Talde jeltzaleak gogorarazi du “EAJ-PNVri esker tresna batzuk ditugu, hala nola hitzarmen autonomikoen nagusitasuna estatukoen gainetik jartzea”, eta Estatutu berriaren esparruan eskumen osoa lortzearen alde egin du
13Azaroak “Berandu baino lehen, Euskadik hemen adostutako gutxieneko soldata izango du. Euskal errealitate sozioekonomikoari erantzungo dion bat, egonkorra izango dena eta langileen ordezkarien eta gure enpresak ordezkatzen dituztenen artean hitzartuta egongo dena”. Horrela mintzatu da gaur goizean Markel Aranburu, EAJ-PNVren Ekonomia, Lan eta Enplegu arloko bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean egindako Osoko Bilkuran.
Ordezkari abertzaleak adierazi duenez, EAJ-PNVk Estatutu berriari buruzko negoziazioak aprobetxatzearen aldeko apustua egin du, Euskadik LGS propioa finkatzeko eskumen osoa bere gain har dezan, Estatuaren menpe egon gabe. “Hor aukera izango dugu gure autogobernua zabaltzeko eta lan eta soldata arloan ere gure erabakiak hartu ahal izateko”.
Era berean, Aranburuk gogorarazi du Euskadin LGS propioa izateko bultzada EAJ-PNVk gidatu duela. Hala, funtsezko hiru akordio ekarri ditu gogora:
1- EAJ-PNVren eta Espainiako Gobernuaren artean lortutakoa, hitzarmen autonomikoen nagusitasuna estatukoen gainetik jartzea ahalbidetu zuena, negoziazio kolektiboa loteslea eta zuzenean aplikatzekoa izateko atea irekiz.
2- 2023an EAJ-PNVk, Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean sinatutakoa, non gutxieneko soldataren igoera babesten zen eta patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazioaren alde egiten zen.
3- EAJ-PNVren eta PSE-EEren arteko ituna, gobernu-programan Elkarrizketa Sozialerako Mahaia sustatzeko konpromisoa sartzeko, gizarte-eragileen autonomia errespetatuz, eta lanbide arteko akordioak Euskadiko errealitate sozioekonomikora egokitutako negoziazio kolektiboko gutxieneko soldata jaso dezan.m.
Testuinguru horretan, Markel Aranburuk ziurtatu du orain akordio bat lortzeko ardura enpresa eta langileen ordezkariei dagokiela. “Elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren garaia da. Betorik eta jarrera maximalistarik gabe”, amaitu du.