EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA ARABATIK

Gotzon Aldama

Gotzon Aldama Atxurra naiz, 1993an Larrinben jaioa. Aitaren aldetik sustrai aiararrak eta amaren aldetik lekittarrak izanik, mendi eta kostaldearen artean hazi naiz. Hala ere, aitortu beharra dut mendia dela benetan liluratzen nauena eta nire asteburuko plan ideala irudikatzen duena. Euskara nire ama-hizkuntza da eta Euskadirenganako maitasuna nire bizitza osoan ikusi eta bizi izan dut.

Gotzon Aldama

EHUn Ekonomian graduatua, negozio aholkularitzan aritzen naiz eta banku eta energia sektoreko hainbat proiektutan lan egin dut. Esperientzia horrek lagundu dit erronka ezberdinak gainditzen, taldeak kudeatzen eta agertoki berrien aurrean moldatzeko gaitasuna garatzen.

Oso pertsona kementsua izan naiz beti eta umetatik era guztietako kirolak praktikatu ditut. Horien artean errugbia nabarmenduko nuke. Zaletasun handiz jarraitzen dudan kirola da, sinetsi eta bizi ditudan hainbat balore transmititzen dituelako: errespetua, adiskidetasuna, diziplina, sakrifizioa…

Balore horiek EAJ-PNVn islatuta ikusten ditut, sakrifizioa eta lan gogorra gure herriaren eraikuntzaren eta garapenaren alde. Zintzotasunetik eta bertan bizi garen guztiokiko konpromisotik abiatuta euskal nazioaren alde dena emanez.

Herriaren nortasunari eta borondateari errespetua dion etorkizuna nahi dut Euskadirentzat. Ongizatearen eta iraunkortasunaren etorkizuna. Horretarako, zalantzarik gabe, EAJ-PNV da tresnarik onena