EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA BIZKAITIK

Danel Bringas

1974an jaio nintzen Santurtzin, Serantes mendiaren magalean eta Kantauri itsasoa zerumugan. Herri zoragarri honetan hazi eta bizi izan naiz, eta bertan sortu dut neure familia Esti bikotekidearekin eta Oinatz eta Liher semeekin.

Danel Bringas

Oinarrizko ikasketak amaitutakoan, EHUn Arte Ederrak ikastea erabaki nuen eta Kontserbazio eta Zaharberritzean espezializatu nintzen. Irakasgaitasun Ziurtagiria (IGZ) ere atera nuen. Ordutik aurrera hainbat lan egin ditut: arte lanen kontserbatzaile eta zaharberritzaile gisa jardun dut, liburutegiko laguntzaile Santurtzi eta Erandion eta sukaldari ere izan naiz Bizkaiko GUFE-Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundean.

Oinarri jeltzale sendoak dituen familia batean hazi ninduten, eta etxean ikasi nuen politikagintzan aritzeko modu berezi bat, sigla batekin eta Herri batekin konpromiso irmoa hartuta, pertsonenganako errespetuarekin eta lan gogor,eraginkor eta arduratsuarekin. Printzipio horiek erakarri naute beti eta laguntzeko gogoak bultzatuta EAJ-PNVko alderdikide egin nintzen 1998an Santurtzin. Urte batzuk geroago, 2007an, zerbitzu publikoan sartu nintzen Santurtziko Udaleko zinegotzi aukeratu nindutenean. Kargu berean jarraitzen dut orain. 2007 eta 2015 urte bitartean Euskara eta Kultura arloa kudeatu nuen eta 2015ean Herritarren Parte hartze sailaz arduratu nintzen. 2019ko maiatzetik hona neure ardurapean ditut Santurtziko udaleko Pertsonala eta Giza Baliabideak.

Erronka berriek ez naute inoiz ikaratu eta, Eusko Legebiltzarrerako hautagaitza hau erronka bat da, erronka handia. Ilusioz beteta nago; uste dut edozein erronka berrik motibatuta sentitzeko modu berri bat dakarrela berarekin, baita arlo pertsonalean hazteko aukera ere, EAJ-PNVren talde bikain honetako kide izateak ematen duen harrotasunarekin. Talde horri eskaini nahi nioke udal politikan egin dudan ibilbidean irabazi dudan esperientzia. Halaber, Iñigo Urkulluren gidaritzapean egitea pribilegio handia da. Gizon eta politikari zorrotza, gardena, zintzoa, argia, sendoa eta eraginkorra da;urte hauetan guztietan behin eta berriro erakutsi dituen ezaugarriak dira eta,oso bereziki, azken hilabete hauetan.

Libre geratzen zaidan denbora librean, familiarekin gozatzeko eta erlaxatzeko aprobetxatzen dut. Serantes mendira igotzen gara Bizkaia osoko tokirik ederrena ikusteko: Santurtzi.

Nire lanaren ardatz nagusiak dira gizarte honekiko konpromisoa eta gure aberriaren etorkizuna eraikitzeko ardura