Iñaki Txueka Isasti

GURE BURUKIDEAK

Euzkadi Buru Batzarra Iñaki Txueka Isasti IKUSI BIDEOA

Iñaki Txueka Isasti

Getariako Uri Erakundean 1990an alderdikidetua

1953an jaioa

Kimikan lizentziaduna

Enpresaria

GBBren Burukide

PARTEKATU

PROFILA

Iñaki Txueka Isasti  Getarian jaio zen 1953 urtean. Kimikan lizentziatua izanik, enologo honi politikaren “karramarroa” gazte-gaztetatik sartu zitzaion: “14 urte nituela Madrilen ikasteko beka eman zidaten eta 17 urterekin Kimika ikasten nengoen euskaldun mordo batekin. Orduan, Madrilen nengoela, kontzientzia hartu nuen neure abertzaletasunaz. Politika oso bizi zegoen garai hartan, euskal ikasleen erakundeak, euskara, mundu abertzalea, oro har, pil-pilean zegoen. Orduan, alderdi politikoa sortzeko eta alderdi hari eusteko saiakerak egin nituen, ESB, baina proiektu politiko hura ez zen aurrera atera eta 1980an Getariara itzuli nintzen lan egitera eta batez ere, txakolinaren proiektua aurrera ateratzera”. 1986an egin zen EAJ-PNVko alderdikide.

Gorettirekin ezkonduta dago eta bi seme dituzte, bata 36 urtekoa eta bestea 33 urtekoa, eta biek lan egiten dute familiarenean, Getariako `Txomin Etxaniz´ txakolindegian. “Egiten dugun lana maite dugu bizitza-proiektu bihurtu dugulako eta gure garapen propioa lantzeaz gain, gure ingurukoa ere lantzen dugulako. Getariakoa eta eskualdekoa, hain zuzen”, esan du harrotasun puntu batekin. Txuekak azaldu du nola bere aitak txakolinaren kalitatea nabarmen igotzea lortu zuela baina mahastiak oso txikiak zirela. Iñaki %100ean inplikatu zen familiaren proiektuan eta Jatorri Deitura sortu zuen. Getariako Txakolina Jatorri Deiturako presidentea zelarik, politikari eta pertsona gisa, José Manuel Goikoetxea bere erreferente nagusienetakoa denak (“gehien apreziatu izan dudan pertsonetako bat, bere lidergo pertsonal eta politikoagatik”) 1991an Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Elikagaien Industrien Zuzendari izatea proposatu zion. “Konbentzitu ninduen biziki interesatzen zitzaidan proiektu bat zegoelako, hau da, Euskadiri kalitatezko egiturak ematea, labelak, jatorrik deiturak, eta abar”. Txuekak hiru hilabete baino ez zizkion egitasmoari eman Gipuzkoako egoera politikoa oso konplikatua zelako eta Joseba Egibarrek, bere beste erreferentea denak, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Nekazaritzako diputatu kargua hartzera deitu zuelako.

Nekazaritza eta Ingurumen diputatu karguan 8 urte eman ondoren, oso une delikatuak bizi zituelarik (bereziki, bozeramaile zela Leizarango autobiarekin zerikusia zuten hainbat gai kudeatzea tokatu zitzaiolako), 1999 urtean bere bizitza pribatura itzuli zen. Handik eta urte bete eta erdira bigarren deia jaso zuen eta  esan zioten “komenigarria” izango zela Kongresurako Gipuzkoako zerrendetan joatea. Zalantza handiak izan zituen baina baietza eman zuen eta bi legealditan, 2000 eta 2008 urte bitartean, Madrilgo Euzko Abertzaleak taldeko diputatu lanak egin zituen. Aldi berean, Europako Kontseiluko Batzarreko ordezkari izan zen. 2009 urtean Getariako Uri Buru Batzarreko lehendakari izendatu zuten, handik bi urtera GBBko burukide bihurtu zen eta duela urte bete eta erdi EBBko burukide izendatu zuten.

Iñakik aitortzen du hau dena Gorettiri esker egin ahal izan duela “katiuskak jantzita mahastian aritu ahal den edo, berdin-berdin, Washingtonen errezepziora joan ahal den emakumea da. Egoten dakien emakumea da eta lasaitasun eta konfiantza handia eman dit beti. Asko zor diot eta zor horiek ordaintzeko beharra sentitzen dut”. 

Geratzen zaion denbora apurra italieraz esaten den ‘dolce far niente’ horretan ematea gustatzen zaio. Iñakirentzat ezer ez egitea da liburu bat irakurtzea edo pantaila handian pelikularen bat ikustea. “Maite dut zinema. Madrilen bizi nintzenean, ikasle nintzela, Zinema Akademiara joaten nintzen eta Bergmanen ziklo osoa ikusten nuen, goizeko 10etan hasita eta gaueko 12ak arte. Oso zinemazalea naiz. Zalantzarik gabe, zinema ona gustatzen zait. Gogoko ditut pelikula amerikar onak eta Frantziako “autore zinema” deskubritzen hasia naiz. Irakurtzea ere gogoko dut. Une honetan  nago Mary Bearden liburu batekin ‘SPQR. Erroma zaharreko istorioa´ izenburukoa. Ibiltzen ere irteten nahiz baina aitortu behar dut apurtxo bat alferra naizela. Atletismoa egin nuen gaztetan baina orain emaztea da tiraka ibili behar dena irten nadin. Baina, batez ere, gastronomia kontuak ditut gogoko. Maite dut sukaldean aritzea. Are gehiago, gazte denboran “xoxak” ateratzen nituen sukaldean. Eta aitortu behar dut nahiko ondo egiten dudala, bereziki sukaldaritza tradizionalean. Nire jakirik gustukoena da arrautza pare bat tomatearekin eta urdaiazpikoarekin eta, kalitatekoa bada, hobe. Halaber, ondo irteten zaizkit zapoa amerikar erara eta marmitakoa. Gastronomia zalea naiz. Michelin gidarekin bidaiatzen dut. Emaztea  eta biok oso bidaizaleak gara. Duela gutxi Hegoafrikatik etorri berriak gara. Enologo lanbidea oso lanbide polita da, aukera ematen dizu mundu osoko harremanak egiteko, harreman zoragarriak, gainera” esan du.

Iñakik gogoratzen du 86an EAJ-PNVn alderdikidetu zenean, eszisio garaian, Xabier Arzalluzek, Getariako Batzokira egin zuen bisitan galdetu egin ziola zergatik erabaki zuen alderdikidetzea. Txuekak gogoratzen du orduan esan zituen arrazoiak direla gaur egun gogoan dituen berberak: “EAJ delako Euskadiren garapen politikorako tresnarik onena”. Alderdikidetu eta 30 urte geroago, EBBko burukide aukeratu zuten. “Nire helburua da 63 urte dituen pertsona batek eskain dezakeen guztia alderdiari ematea, hau da, eskarmentua eta sen ona alderdiak  alderdikidetu nintzeneko arrazoia izaten jarrai dezan: euskal gizartearentzako tresna ona, 40 urtetan egin dugun proiektuari jarraipena emateko, zalantzarik gabe, urte hauetan guztietan asmatzen jakin dugulako. Bada, asmatzen jarrai dezagun gizarte honen beharrizanei erantzunez”.

BARNE
ERAKUNDEAK

LURRALDEZ KANPOKO
ERAKUNDEAK