Pako Arizmendi

GURE BURUKIDEAK

Euzkadi Buru Batzarra Pako Arizmendi IKUSI BIDEOA

Pako Arizmendi

IBBko presidentea

2006an alderdikidetua 2006

62 urte

Baxe Nafarroa-Xiberoako Biltzarkide Biltzarkide

IBBren presidentea

PARTEKATU

PROFILA

Pako Arizmendi Donostian jaio zen 1953ko urtarrilaren 21ean baina gazte-gaztetatik Baionan bizi izan zen. Duela hainbat urte Donibane Garazira joan zen eta han bizi da gaur egun. Kattin Gaztanbiderekin ezkonduta dago eta bi alaba dituzte, bata 33 urtekoa eta bestea 23 urtekoa. Arizmendi harro dago bere alabekin. “Nagusia Donostian bizi da eta GKE batean lan egiten du eta gazteena ikasten ari da”.

Arizmendi gaztetik hasi zen lanean, 16 urte zituela. “Tipografiako ikasle gisa hasi nintzen, inprenta batean, eta gaur egun nire inpresio enpresa propioa daukat Donibane Garazin bertan. Hainbat urtetan funtzionario izan nintzen baina utzi nuen lanbide bat nuela sentitzen nuelako: tipografoa naiz eta gogoko dut nire lanbidea” esan du. Gaur egun Kattin emaztea da inprenta lantegiko gidaritzaz arduratzen dena Pakok %100ean ekin diezaion Ipar Buru Batzarreko presidente lanari “baina egia da berak nik baino hobeto egiten duela” aitortu du irribarre batekin.

Ibilbide politikoari dagokionez, Arizmendik azaldu digu 60. hamarkadan Ipar Euskal Herrian, inguruan “Espainiako Guda Zibil garaiko” hainbat lagun izanik, normala zen politikarekin interesatuta eta inplikatuta egotea. “Frankismoaren ondorengo urteetan askoz gehiago interesatu nintzen. Sentimendu abertzalea garai hartan hasi zen Iparraldean loratzen” gogoratu du. 2006an EAJ-PNBko alderdikide egin zen eta harrezkero Baxe Nafarroa-Xiberoa Biltzarreko presidentea izan da, Donibane Garaziko zinegotzia izan da (2008-2014) eta 2016 urtetik aurrera IBBko presidentea da.

Arizmendi errugbi zale amorratua da. “Nire bizitzan errugbia oso presente egon da beti. Frantziako ia dibisio guztietan jokatu dut, behetik hasita eta Lehen Mailara arte. Batzuetan pentsatzen dut beranduago jaio izan banintz jokalari profesionala izatera helduko nintzela, baina garai hartan errugbian ez zegoen jokalari profesionalik” baieztatu du. Errugbi entrenatzailea ere izan da Garazin 10 urtez. “Talde horretako jokalari eta entrenatzaile izan nintzen” gogoratu du. Herriko argazkilari klubeko kidea ere bada. Gainera, lorategi txiki bat dauka eta horretan aritzen da ahal duenean. “Erlaxatu egiten nau”, esan du. Itsasoan ere gozatzen du eta arrantzan joaten da. “Anaiarekin joaten naiz, itsasontzian, urraburuak, hegaluzeak… Kantauri itsasoan dagoena harrapatzera” eta duela gutxi, lagun tenore baten eskutik, operarekin zaletu da. Zaletasun asko dituenez erleen antzekoa dela esaten du “gauza asko ikustea eta entzutea gustatzen zait, era guztietakoak gainera”.

Bere helburu politiko nagusiena da “Alderdia Ipar Euskal Herrian finkatzea”. “Hori da falta duguna. Politika munduan mugitzen den jendeak ezagutzen gaitu, baina herritar xumeak ez gaitu ezagutzen. Nahastu egiten dira batzuetan. Gure txokoa bilatu behar dugu. Alderdiak 120 urteko bizia egin arren Ipar Euskal Herrian oinarri-lana egin behar dugu. Etxea eraiki behar dugu eta une honetan oinarriak jartzen ari gara, zailena. Pertsona gehiago behar ditugu arinagoak eta eraginkorragoak izateko, baina apurka-apurka, eta duela urte batzuk, baten bati molestia egiten hasi gara, eta hori ona da, oso ona” baieztatu du.

BARNE
ERAKUNDEAK

LURRALDEZ KANPOKO
ERAKUNDEAK