifiko bat sartzeko beharra aztertuko da, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergan aurreikusitako balioespenera jota eta, hala dagokionean, perituen tasazioa exijituz.
Gaur egun 20.000 eurotan finkatuta dagoen PFEZren aitorpena egiteko betebeharrari dagokionez, bi alderdiek erabaki dute eguneratu egingo dela, 2027ko ekitaldiari dagozkion aurrekontu- eta zerga-egoeren markoan.