EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA GIPUZKOATIK

Joseba Egibar

Joseba Egibar Artola naiz. Andoainen (Gipuzkoa) jaio nintzen 1959ko azaroaren 23an, nazionalisten familia batean. Euskalduna naiz eta Herri Administrazioko funtzionarioa, eszedentzia egoeran.

Joseba Egibar JOSEBA 59" TAN

16 urte nituela afiliatu nintzen Eusko Alderdi Jeltzalean eta EGIn (EAJ-PNVren gazte taldean) eta ordudanik ari naiz politikan. 19 urte nituela hitz egin nuen lehen aldiz mitin batean, Estatutuaren aldeko kanpainan. Xabier Arzalluzen “telonero” aritu nintzen, eta oroitzapen maitagarria da niretzat. 1980an Itziarren, Alderdi Eguneko mitinean ere parte hartu nuen, ordu hartan EGIren ordezkari gisa.

EAJ-PNVren zatiketa izan berritan, Gipuzko Buru Batzarreko lehendakari aukeratu ninduten. 27 urte nituen. Ordutik igarotako denborak ematen duen ikuspegiaz, hau da nire ondorioa: jasandako zatiketa politikoki eta elektoralki gainditzeak eta Gipuzkoan ETAren osteko aldiari lidergo politikoz eta instituzionalaz erantzuteak erakusten du, estrategian eta lanean asmatu egin zutela elkar hartuta Gipuzkoako alderdikideek.

Gipuzko Buru Batzarra gidatzea egokitu zait aldi honetan, Euzkadi Buru Batzarreko kide naiz eta Eusko Alderdi Jeltzalearen bozeramale Eusko Legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Kulturako Ordezkari ere izan nintzen 1985-1989 legealdian.

Azken legealdian Autogobernu lantaldeko kide izan naiz. Bertan adostu ditugu datorren legealdian izapidetu beharko den Estatutuaren erreformako testuaren atal multzoa idazteko oinarriak eta irizpideak. Direlako oinarri eta irizpideek eskubide historikoak garatuz eta eguneratuz, eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea erabiliz gauzatzen dute euskal autogobernua, zeinak eskumen-katalogo propioan euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko beharrezko eskumen guztiak txertatu ahal izango dituen.

Helburu bezala azpimarratzen dudana da geroz eta gehiago izatea geure etorkizunaren jabe, gure bizitzan eragina duten gai guztietan geure erabakiak hartzeko. Bi hitzetan, geroz eta menpekotasun gutxiago izatea, independentziara iritsi arte. Horregatik, eraikuntza nazionala eta eraikuntza soziala txanpon bereko bi aldeak dira eta eskutik joan behar dute; nazio bat gara eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraiki behar dugu, inor bazterrean utzi gabe.

Kirola da nabarmen gustuko dudan zaletasuna. Asteburuetan, ahal dudanean, bizikleta hartu eta gure errepideetan ibiliz gozatzen dut. Eta azken 20 urtetan, etenik gabe, Tourreko etaparen bat segitu dut errepidean bertan. Gainera, etapa horietako mendateren bat igotzeko aprobetxatu izan dut, Pirinioetako mendateekin lehian. Garrantzi berezia ematen diot bizikletan aritzeko ekipo batean parte hartzeari eta zenbat balio duen taldekideen artean sortzen den elkartasunak eta elkarrekin osatzen dugun taldekoa zarela sentitzeak. Gustuko dut futbola ere. Real Sociedadeko eta Eibarko bazkidea naiz. Musikazalea ere banaiz.

Eraikuntza nazionala eta eraikuntza soziala txanpon bereko bi aldeak dira eta eskutik joan behar dute; nazio bat gara eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraiki behar dugu, inor bazterrean utzi gabe.