Maribel Vaquero Euskal Taldearen bozeramaileak nabarmendu du proiektu honek hobetu egingo duela gizatalde zaurgarrienei eman beharreko babesa eta txalotu egin du legearen bidez kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea
13Azaroak Euskal Taldeak gaur, asteazkenarekin, baiezko botoa eman dio bezeroentzako arreta zerbitzuak arautzeko legeari. Maribel Vaquero talde jeltzalearen bozeramaileak hitza hartzeko izan duen tartean defendatu ditu lege honekin lortzen diren aurrerapauso nagusiak: gizatalde zaurgarrienak babestea eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea.
Eztabaidan hiru urte eman ondoren ( proiektua aurreko legealdian hasi zen izapidetzen eta bertan behera geratu zen 2023ko hauteskundeetarako Gorteak desegitean eta berriz heldu izan zaio legealdi honetan), lege berri honen helburua da interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten enpresen eta korporazio handien bezeroei arreta emateko zerbitzuen gutxieneko kalitatea eta beren ebaluaketa.
“Azken krisi ekonomikoek eta, batez ere, pandemiak erakutsi egin digute ezinbestekoa dela babes berezia ematea pertsona zaurgarrienei eta babesgabetasun edo desparekotasun egoeran egon daitezkeen gizataldeei”, defendatu du Vaquerok. Horregatik, kontsumitzeko erak aldatu diren arren eta kontsumitzaileak gero eta gehiago esparru digitalean mugitzen diren arren “lege hau izapidetzeko prozesuan lortu nahi izan dugu kontsumitzaile zaurgarrienek babes handiagoa izan dezatela, bezeroei arreta emateko zerbitzuen aldetik, beren segurtasuna indartuz. Hau izan da, zalantzarik gabe, talde guztiok partekatzen dugun helburu handienetako bat”. Esate baterako, adineko pertsonentzat edo desgaitasunen bat duten pertsonentzat arreta hau eskuragarriago jarriz, beren konpetentzia digitalen arabera artatuak izan daitezen eta asistentzia pertsonalizatuarekin, halakorik behar dutenean..
Halaber, Vaquerok “beste lorpen garrantzitsua” nabarmendu nahi izan du, hau da “kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea”. “Gaztelania ez den hizkuntza batean bizi eta mintzatzen garen pertsonok, hizkuntza hori ofiziala den lurraldean, gure hizkuntzan artatuak izan gaitezela. Hau da, nork bere herrian arreta bere hizkuntzan jasotzeko eskubidea. Aurrerapauso hau oso garrantzitsua da bi hizkuntza ofizial dituen lurraldean bizi garenontzat”, azaldu du. Puntu horretan, Euskal Taldeak hobekuntza teknikoak sustatu ditu Legebiltzarreko hainbat alderdik testuari egindako zuzenketetan, hizkuntza-eskubideak bermatzeko.
Kongresuak onartu ondoren, testua Senatura bidaliko da, Parlamentuan izapidetzen jarraitzeko.