Oihane Agirregoitia jeltzaleak kontziliazioa hobetzeko eta Europako Hauteskunde Legea berrikusteko ekimena onartzeak dakarren "aurrerapausoa" ospatu du
13Azaroak Europako Parlamentuaren egungo araudiak ezartzen du osoko bilkuretako botoak presentzialki eman behar direla. Hau da, haurdun dauden diputatuek edo amatasun-bajan daudenek ezin dute urrutitik parte hartu, botoa eskuordetu edo agintaldia aldi baterako eten. Gaur bertan, ostegunarekin, EAJ-PNVren babesarekin onartu den ekimen batek Europako Hauteskunde Legea berrikustea eskatu du, salbuespen bat sartzeko, eurodiputatuek botoa beste europarlamentari batzuen esku utz dezaten osoko bilkuretan, erditu baino hiru hilabete lehenago eta sei hilabete geroago.
"Zalantzarik gabe, albiste ona da kontziliazioari dagokionez, eta aspalditik behar genuen garaipena, emakumeen onerako. Pentsaezina da 2025eko osoko bilkura batean, Europako Parlamentuan, herritarrak zuzenean ordezkatzen dituen erakunde bakarrean, erditzekotan dagoen edo erditu berri den emakume batek bere botoa eskuordetzerik ez izatea. Agian ez da nahiko genukeen bezain urrun joango, aitek ere eskubide bera izan beharko luketelako, baina lehen urratsa da eta kontziliazioan aurrera egitea, herrialde askotan ikusten ari garen eskubideen atzerakada kontuan hartuta, positiboa da", adierazi du Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak.
Aldaketa hori egingarri bihurtzeko, Kontseiluak -estatu kideek ordezkaritza duten erakundeak- oniritzia eman beharko dio Europako Hauteskunde Aktaren erreformari, aho batez. Ondoren, eta indarrean sartzeko, estatu kideek aldaketak baliozkotu beharko lituzkete, dagozkien konstituzio-arauen arabera.
EA-PNV taldekide duen Renew Europe taldeak beharrezkotzat jotzen du 1976ko Europako legea berrikustea, eta 2022an planteatutako proposamena abiapuntutzat hartzea hobetsi du. Proposamen horretan, diputatu bat aldi baterako ordezkatzeko aukera jaso zen, amatasun- edo aitatasun-kasuetan edo guraso-baimenean, bai eta gaixotasun-bajaren kasuan ere. "Amei botoa eskuordetzen uztea lehen urratsa da aurrera egiten jarraitzeko, baina egoera askotan baliagarria izan liteke botoa eskuordetzea. Sistema modernizatzen jarraitu behar da, edozein gurasok ez bailuke egon behar familia-bizitzaren eta bizitza politikoaren artean aukeratzeko egoeran".