EAJ-PNVk igandean Durangon egingo duen ekitaldi nagusian "ilusioa, kemena eta indarra" erakustera deitu du Maitane Ipiñazarrek familia jeltzale osoa

Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak jeltzaleek 'ADI 26/27' ekitaldia aurkeztu du gaur. Maiatzaren 24an egingo da, igandearekin, udal eta foru hauteskundeetarako 365 egun falta direla, eta hizlari nagusiak izango dira lurraldeetako presidente jeltzaleak, Lehendakaria eta Aitor Esteban

EAJ-PNVk igandean Durangon egingo duen ekitaldi nagusian 22Maik
MaiK 22 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Maitane Ipiñazar Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak gaurko aurkezpenean iragarri duenez igandean `ADI 26/27´ izenburupean Landako Gunean egingo den ekitaldian EAJ-PNVk erakutsiko du datozen udal eta foru hauteskundeetarako 365 egun falta direla “ilusio, kemen eta indarrez” beteta dagoela. Ekitaldia 11:30ean hasiko da eta hitza hartuko dute Iñigo Ansola BBBren presidenteak; Euge Arrizabalaga GBBren presidenteak; Jone Berriozabal ABBren presidenteak; Unai Hualde NBBren presidenteak; Imanol Pradales Lehendakariak eta Aitor Esteban EBBren presidenteak.

'ADI' da 'Aurrera Diharduen Indarra' goiburuaren akronimoa, lelo horren pean egingo baitu EAJ-PNVk igandeko mitin nagusia. “Goiburu hori denontzat da, EAJ-PNV osatzen dugun guztiontzat eta euskal gizarte osoarentzat, oro har. Zirt edo zarteko momentu batean aurkitzen gara orain; oso momentu esanguratsuan nazioartean zein Estatu mailan, une konbultsu batean, eta adi egotea eskatzen digu denoi”, azpimarratu du Ipiñazarrek.

Euskadiko egoeraz, EBBko idazkariak nabarmendu duenez “martxan dago, aurrera pausuak ematen, eta horrek esan nahi du konfiantza eta etorkizuna baditugula. Hala da uri erakunde guztietatik, herrietatik eta udaletatik, aldundietatik, parlamentuetatik, bultza eta bultza dabiltzalako aurrera egin dezagun, politikak abian jarriz, zentralitate politikotik oso Herri eredu zehatz bat proiektatuz, eredu egonkorra. Aurrean ditugun erronkei zuzenean begiratuz eta konponbide errealak proposatuz”. Ipiñazarrek ildo beretik adierazi duenez “gaurko Euskadi da euskal hiritarren gehiengoaren babesa izatearen ondorio. Hala, denei esan nahi diegu `eskerrik asko´ eta aurrera dihardugula”.

Amaitzeko, Ipiñazarrek alderdikide jeltzale guztiak gonbidatu eta deitu ditu igandeko ekitaldian parte hartzera “giro ezin hobea” sortuko dela azpimarratuz, ekitaldi politikoaz gain, emanaldi musikalak eskainiko direlako eta inguruetan “food truck-ak” jarriko direlako hamaiketakoa ere bertan hartu ahal izateko.

 

Interesatu Zaitez