Next Euskadi

Agiriak

rss Ezagutzera eman

EBBren agiriak

1989/03/26


EBB
1989ko Aberri Egunaren manifestua


Euskal Herriak gaur egun bizi dituen arazoen artean, bada bat bere nortasun eta egungotasunagatik bereziki nabarmentzen dena; hots, helburu politikoetara iristeko indarkeria bitarteko gisa erabiltzeari uztea, hau da, bakea.
Martxoaren 18ko manifestaldia igaro ondoren, Aljereko elkarrizketen ingurumarian, ETAk eskainitako alde bakarreko su-etenaren azken egunean aurkitzen gara.
Testuinguru honetan, ETAren inguruko taldeek «negoziazioaren» aldeko jardun eraginkorraz gain, Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidea aitortzeko ekitaldia antolatu dute. Horrela, gaur eta hemen, hau da, ETAk eta bere ingurukoek erabakitzen duten hein eta moduan, ekitaldi hauek bultzatu eta laguntzen ez dituena autodeterminazio-eskubidearen aurkakotzat jo eta salatzen da; EAJri dagokionez, bere abertzale-izaerari etsi eta eskubide horri uko egin diola esaten da.

AUTODETERMINAZIO ESKUBIDEA

Herri guztiek dute «beren egoera politiko, ekonomiko, kultural eta soziala askatasunean erabakitzeko» eskubidea. Bereziki, askatasunean harturiko erabaki propioaren bidez estatu jakin bat eraikitzeko eskubidea dute, edo, bertako herritarren gehiengoaren erabakiz, beste estatu bati atxikitzeko edo estatu baten lurraldetik at gelditzeko.
Uko egin ezinezko eskubidea da. Herri batek erabil dezake ala ez; hori eskatzeko bere historiaren une bat ala beste aukera dezake; erabakitzeko moduari dagokionez, une jakin baten plebiszitora jotzea, edota etenik gabe eta apurka-apurka gauzatzea aukera lezake. Inoiz ezin diezaioke, ordea, horri uko egin, eta ezingo diote indarrez eskubidea kendu eta ukatu.
EAJ beti izan da eskubide honen aldekoa, Euskal Herriarentzat eta beste edozein herrirentzat, dela irlandarra, kurdua edo lituaniarra. Atzo eta gaur indar berberaz azaltzen da eskubide honen alde.
1931ko apirilaren 14an Espainian II. Errepublika aldarrikatu zenean, bi egun lehenago egin ziren udal hauteskundeen ondorioz, monarkiaren aurkako indar politikoen garaipenarekin, Alfontso XIII.ak erregetza utzi eta lau alkate abertzalek, Getxoko alkate hautatu berria zuten José Antonio Agirre buru zela, Bizkaiko udal guztiak Gernikako Batzarretxera deitu zituzten.
Ezagunak dira deialdi honen gorabeherak. Errepublikaren behin-behineko gobernuak batzarra debekatu zuen eta armadak Gernikarako sarrera debekatu zien udal gizonei.
Indarrezko jarrera hura, ordea, ez zen nahikoa izan. Egindako bidearen puntu hartan, Agirrek eta beste alkateek manifestua kaleratu zuten Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako udalei zuzenduta.
Manifestu horren bigarren puntuan zera adierazten zen: «Bizkaiko udalek euskal gobernu errepublikarra osatu nahi dute, Espainiako Errepublika Federalari atxikia»; hirugarrenak, «ondorio horietarako, autodeterminazio-printzipioarekiko errespetua» eskatzen zuen.
Aurrerago, apirilaren 17ko manifestuak honela zioen: «Eusko Aberria bere bizitzaren osotasunean eraikitzeko asmoz, historiaren espiritua eta garaiaren beharrak aintzat hartuta,» «honakoa ESKATZEN DUGU: euskal errepublika aldarrikatu eta aitortzea, bere konstituzioa eta legeak berehala garatzea eta Bizkaia ere barneratzea, herriek ordezkaritza askearen bidez gobernatzeko duten uko egin ezinezko eskubideari jarraiki» «Eusko Errepublika edo gure aberria askatasunean ordezkatuko duen erakundea ezartzera iristeko...» «... eta eragingo dituen gobernu-oinarrien gain eraikia eta Iberiar Penintsulako beste estatuekin hitzartutako moduan.»
Agirreren ekimena batera zihoan Maciá (ordurako EAJren ohorezko alderdikide zena) buru zuten kataluniar abertzaleenarekin, hark aldarrikatua baitzuen ordurako Espainiako Errepubliko Federaleko «Kataluniar Estatutua».
Bi aldarrikapenak une hartako testuingurura biltzen ziren. Aldarrikatu berria zen bigarren errepublika. Katalanak eta euskaldunak Espainiako lehen errepublika garaiko ikuspegi federalak berpizteko unea iritsia zelakoan zeuden. Garaiko politikari esanguratsuenetako batek, Pi y Margall-ek, 1900eko otsailaren 11n honako printzipio hauek luzatu zizkien «iberiar aberriei»: «Zuen konstituzioa izango duzue, zuen gorte eta gobernuak; zuen ohitura eta beharrei ahalik eta ongien moldatzen zaizkien legeak eta zergak emango zaizkizue; zuen hizkuntzan hitz egingo duzue eta hizkuntza horretan mintzatuko dira magistratuak; ez duzue zuen herrialdetik atera beharrik izango justizia emana izan zatzaizuen. Ez espedienterik, ez botere zentralaren baimenik; zuen seme-alaben irakaskuntzaren arbitroak izango zarete; Estatu Nazionalak ezingo zaituzte zapaldu. Zuekin bat egingik erabakiko ditu bakea eta guda, bere banderapean babestuko zaituzte, zuek non-nahi ibili. Ordena jarriko dizue, zuek hala egin ezin baduzue, eta askatasuna emango dizue, jauntxoak zuek zapaltzera ausartzen badira; zuek, iberiar aberriek, erabakiko dituzue Estatu Zentralaren ahalmenak; berariaz ematen ez dizkiozuen ahalmenak, berariaz zuenak izango dira.»
«Frente» Bilboko astekari errepublikanoak 1931ko martxoaren 14ko alean zioenez, hori zen etorri beharreko errepublika.
Horixe zen abertzale katalanek «Donostiako Itunean» barneratu zuten espiritu federalista. Bertan erabaki zen katalanek askatasunean idatziko zutela Kataluniarako Estatutua, aurrerago Gorte Konstituziogileen errefrenduaren pean jarriko zutela eta, horrez gain, «irizpide bera aplikatuko zela Euskal Herriari, Galiziari eta abarri dagokienez eta beren berezko nortasuna aitortuko zitzaiela.»
Bost egun beranduago, apirilaren 22an, Euzkadi Buru Batzarrak «Euskal Herriari zuzendutako manifestua» kaleratu zuen. Bertan, «gure nahia» deitzen duena honela definitzen du: «Betikoa. Betierekoa. Denborarekin indarra galtzen ez duena. Gaur inoiz baino gehiago axola zaio Euzko Alderdi Jeltzaleari nahi hori horrela jasota geratzea: maila politikoan, EUSKADI erabat burujabea izatea nahi dugu;» «Espainiar Errepublikak Euskal Herriaren beharrei ematen dien irtenbidea edozein dela ere, Eusko Aberriak EAJren eskutik adierazten du, milaka urteko arrazaren lore gorriak lur gainean dirauen bitartean, ez diola uko egiten eskubide osoari eta beretzat gordetzen duela.»
EBBak, ordea, are gehiago zehazten du: «Baina, eskubide osoari eusteko Espainiar Errepublikaren eta mundu zabalaren aurrean egindako protestak ezin du oztopatu —eta oztopatu ere, ez du oztopatzen— guk une oro gogoan izatea berehalako jarduera oro, zentzuzkoa izan dadin, unean uneko aukeretara egokitu behar dela.» «Eta unean uneko aukeren berri izateko, kontuan ditugu Donostiako Ituna; gogoan dugu Errepublika nagusitu zen egunean bertan Francisco Maciá abertzale sutsuak Kataluniarentzat lortu zuen egoera, gogoan dugu gaur egungo Ministroen Kontseiluko zenbait partaide errepublikanok duen garrantzi federalista...» «Baina, gaur, ikuspegi horien guztien gainetik, EAJren jardun-ildoa finkatzeari begira, gertuagokoa den bat nabarmendu beharra dugu: Bizkaiko udalek Euskadiren alde hartutako jarrera eredugarria.» «Eta hona hemen nondik sor daitekeen Euskal Herria, une honetan, bere eskubideen zati garrantzitsu bat bereganatze aldera bide ziurrenetik eraman dezakeen mugimendu nazional itzela.»
Testuinguruaren edo, EBBk zioen moduan, «unearen» azterketa honen esparruan, eusko udalek, bere garaiko hauteskundeen arabera ordezkaritza zilegi bakarra direnek, Eusko Ikaskuntzari estatutu-proiektua idazteko eskatu zioten; proiektu horri, Lizarran egin zen Udalen Biltzarrean onartu ondoren, Lizarrako Estatutua deitu zitzaion.
Errepublika hura, ordea, ez zen federala izan. Bere burua «herrialde eta udalen autonomiarekin bateragarria den estatu oso gisa» eratu zen.
Ondorioz, abertzaleek ez zuten konstituzio hura onartu. Baina, egokitasun- eta pragmatismo-irizpideei jarraiki, autonomiaren alde borrokan jarraitu zuten. Autonomia une hartako egoera konstituzionalak ahalbidetu zuen eta, jada gerra betean, Agirre lehendakariaren behin-behineko eta kontzentrazioko gobernua ekarri zuen.
Hala, bada, EAJk bere irizpideei inondik uko egin gabe, une hartan Euskal Herriarentzat ahalik eta botere zabalena eskuratzearen aldeko aukera egin zuen.

EAJ EGUNGO KONSTITUZIOAREN TESTUINGURUAN

1977ko ekaineko hauteskunde orokorren ondorioz sortutako konstituziogintzaldiak, diktaduratik demokraziara igarotzeko testuinguruan, bigarren errepublika sortu zeneko garaiak ez bezalako egoera ekarri zuen. Gerra zibil baten ondoren ezarritako berrogei urtetako diktadurak, aldaketa soziopolitiko sakonak eragin ondoren eta Estatuaren derrigortzeko ahalmenak bere horretan utzita, beste egoera modu bat zekarren berarekin; oposizioa ez zen gauza frankismo soziologikoa eta egiturazkoa aurretik kentzeko eta hau ez zen gauza bere aginte-egiturei eusteko, batez ere nazioarteko egoerak eraginda. Monarkia ezarri zen, eskuineko gobernu moderatuarekin.
EAJ jakitun zen ezinezkoa gertatuko zela eusko abertzaleak onartzeko moduko konstituzioa ematea.
Esan izan da EAJ ez zela konstituzio-eztabaidetan autodeterminazioaren aldeko agertu, orduko Euskadiko Ezkerra koalizioa bezala.
EAJ jakitun zen, gobernu monarkiko eta zentro-eskuinekoaren esparruan eta Estatuaren derrigortzeko ahalmenek inboluziorako joera izanik, alferrikakoa zela autodeterminazio-eskubidea konstituzional bihurtzeko eskatzea. Alderdi sozialista bera ere ez zen azaltzen, beste garai historiko batzuetan bezala, autodeterminazioaren alde, eskubide hori soil-soilik kolonizaturiko herriei aitortzen zielarik. Abertzaleei, ondorioz, Euskadiren egoera koloniala, hirugarren mundutiarra, frogatzea zegokien.
Horregatik, EAJk adierazi zuen euskal eskubide historikoek Konstituzioan jasota geratu behar zutela.
Euskal tradizio juridiko guztiarekin bat etorriz, eskubide horiek jatorrizko burujabetza zuten iturburu eta, bertako legeen errespetuan oinarrituta, koroarekin egindako aldebiko itun aske batean gauzatzen zen. Ituna alde batek hausten bazuen, euskaldunek beren jatorrizko burujabetza bereganatzen zuten.
Parlamentuak ezin uka zezakeen euskal eskubide historikoak existitzen zirela, ezta armen indarrez alde batek horiek ezabatu egin zituela ere. Tenore horretan, beren gain jausten zen frogaren zama, eta ez abertaleon gain. Eskuina eztabaidan galdu zen, baina ezin izan zituen arbuiatu foruak eta bere aldarrikapena.
Konstituzioak indarrik gabe utzi zituen 1839 eta 1876 urteetako foruen aurkako legeak eta honako hau eman zuen: «Konstituzioak foru-lurraldean eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu.» Beraz, euskal eskubideak Konstituzioaren aurretik zeudela aitortu zuen, eta ez zirela Konstituziotik sortu. Eskubide horiek zeintzuk diren zehaztu ordez, alabaina, gaia alde batera utzi zuen, honakoa esanda: «foru-erregimen hori, kasuan kasu, Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuen esparruan eguneratuko da.»
Horrela, Konstituzioak «naziotasun» kontzeptua jasotzen du eta, euskaldunentzat soilik, eskubide historikoena, horiek bi iturburu dituztela aipatuz. Eskubide horiek, ordea, Konstituzioaren artikuluei jarraiki eguneratu ziren, euskal abertzaleek onartu ezin zezaketen esparruan.
Horra hor, bada, EAJk Konstituzioa ez onartzeko arrazoia eta Autonomia Estatutua onartzekoa, bertan berariazko eskubide-erreserba bermatu ondoren.
Ohar bedi autodeterminazio-eskubideek ez dutela Konstituzioa iturburu. Eskubide hau konstituzional bihurtzea ez zen berme nahikoa bere erabilera ziurtatzeko. Abertzaleen tradizioetan, oinarrizko irizpidea, EBBk 1931n zioen bezala, «Euskal Herriaren burujabetza osoan» zetzan.


AUTODETERMINAZIO ESKUBIDEA ETA KAS ALTERNATIBA

Euskadi ta Askatasuna frankismo garaian sortu zen Euskadi batu baten independentzia arma bidez lortzeko asmoz.
Ez da hau leku egokiena erakunde honek mugimendu armatu gisa sortu zenetik izan duen bilakaera deskribatzeko, gerrilletako guda egiteko asmoz, indarkeriaren eta errepresioaren zurrunbiloan herria altxatzea lortuko zuelakoan.
Euskal Estatu Batua, euskalduna eta sozialista etorkizunerako utzita, ez da urte asko KAS alternatiba bere egitera jo zuela. ETA (p-m) izenekoak emaniko alternatiba ETA (m) delakoak bere egin zuen, batez ere ETA (p-m) desegin zenetik erabili duena.
Alternatiba horren oinarrizko puntuetako bat da Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidea konstituzional bihurtzeko eskaera.
KAS multzoak, ordea, oraindik ez du jendaurrean adierazi zer hartzen duen autodeterminazio-eskubidetzat.
KAS multzoak marxismo-leninismoaren edukiak eta jarrerak bere egiten dituenez, zuzena dirudi pentsatzea autodeterminazio-eskubidea bere egiten duela mugimendu marxista-leninista orok hartzen duen bezala, hau da, «estatu burgesa» ezabatu eta klaserik gabeko gizartea eraikitzeko sentimendu abertzalearen indarrak mugitzen dituen klase arteko borrokaren gailu gisa.
ETAren su-etenaren inguruan, Aljereko elkarrizketekin batera, KAS multzo osoak eta HB koalizioak aurrera daramaten negoziazio eta autodeterminazioaren aldeko kanpainak abertzale guztien parte-hartzea lortu nahi du; bestela, abertzale izateari utzi diogula edo, are gehiago, abertzaletasunari uko egin diogula leporatuko digute.
Horregatik, EAJk beharrezkoa ikusten du testuinguru jakin honetan KAS multzoak abertzale-jendearen artean nahasmendua sortzeko egiten duen ahalegin bortitzaren aurrean honako aldarrikapenok egitea:
1.- EAJ, Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubideaz gain, bere burujabetza osoaren aldekoa dela, eskubideok uko egin ezinezkotzat joz, bere erabilera une historiko jakin bakoitzean aldian aldiko egoeran lotuz.
2.- Ez dakiela zer den KAS multzoak autodeterminazio-eskubidetzat hartzen duena; bere ustez, bada garaia multzo honek eta HBk argi eta garbi herriaren aurrean azal dezaten eskubide honek beraientzat duen edukiera eta horiek praktikan jartzearen inguruko noiz-nolakoak.
3.- Kontzeptua bera izanda ere, EAJ inolaz ere ez dagoela prest ez KAS multzoaren, ez HBren, ez inoren kanpainetan parte hartzeko, aurretiaz elkarrekin azterketarik egin gabe, adostasunera iritsi gabe eta askatasunean alde bakoitzak erabakiak aurretiaz hartu gabe.
4.- Inolaz ere ez duela indarkeria politikarako erabiltzen duen inorekin edota militarra zibilaren gainetik dagoela usten duen inorekin adostasun politikorik izango.


AUTODETERMINAZIORAKO AUKERAK

Herri bat autodeterminatzeko, honakoa erabaki behar da:

- Estatu independentea sortzea.
- Beste herri batzuekin estatu baten partaide izatea.
- Estatu batasun baten partaide izatea estatu kide bezala edo beraietako baten zati osagarri gisa.
Bai kulturaren eta ekonomiaren bai politikaren ikuspegitik elkartzen gaituen Mendebaldeko Europa izenaz ezagutzen dugun lurraldean bi aukera daude estatu izateko:
- Estatu-aberria, bere burujabetzari ohiko bidetik eusten diona (Suedia, Suitza...)
- Bere burujabetza propiotik burujabetza horren zati jakinak Europako Estatuen Batasuna sortzeko asmoz uzten doazen estatuak; etorkizunean Europa horrek baterako parlamentua, gobernua, botere judiziala, moneta, defentsarako sistema, merkatua eta kanpo-politika izango ditu eta estatu kide bakoitzak gorengo erakunde komunei utzi gabeko ahalmenak gordeko ditu.
Eusko abertzaletasunak Sabino Aranaren eskutik Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa barneratzen zituen Euskal Estatua sortzeko eskubidea eta aukera aldarrikatu zuen, barne-egitura federal batean.
XIX. eta XX. mendeen artean, Europako Estatu-aberriek aginte maila goreneko eta burujabetza absolutuko garaia bizi izan zuten.
Egitura horrek II. Mundu Gerratera arte iraun zuen. Geroztik, Europako estatuek beren koloniak galtzen joan ziren eta ia kontinente osoak besarkatzen zituzten estatu itzelak agertu ziren; hauek mundua berezko eragin-aldeetan banatu zuten eta, ondorioz, Europaren zuzendaritza bazterrean utzi zuten.
Bestalde, teknologi aurrerabideak eta ekoizpen teknika berriek merkatu-eremu zabalak sortu zituzten, Europako Estatu-aberriek beren dimentsioagatik kontrolatu edo eraginpean har zitzaketenak baino are handiagoak.
Gauzak horrela, dimentsio hori ez zutela ikusita, Europar Mugimendua hasi zen; Erromako Ituna sinatu zen, Erkidegoko Erakundeen hazia erein zen, gaur egungo Hamabien Europaren bidetik batasun politikoaren ibilian sakondu zen eta Merkatu Bakarra sortu zen.

EAJk EGIN ZUEN AUKERA

1997an eta, ondoren, 1987an, Zestoako Batzarrean, aurkeztutako planteamendu politikoetan, EAJk Euskal Herriari bere aukera europarra aurkeztu zion.
Aukera hori, ordea, ez zen sasoi horietan «asmatua» izan; aitzitik, aurreko belaunaldiko EAJren zuzendaritzak eman zuen horrela.
1931n esnatu zen geurean europartasuna, Aristide Briand politikari frantsesak Europar Batasunari buruz eman zuen agiriaren harian. Javier de Landaburuk aurre egin zion arazoari. 1931ko apirilaren 26an honela idatzi zuen: «Esaterako, Briandek nahi zuen Europaren Batasun Federala mamituko balitz, erakunde horren izaera askoz ere errotuagoa legoke, barne-astinduen arriskuak saihestuz, izaera berezkoa duen aberri bakoitza zehatz-mehatz emana baletor. Geureari dagokionez, ez da inorentzat beldurgarria Espainia izeneko estatua ondo bereizturiko herrien multzo harmonikoa dela baieztatzea...» «..., estatu batek inoiz ezingo du bere egin berarekin bat eginiko beste batzuen nortasuna eta, are gutxiago, menpean hartutakoek ordezkaritza hori ukatzen badiote.»
Asmo europarrak indarra hartu zuen EAJren barruan eta, hala, Donostian egin zen 1933ko Aberri Eguna «Euzkadi-Europa» lemapean ospatu zen. EAJ helburu politiko gisa Europa batuaren asmoa aldarrikatzen duen Europako lehen alderdi politikoa da.
Erbestealdiko belaunaldia izan zen aukera europar hau zehaztu zuena: Agirre, Landaburu, Irujo, Leizaola... gogotsu aritu ziren Erromako Ituna gauzatzea eta Europako Ekonomia Erkidegoa sortzea ekarri zuten Europar Batasunaren aldeko lantalde eragileetan.
Gerra ondorengo urteetan, EAJren gizon-emakumeek Europar Mugimendu Federala, Nazioarteko Talde Berriak (aurrerago, Europar Batasun Kristau-Demokrata osatuko zutenak) eta Europar Batasun Federalista adskribatu zituzten alderdira. Aurrerantzean, Europar Batasunaren ideia eta Herrien Europarena EAJren helburu politiko eta ondasun politikoaren arlo nagusi bihurtu ziren.

BI BIDE:

Europar Batasun horretara Euskadi, teorian behintzat, bi bidetatik hel daiteke:
- Euskal Estatua sortzea, gaur egun Espainiako eta Frantziako estatuen pean dauden lurraldeen batasunean oinarrituta.
Jarraian, pixkanaka burujabetza eman diezaiokete, egungo EEEko estatu kideen maila eta martxa berean.
- Autonomi bidean gehiago sakontzea, bere garaian Bruselaren eskuetatik Europako estatuaren eskuetara igaroko diren ahalmenak eskatuta.
Bat edo beste aukeratzea, politika praktikoa da. Horien bidezkotasuna hartu behar da aintzat, eta ez lehentasuna. Ideala lehena litzateke, bidezkoa balitz. Bigarrenak egia bilakatzeko aukera gehiago ematen du, epe luzera Europa demokratiko baten barruan, autodeterminazio-eskubidearen erabilera zehatzarekin Eusko Legebiltzarrak ezagutuko dituen gehiengoen arabera.

ALBANIAR AUKERA

KAS multzoak euskal estatu independente eta sozialista aldarrikatzen du. Bere sozialismoa iraultzailea da, marxista-leninista, hau da, komunista-stalinista.
Sasoi honetan, ekialdeko komunismoa aldaketa sakonetan murgildurik dago eta Mendebaldeko Europako Alderdi Komunista indartsuenak, hots, PCIk, bere burua sozialdemokratatzat jo du; aldiz, KAS multzoko alderdi-zuzendariak, HASIk, hirugarren munduko edo Europaren eremuan bazterrean dauden alderdi komunisten erako barne-egiturei atxikirik jarraitzen du. Horrela, 1987ko abenduko Batzarrean onartu ziren alderdi horren estatutuen 1. artikuluan zera esaten da:
«HASIk, Herriko Alderdi Sozialista Iraultzaileak, langileen talde aukeratu antolatua izan behar du. Bere esku-hartze metodoa masa-borroka izan behar du eta erakundeak erabili behar ditu, unean-unean KAS multzoan erabakitzen den moduan; hori guztia helburu ESTRATEGIKOAK lortzeko: Euskal Estatu Sozialista, independentea, batua eta euskalduna, zapalkuntzatik libre dagoen gizarte askea izatera heltzeko; klaserik gabeko gizartea, gizarte komunista.»
Egitasmo honek errotik uzte du bazterrean aukera europarra, ezinezkoa baita Erkidegoan sartzea estatu-egitura publiko, ekonomiko eta sozial marxista-leninistarekin, Erkidegoa egitura demokratikoa duten estatuez osatuta dago eta.
Horregatik, deitzen diogu bide honi «aukera albaniarra», COMECONetik kanpo dagoen estatu komunista-stalinista honen egiturei erantzuten dielako, berau izanik, gainera, politikagintzan baztertuen dagoen herria eta ekonomiaren ikuspegitik atzeratuena.

EAJ GAUR

EAJk gaur eutsi egiten dio aurreko belaunaldiak emandiko aukera europarrari.
«13 izarretako Europa» sinboloaz zehaztu du, erakuskari gisa. Hauxe da EAJren aukera: etorkizuneko Europako Estatu Batuetan gaur egun Erkidegoko kide diren beste hamabiren adinako burujabetza-maila izatea eta horiek hein berean izatea estatu.
EAJk ez du uste epe motz edo ertainera euskal lur guztien batasun politikoa irits daitekeenik, ezta berezko oreka politikoa ere Espainiako eta Frantzietako estatuetatik kanpo.
EAJk ez du uste autodeterminazio-eskubidea erabaki mailako ekintza publiko bakar batean erabiltzeko unea iritsi zaionik Euskadiri. Abertzale-kontzientzia ez baita oraindik gehiengoarena euskal herritarren artean.
EAJk Euskal Herriaren burujabetza osoari inolaz ere uko egin gabe, autodeterminatzeko aldian aldiko ariketa jarraia bultzatzen du gaur egun, bere lurralde-batasunaren lorpena mailaz mailakoa eta demokratikoa izan dadin, hurrengo urteetan eusko abertzaletasunaren egitekoa geure herriaren sendotze politiko, ekonomiko eta kulturala gauzatzean datzalakoan.

OHAR GARRANTZITSUA

EAJ jakitun da Euskal Herriak bere historia luzean barrena, barne-egitura eta kanpo-harremanetarako une historiko bakoitzean aukera ezberdinak egin izan dituela, gaur arte bere herri-nortasunari eusten asmatu duelarik.
Europan sartzeak berak ez dio ukorik egiten bere burujabetzari, ezta bere orain eta geroa berak erakitzen jarraitzeari ere.
Gaur, manifestu horretan zehazturik dagoen moduan, aukera europarrean sinesten badu ere, herri bezala irauteko eta aurrera ateratzeko berme gehien eskaintzen duen bidea dela pentsatuz, agian bihar beste batzuk izango dira berme horiek eskaintzen dituzten aukerak.

ASKATASUNA ETA IRAULTZAREN ARTEAN

Bada autodeterminazioaren dimentsio bat sarritan saihestu egiten dena: barruranzko autodeterminazioa. Zein Euskadi da euskaldunok nahi duguna? Euskaldunez ari garenean, euskaldun «guztiez» ari gara, abertzale ala ez, ezkerreko ala eskuineko, gizonak eta emakumeak.
Geurea bizitasun handiko herria da, baina aniztasun handikoa hein berean.
Egia bada hamarkadatan, diktaduraren errepresioak hemen Estatuaren beste herritan baino indar handiagoa izan duela, egia da baita ere diktaduraren aurkako erresistentziak borroka armatuaren ondorioa utzi duela gure artean; galdu egin da agintearen gutxieneko zentzua, indarkeriara jo ohi dugu balizko edo benetazko eskubide sozialak, lanekoak edo pertsonalak babesterakoan eta errotiko aldaketa gertatu da jokabide erlijioso eta moraletan.
Honi guztiari ekonomi krisiaren eragin berezia gehitzen bazaio, batez ere burdingintzaren, altzairugintzaren, ontzigintzaren edo kapital-ondasun handien sektoreetan, ulergarria da zurrunbilo honetan, orain urte batzuk, inortxok ere gure alde urratsik ez egitea.
Hala eta guztiz ere, egoera aldatzen doa. Euskadi dagoeneko atera da UVItik. Horregatik, une honetako gure egitekoa talde-bizitzaren ikuspegitik gure herria indartu eta sendotzea da, batez ere, «larrialdi» berezia dagoen urte hauetan merkatu bakarraren apustuaren aurrean.
Gizarte-talde guztiak bateratzeko beharrezkoa den indartze-lan hauei ekiteko orduan, zeregin horrentzat oso arriskutsua izan daitekeen oinarri-oinarrizko zatiketa dago gure artean: gutako batzuk politikagintzan bide instituzionaletik goazen bitartean, beste batzuek indarkeria erabiltzen jarraitzen dute. Gutako batzuek inguru eroparrean errotutako politikagintzaren esparrua martxan dugun bitartean, beste batzuek, inolaz ere gaitzetsi ezin den hauteskunde-babesaz baliatuta, aipatu bezala, helburu iraultzaile marxista-leninistak azaltzen dituzte beren ekinbide politiko eta sozialean eta jendearekiko ekinbidean, ikuspegi horretara bideratuz.
Herri hau autogobernu-maila garrantzitsuetara eraman eta instituzionalizatu dugunok eskubidea dugu KAS multzoari zenbait galdera egiteko; zein da bere egitasmo politiko-sozial zehatza, «aukera orokor» guztiez haraindi? Zein da beren amaierako egitasmo iraultzailea eta egungo Estatutuaren ordezko bere esparru juridiko zehatza? Eta zein proiektu sozioekonomiko aurkezten du industriari, ikerketa teknologikoari, langabeziari, unibertsitateari, irakaskuntzari eta administrazioan eta bizitzan euskararen erabilerari dagokienez? Benetazko aukera eskaini behar du, benetazko herri batentzat, betiereko ez orokor guztien gainetik eta etengabe erantzukizun zehatzak arbuiatzetik landa.
Ez da esan beharrik EAJk, José Antonio Agirreren esaldi ospetsua gogoratuz, askatasuna aukeratzen duela iraultzaren ordez, errespetua zapalketaren ordez, bakea indarkeriaren ordez, justizia esplotazioaren ordez.
Alderdi gisa bere izaera eta jatorria osatzen duen ezeri uko egin gabe, hau da, Eusko Aberriaren zerbitzura egoteari uko egin gabe, gaur egungo EAJk, 1931koak bezala, bere ardurapean hartzen du «berehalako jarduera oro, zentzuzkoa izan dadin, unean uneko aukeretara egokitzea.» eta, horrez gain, baita unean-uneko premietara ere.
Hauxe da Euskal Herriari egiten diogun eskaintza eta geure abertzaletasunean etsi egin dugula aurpegiratzen digutenen aurrean gure erantzuna, beren muturreko jokabideei aurre eginez.
Ibilgailuekin gertatzen den moduan, herri batek bere ibilirako motorra, norabidea, galga eta martxa-aldaketarako gailuak behar ditu. Eta betetzear dituen bere historiako 94 urtetan EAJk jakin badaki historiako gorabeheren baitan batzuk edo besteak erabiltzearen premia gauzatzen.
Horregatik, gaur egungo EAJk sendotasuna, sustraitzea eta egoera historikora moldatzeko gaitasuna eskaintzen dizkio gaur egungo Euskal Herriari; ezaugarri horiek bi hitzetan labur daitezke: historia eta etorkizuna.

GORA EUZKADI ASKATUTA
Euzkadi, 1989ko martxoaren 26a

Egitasmo Politikoa

  • 2019/05/07

    2019ko Europar Hauteskundeetako Programa

    Ikusi gehiago


  • 2019/05/07

    Vitoria-Gasteizko udal hauteskunde programa

    Ikusi gehiago


  • 2016/09/07

    EAJ-PNVren egitasmoa 2016ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako

    Ikusi gehiago


  • 2016/05/31

    EAJren egitaraua 2016ko Hauteskunde Orokorrak

    Ikusi gehiago


  • 2015/12/03

    Hauteskunde Egitaraua 2015

    Ikusi gehiago


Elkarrizketak

  • 2019/06/02

    DEIA y Grupo Noticias

    2019.06.02_Entrevista a Koldo Mediavilla en DEIA y Grupo Noticias

    Ikusi gehiago


  • 2019/05/28

    El Diario Vasco

    2019.05.28_Entrevista a Eneko Goia en El Diario Vasco

    Ikusi gehiago


  • 2019/05/28

    El Debate de Navarra

    2019.05.28_Entrevista a Markel Olano en El Diario Vasco

    Ikusi gehiago


Iritzia

  • Iñaki Anasagasti

    Iñaki Anasagasti

  • 2019/06/17

    Ausentes que carecen de discurso moral

    Ikusi gehiago


  • Maria Eugenia Arrizabalaga

  • 2019/06/15

    Dignidad vista para sentencia

    Ikusi gehiago


  • Koldo Mediavilla

  • 2019/06/15

    Cuestión de principios.

    Ikusi gehiago


  • Jokin Bildarratz

  • 2019/06/09

    La (in)cultura política

    Ikusi gehiago


  • Maria Eugenia Arrizabalaga

  • 2019/06/08

    Esperpento en el Supremo

    Ikusi gehiago