EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA BIZKAITIK

Xabier Legarreta

Nire iragana, nire oraina eta nire geroa Bermeon errotuta daude. Han jaio nintzen eta bertako alkate izateko zoriona eta pribilejioa izan ditudala esan dezaket. 1977an jaio nintzenetik hona bizi izan ditudan gauza guztiak eta oroimen guztiak Kantauriko kresalak busti ditu eta etxean entzundako arrantzaleen istorioek ondu dituzte.

Xabier Legarreta

Oroimen horietako askotan Andone amuma dago. Emakume indartsua eta kementsua, bere bizipenak horrenbesteko maitasunez eta irmotasunez kontatu izanak piztu zuen nigan abertzaletasunaren garra. Bera da nire erreferente jeltzale nagusia, eta berari esker eman nuen 1994an EAJ-PNVko alderdikide bihurtzeko urratsa.

Harrotasun handiz esan dezaket Bermeoko alkatea izan naizela (2007-2011), nire herriko Udalean zinegotzi gisa sartu nintzen arren. Une latzak egon badira ere, baina nire bizitzako esperientziarik aberasgarrienetakoa izan da. Benetako eskola! Egunero zerbait berria ikasten nuen. Bizkaiko Batzar Nagusietako Ahaldun ere izan naiz (2003-2011), Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideetarako zuzendari eta KontsumoBIDEko zuzendari. Une honetan EAJ-PNVren legebiltzar taldeko laguntzailea naiz Eusko Legebiltzarrean.

Gizarte Lanetan diplomatua naiz. Ikasketa horiek aukera paregabea eman didate nire baloreak EAJ-PNVren baloreekin uztartzeko: gizalegetasuna, elkartasuna, berdintasuna… Goiburu horiek ere aplikatu ditut orain arteko eginkizun guztietan, politikaren indarrean sinesten dudalako gizarte bidezkoagoa eta berdintzaileagoa eraikitzeko orduan.

Buru belarri murgilduta nago LGTB mugimenduan eta berdintasun mugimenduetan. Nire aburuz hurkoa errespetatzea, enpatia eta elkarbizitza guztiz ezinbestekoak dira gizarte bidezkoa eta anitza eraikiko badugu. Horixe da nire abiapuntua: erantzukizunetik eta gogotsu lan eginez, nire eskarmentua eta borondatea gizartearen garapenerako lanari eskaintzea.

Libre geratzen zaidan denbora apurra Aitor bikotekidearekin eta nire bi lobekin ematen dut. Maialen eta Ibon gai dira edonor zoratzeko baina ni pozarren egoten naiz eurekin. Ortzadar LGTB, Athletic eta Urdaibai Arraun Elkarteko kidea naiz. Irakurle amorratua ere banaiz, bereziki oporretan, eta ez nuke genero zehatz bat soilik aukeratuko. Hori bai, erdia euskaraz eta beste erdia gaztelaniaz.

Politikaren indarrean sinesten dut gizarte bidezkoagoa eta berdintzaileagoa eraikitzeko orduan