Xabier Barandiaran Irastorza

Euzkadi Buru Batzarra Xabier Barandiaran Irastorza

Xabier Barandiaran Irastorza

1969ko otsailaren 20an jaioa

Soziologia eta Zientzia Politiketan Lizentziatua

Ataungo zinegotzia

GBBko burukide ohia

PARTEKATU

PROFILA

Xabier Barandiaran Irastorza Ataunen jaio zen 1969ko Otsailaren 20an Amets-Kabi etxean. Euskal Herrian, euskerak eta euskal kulturak berpizkunde garaia bizi zuten frankismoaren azken urteak ziren. Ingurune hark eta etxeko giroak oinarrizko eragina izan zuten Xabierren abertzaletasunean: “nire abertzaletasuna euskerarekin, euskal kulturarekin eta pagoz jositako Ataungo paisaiekin dago lotuta aberrigintzaren inguruko teoria politikoekin baino gehiago”.

Ataungo eskolan egin zituen lehen hezkuntzako ikasketak eta 14 urterekin Gasteizko Arriagako Instituto Politeknikoan Elektronika Industrialeko ikasketak egin zituen. “Gasteizek sekulako eragina izango du niregan; bapatean gaztelerazko mundo batean sartu nintzen”. Bost urte eman zituen Gasteizen eta orduak eta orduak ematen zituen elektronikako liburuak alde batera utzi eta herrigintzari buruzko gai ezberdinetan murgilduta; “urte haietan erabaki nuen zientzia politikoetan zegoela nire bokazioa”. Beasaingo Institutoan Unibertsitatera egokitzeko ikasturtea egin ondoren Deustuko Unibertsitatean hasi zen Soziologia eta Zientzia Politikoetako ikasketak egiten. Xabier Arzalluz izan zuen zuzenbide politikoko irakaslea lehenengo mailan. Urte haietan erabat murgildu zen Ataungo “Oargi Troskaeta” kultur elkartean; “Nondik aldizkarian idazten nuen urte haietan kultur ekimen ugari jarri genituen martxan”. Urte haiek oso garrantzitsuak dira Barandiaranen heziketa politikorako; marxismoa, abertzaletasuna, liberalismoa eta garaiko teoria politikoetan sakondu zuen: “bereziki murgildu nintzen abertzaletasun historikoaren eta ezker abertzalearen arteko ibilbide ezberdinen azterketan”. Urte haietan Parisko Rue Duvan kaleko Euskal Etxean pasa zituen hainbat uda frantsesa ikasiz eta gizarte mugimendu berriak ikertuz.

1994ean amaitu zuen lizentziatura eta doktoradutzako ikasketak egiten hasi zen Deustuko Unibertsitatean. 1998/99 ikasturtean hasi zen Deustuko Unibertsitatean klaseak ematen eta 2000. urtean doktoratu zen Deustuko Unibertsitatean “Erakunde Politikoen bidezkotza gaztetxoen baitan” tesiarekin. Urte hartan “Euskal Gizartearen Egoera” saria (gizarte alorrean urteko tesirik onenaren saria) jaso zuen Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren eskutik. Urte guzti hauetan Deustuko Unibertsitatean jarraitu du soziologia eta komunikazioko gaiak erakusten Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultatean. Gizarte ikerketa ugaritan parte hartu du eta hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu nazioarteko aldizkari espezialduetan: “beti pentsatu izan dut herrigintzarako behar nuen oinarri garrantzitsu bat unibertsitateko ikerketa eta irakaskuntza lanean zegoela”.

Unibertsitateko ibilbidearekin batera 2005ean Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Departamentuko kabineteko buru izendatu zuten eta 2007an Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Kabineteko buru. Orduz geroztik Markel Olanorekin aritu da buru-belarri lanean; Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabineteko buru izan da 2007-2011 eta 2015-1019 legealdietan. 2011-2015 legealdian berriz, Joseba Egibarrek zuzendutako Gipuzko Buru Batzarreko kidea izan zen. 2019ko udal hauteskundeetan EAJko zerrendaburua izan ondoren, egun zinegotzia da Ataungo udalean. 2019. urteaz geroztik, baita ere, Diputatu Nagusiaren aholkulari moduan dihardu, bereziki, ETORKIZUNA ERAIKIZ egitasmo estrategikoan. Urte guzti hauetako esperientziak, teoria eta praktikaren arteko lotura egiteko aukera eskeintzeaz gain, Goierrin eta Ataunen bereganatu zituen oinarriak sendotzeko aukera eman dio. Ezkondua dago eta bi alaben aita da. Ataunen bizi da.

BARNE
ERAKUNDEAK

LURRALDEZ KANPOKO
ERAKUNDEAK