Auzitegi Konstituzionalak Euskal Enplegu Publikoaren legearen hizkuntza eskakizunak abalatu izana "albiste ona" dela esan du EAJ-PNVk

Jeltzaleen esanetan Auzitegi Konstituzionalak EAEko JANek planteatu duen inkonstituzionaltasun auzia izapidera ez onartzeko hartu duen erabakiak “babestu” egiten du euskal administrazio publikoan euskararen normalizazioa sostengatzen duen euskal markoa, berrikitan, EAJ-PNVk proposatuta, Eusko Legebiltzarrean onetsi dena, eta dei berezi bat egin dute “euskara babesteko eta zarata eta gatazkatik kanpo uzteko”

Auzitegi Konstituzionalak Euskal Enplegu Publikoaren legearen hizkuntza eskakizunak abalatu izana 09Juilletk
JuilletK 09 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Auzitegi Konstituzionalak hartu duen erabakia, atzo ezagutu zena, zeinaren bidez ez baita izapidera onartuko EAEko Justiziako Auzitegi Nagusiak Euskadiko Enplegu legearen hizkuntz eskakizunen inguruan planteatu duen inkonstituzional auzia, “oso albiste ona da” EAJ-PNVren iritziz eta “bultzada” ematen dio azken lau hamarkada hauetan euskal administrazio publikoan euskararen normalizazioa sostengatu duen marko propioari.

Hala konfirmatu da EAEko JANek inkonstituzionaltasun auzi hau planteatzean sektore publikoa euskalduntzeko sistema auzitan jarri zuenez geroztik jeltzaleek behin eta berriz defendatu dutena: ez zegoela arrazoi juridikorik Auzitegi Konstituzionalari auzi hau planteatzeko.

Auzitegi Konstituzionalaren erabaki hau ezagutu da, hain zuzen, EAJ-PNVk proposatuta, euskara blindatzera eta babestera begira Eusko Legebiltzarrak Euskal Enplegu Publikoaren Legea berritzeko proiektua onartzearekin batera. Proiektu honen xedea da Enplegu Eskaintza Publikoei are segurtasun juridiko handiagoa ematea, azken hilabeteotan askotariko ebazpen judizialek hainbat prozesu bertan behera utzi baitituzte eskaintzen ziren lanpostuetarako ezarri ziren baldintzengatik.

Testuinguru horretan, EAJ-PNVk espero du Auzitegi Konstituzionalak eman duen eta atzo ezagutu zen abalak eta, jeltzaleek proposatuta, Eusko Legebiltzarrean onartu den lege aldaketak euskararen eta sektore publikoa euskalduntzeko sistemaren gainean jarri ziren “mehatxu” guztiak desagertaraztea. “Bada garaia gure hizkuntzaren inguruko zalantzak atzean uzteko eta euskarari eta gure hiritargoari kalte egiten dien dinamika judizialetik aldentzeko; begira diezaiogun etorkizunari berme guztiekin, kontsentsu politikotik eta sendotasun juridikotik, euskara eta hiritargoaren hizkuntza-eskubideak defendatzeko helburu bikoitzarekin arrakasta egiaztatu duen ereduarekin jarraitzeko”.

Jeltzaleek era berean deitoratu nahi izan dute egungo testuinguruan, EAU azterketen inguruan sortu den polemikak ere, "balio izan duela, zenbait arlotatik, gure hizkuntza elementu baztergarri edo osagarri gisa kokatzeko, eta baita euskara arma gisa erabiltzeko ere. Gure hizkuntza guztiok babestu behar dugun elementu bereizgarria da, gure Herriaren funtsezko partea delako, bera gabe ezin baitira ulertu ez Euskadi ezta euskal aberria ere”.

Zentzu honetan, EAJ-PNVk berretsi egiten du proportzioa zainduz eginiko politika eta planifikazio linguistiko zentzudun eta eraginkorrarekin hitzemanda daukan konpromiso sendoa, autogobernuak ematen dituen tresna erabiliz euskara eta hiritarren hizkuntza eskubideak babesten jarraitzeko, gure hizkuntza zarata, gatazka eta instrumentalizazio orotik kanpo utziz eta beti euskal gizartearen eskutik aurrera eginez.

 

Interesatu Zaitez