EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA GIPUZKOATIK

Irune Galarraga

Irune Galarraga Ezenarro naiz. 45 urte ditut. Izatez Plazentziatarra, baina 17 urte daramatzat Bergaran bizitzen. Senarra eta hiru semeak Bergarakuak dira eta ni bertako ere banaizela sentitzen dut jada.

Irune Galarraga

Guraso abertzale eta euskaldunak hezi ninduten eta txikitatik etxean bizi izan dudan giroan, udaletxeko “politika” oso presente egon da. Aita 3 legealditan herriko alkate izan zen, nik 12 urte nituenetik 24 urte bete nituen arte, ikastolan ibili, unibertsitatetik pasa eta lanean hasi nintzan arte.

Ez ziren urte errazak izan baina nik orokorrean garai hartako oroitzapen ona daukat. Niretako gurasoak eredu ezin hobea izan dira. Urte haietan etxean ikusi eta bizi izan nuenari esker esango nuke gaur egun bizi naizen herriko zinegotzi naizela.

Oraingo honetan Erizaina naizela azpimarratu nahi dut. Bi arrazoirengatik, batetik 2020ª Munduko Osasun Erakundeak Erizainon urtea izendatu duelako eta bestetik COVID 19ak sortu digun egoera berezi honetan bizi izan dudan guztiagatik.

Nafarroako Unibertsitatean bete nituen Erizaintza ikasketak eta lehen lan urteak Iruñean pasa ondoren Arrasate aldera etorri nintzen lanera eta azken hamar urteetan, lan egiten dudan ospitaleko Erizain Zuzendaria naiz.

Nere egunerokotasuna osasuna eta zaintzaren kudeaketarekin lotuta dago. Bai OSASUNA eta baita ZAINTZA ere hizki handiz ulertzen ditudan kontzeptuak dira. Biak danon ongizaterako beharrezkoak dira eta ezinbestekoa daukagu beren garrantzia kantuan izatea gizarteko beste arlo guztietan daukaten eragina ikusita.

Amaitzeko esan beharra daukat etxetik kanpo ditudan lan eta konpromesuak familiaren laguntzari esker egin ahal ditudala neurri handi batean. Beraiekin pasatzen ditudan denborak mugatuak dira, baina jai egunetan elkarrekin Urbia aldera egiten ditugun irteeretan asko disfrutatzen dugu eta indarberrituta bueltatzen gara danok.

Gure GIZARTEAK ETORKIZUN ON bat izateko, txikitatik HEZI behar ditugu gure umeak OSASUNA eta elkarren ZAINTZA kontuan izaten. Eta ziur nago hau Legebiltzarreko jardunaren adar nagusienetako bat izango dala.