EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA BIZKAITIK

Garbiñe Sainz De Buruaga

Garbiñe Saenz de Buruaga Garralda naiz eta Lekeition jaio nintzen 1966an, baina 1997tik Ispasterren bizi naiz. Lea Artibai eskualdeko herri txiki honetan bizi naiz eta 2015etik aurrera bertako alkatea naiz. Ume-umetatik gustatu izan zait neure inguruko gauzetan parte hartzea. Lekeitioko ‘estudiantina’-n hasi nintzen (bandurria edo laud-a jotzen dut) eta, azken 9 urteotan Ispasterreko dantza taldean parte hartu dut.

Garbiñe Sainz De Buruaga

Nire beste zaletasunetako bat sukaldean aritzea da eta koadrilarekin edo familiarekin bazkaltzera edo afaltzera irtetea beti da plan ona. Kirola ere gustuko dut, bereziki spinning-a praktikatzea, ibiltzen irtetea edo korrikan egitea. Derrigorrezko hitzorduak dira niretzat Gorbeiara igotzea San Inazio egunean eta Gabon Zahar egunean.

Irakaskuntza izan da nire bokazioa eta irakasle ikasketak egin nituen Derioko Andra Mari eskolan. Ondoren, Haur Hezkuntzako diplomatura egin nuen UNEDen, Gasteizen. Laneko esperientzia irakaskuntza arloan hartu nuen. Amorebieta-Etxanoko Udal Euskaltegiko irakasle izan nintzen (1988tik 2001era bitartean), Euskal Eskola Publikorako ere lan egin nuen eta 2011an Lekeitioko eskola publiko irakasle taldeko kide izan nintzen.

Lehenago esan bezala, 2015etik aurrera, Ispasterreko alkate naiz EAJ-PNVren ordezkari gisa. Politikarekiko interesa eta sentimendu abertzalea txiki-txikitatik datozkit, sustrai jeltzale sendoak dituen familia batean hazi nindutelako. Umetan aitite eta amamarekin bizi nintzen eta oso hurbiletik bizi izan dut herri bat eta nortasun bat izatearen sentimendua. Barru-barruan daramadan zerbait da eta neure bi alabei transmititu diet.

Eusko Legebiltzarrerako hautagaitzak ilusioz beteta hartu nau. Lan egiteko gogotsu nago. Hori bai, errespetuarekin eta zuhurtasun handiz, erantzukizun handia delako. Lanean irabazi dudan esperientziaz gain, lantalde bikain honi eskainiko diot zerbitzu publikoan ikasi dudan guztia. Konbentzituta nago EAJ-PNV dela Euskadiren interesak ondoen defendatzen dituena, Euskadin bertan eta bere mugetatik kanpo, eta Iñigo Urkullu Lehendakaria da horren bermerik onena. Ekintzak eta errealitateak; entzute aktiboa eta proposamenak. Hori da bidea.

Aurrera egin eta Euskadi oparoago batean bizi nahi badugu, jarrera errealistarekin eta hurbiltasunez lan egin behar dugu