EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA BIZKAITIK

Mikel Magunazelaia

Mikel Magunazelaia Pinaga deitzen naiz eta Foruan jaio nintzen 1996an. Forua oso udalerri txikia da, 900 biztanle baino ez ditu, baina gure nortasun propioa eta historia propioa ditugu. Harrotasuna ematen dit bertakoa izateak. Nire familiak erakutsi dit herri honen nortasuna maitatzen eta errespetatzen, baita lanaren, konpromisoaren eta elkartasunaren balioa ere.

Mikel Magunazelaia

Duela urte batzuk EAJ-PNV alderdian ikusi nuen nire etxekoengandik jaso dudan legatua gordetzeko eta aurrera egiten jarraitzeko aukera. Horrela, 16 urte nituela, alderdikidetu egin nintzen eta, harrezkero, nire onena eskaini ahal izan dut nire udalerriaren eta Euskadiren onurarako. 2015-2019 legealdian lan horrek eraman ninduen zerbitzu publikoan lan egitera eta nire udalerriko zinegotzi bihurtu nintzen (Herri Lan eta Zerbitzu saila kudeatu nuen). Iazko ekainetik aurrera nire jaioterriko alkatea naiz.

Gaur egun alkatetza uztartzen dut nire lanbidearekin. Gernika-Lumoko Mertzede Ikastetxeko irakaslea naiz. Biziki maite dut irakastea eta ikastea! Irakaskuntza, nire ikuspegitik, norabide biko arloa da, irakasten dudan neurri berean ikasten dudalako. Behar bada, hortik ere datorkit historiarekiko pasioa; historia hurbila, nire herriarena, Euskadirena. Luzaro aritu izan naiz Foruako memoria berreskuratzen, neure aldetik eta Gernikazarra Historia Taldearen eskutik. Idatzi ditudan artikulu batzuk argitaratu dira Aldaba aldizkarian eta Deia egunkarian ‘Historia de los vascos’ atalean.

Oraingo honetan, EAJ-PNVko alderdikideek erabaki dute Eusko Legebiltzarreko hautagai izendatzea. Aukeraketa hau jaso dut eta onartu dut erantzukizunez eta ilusio handiz; gogotsu nago neure ekarpena egiteko eta esperientziatik ikasteko, euskal herriarekin daukadan konpromisoan oinarrituta. Benetan uste dut ekarpena egin dezakedala udalerri txikiek eta Busturialdea moduko eskualdeek izan ohi dituzten arazoak ezagutzen ditudalako eta, jakina, gazte baten ikuspegitik euskal gizarteari hurrengo urteotan planteatuko zaizkion arazoei eta erronkei aurre egitera begira.

Alkatetzak, lanak eta historiak, neure pasioak, ez didate denbora libre askorik uzten. Baina, daukadan apurra dedikatzen diet neure beste bi zaletasunei: mendira igotzeari eta irakurtzeari.

Gazteok erantzukizun handiz ari gara egunero, amesten dugun herria eraikitzen jarraitzeko