Imanol Pradales: “Iritsi da ordua gure seme eta alaben ongizaterako giltza nori utziko diogun erabaki dezagun”

Imanol Pradales EAJ-PNVren lehendakarigaiak gaur Donostian euskal gizartea deitu du galdetzera "euskal ekonomia eta gizartea eta zerbitzu publikoak nork kudeatuko dituen, segurtasuna nork bermatuko duen eta herrigintzarako esperientzia eta konpromisoa nork duen. Azken finean: Nori utziko diozu zure seme-alaben etorkizuneko ongizaterako giltza? Horixe da esku artean duguna, eta apirilaren 21ean jokoan dagoena”

Imanol Pradales: “Iritsi da ordua gure seme eta alaben ongizaterako giltza nori utziko diogun erabaki dezagun” 14Apirilak
ApirilaK 14 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Astebete barru herri honek erabaki garrantzitsua hartu beharko du: Euskadi nork gobernatuko duen erabaki beharko dugu. Iritsi da euskal gizarteari galdera zehatzak planteatzeko unea”, laburbildu du Imanol Pradalesek Donostian, EBBren buru Andoni Ortuzar eta Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeria ondoan izan dituela egin duen ekitaldian. Pradalesek bertan defendatu du gizarteak ezinbestean ezagutu behar dituela alderdiek egiten dituzten proposamenak, bai eta ereduak alderatu ere, erabaki bat hartzera begira.

EAJ-PNVren lehendakarigaiak ongizatearen Euskadi berria eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, Europako batez bestekoa gainditzen duten kalitate-adierazleeak ematen baititu. "Enplegu betea izatetik hurbil gaude, batez besteko errenta 36.000 eurotik gorakoa da, Europako batez bestekoaren gainetik, gazteen langabezia % 30etik % 10era jaitsi da, pobrezia-tasa % 3,7koa da, Europakoa baino askoz txikiagoa, eta eskola uztearen tasa % 5ekoa da, Europako batez bestekoaren % 9aren aldean. Euskadi Europako maila gorenean dago gobernu-kalitatearen pertzepzioari eta erakundeen konfiantza eta akordioak eta adostasunak ehuntzeko gaitasunari dagokionez. Horiek dira beste batzuen kontakizunak faltsuak direla erakusten dituzten datuak. Gaur ondo bizi gara. Bizi-kalitate ona dugu. Jakina, gauza batzuk hobetu egin behar dira. Baina Euskadi Herri handia da eta ni harro nago euskalduna izateaz eta daukagun Herriaz", adierazi du Pradalesek.

“Baina, ibilbide horretan, denek ez dugu jarrera bera izan. Denek ez dute herri hau eraikitzeko lana egin, ez dute aurrera egiteko arraun egin”, gogoratu du Imanol Pradalesek. “Badago guztiaren kontra eta Herri honen aurrerabidearen kontra egon denik : ez Guggenheim museoari, ez Metroari eta topoari, ez Gasteiz-Vitoriako Tranbiari, ez Portuak handitzeari, ez Donostia-Iruñea autobideari, ez politika industrialari, ez Basque Cullinary Center-ari, ez Zubietari. Inork pentsatzen du Euskadi gaur nolakoa izango ote zen ezetz horiek onartu izan bagenitu? Non egongo ginatekeen?. Bada, gaur, berdin jarraitzen dute”, esan du.

"Nolako Euskadi amesten dugu? Nolakoa izango da etorkizuneko Donostia? Kirola, zientzia, kultura dira hiria eta Herria aurrera ateratzeko ardatz nagusiak. Aste honetan bertan Gipuzkoarako proposamen estrategiko bat aurkeztu dugu: Anoeta Berri proiektua", zehaztu du Padalesek, eta Eusko Jaurlaritzak kirol hiri berria modernizatzeko 50 milioi euroko inbertsioaren erdia bere gain hartzeko konpromisoa hartu du. "Illunbe erabilera anitzeko pabiloi estali bihurtu nahi dugu, hainbat kirol-diziplina egiteko dagoen eskaera handiari erantzun ahal izateko. Gipuzkoan 10.000 laguneko edukiera duen instalazio estali baten gabezia estaliko luke. Hori da herri-proiektua, ongizatean hazten jarraitzeko ezinbesteko proiektua. Erakundeen arteko lankidetzaren bidez eraikiko dugu Anoeta Berri, Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzak inbertsioaren % 50 emango duela hitzematen dut ".

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, bere aldetik ziurtatu duenez “Herri bikaina daukagu eta bizi kalitate ona daukagu, beste batzuek kontrakoa nahiko luketen arren. Hori bai, ez gara konformatuko, gehiago nahi dugu. Eta, horretarako eskatzen dugu botoa”. Ortuzarrek euskal gizartearen kalitate horren hainbat datu aipatu ditu, hala nola, "gaur egun Euskadin milioi bat pertsonak lan egiten eta kotizatzen dute, inoiz baino gehiago; langabezia %6,3ra jaitsi da eta Europako batez bestekoetan dago; industria eta zerbitzu aurreratuak % 40 dira; osasungintzan egindako inbertsio publikoa pertsonako, Euskadin 3.500 euro eta Europan 3.200; genero-berdintasunaren indizea, Euskadin 73, Europan 68; gazteentzako laguntzak 20 aldiz biderkatu ditugu; hamar urtean bikoiztu egin ditugu gizarte-larrialdietarako laguntzak, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitza-prestazioak; eta gure autogobernua indartzeko 14 eskumen berri ekarri ditugu Euskadira".

Ortuzarren hitzetan, "horiek dira datuak, hori da gaur egun dugun Euskadiren errealitate positiboa, nahiz eta batzuek behin eta berriro kontrakoa esan. Herri handi batean bizi gara, eta bizi-kalitate oso ona dugu;besteek bestela nahiko luketen arren”. Ortuzarrek ohartarazi duenez “Hala ere Euskadin ez gara horrekin konformatzen”, eta EAJ-PNVren aldeko botoa eskatu du, "hazten jarraitzeko, ongizatea bermatzen jarraitzeko, gizarte gisa aurrera egiteko, Euskadi askeago, oparoago eta bidezkoago bihurtzeko. Gu Baietzaren alderdikoak garelako, Baietzaren aldekoak. Bai Euskadiri, bai aurrerapenari, bai aurrera egiteari, bai kalitatezko zerbitzu publikoei, bai osasun onenari, bai etxebizitza-politika aurreratuei, bai gazteen emantzipazioari, bai Euskadi seguruari. Izan ere, herri bat eraikitzen da baietz esanez, eta Euzko Alderdi Jeltzaleak baietz esaten dio Euskadiri eta haren etorkizunari", amaitu du.

Gaurko ekitaldian hitza hartzean Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak botoa emateko eta EAJren boto-txartela aukeratzeko arrazoiak azaldu ditu: botoa eman behar da, "bozkatzen ez baduzu gutxien gustatzen zaizunak goberna dezakeelako"; eta EAJ aukeratu behar da, " bere ibilbideagatik, koherentziagatik, ekimenagatik eta etorkizuneko proiektuagatik, aukerarik onena delako Gipuzkoak eta Euskadik aurrera egiten jarrai dezaten".

Ibilbidea aintzat hartu behar da “EAJk ikuspegi estrategikoa izan duelako Herri hau lideratzeko eta gaur dagoen mailara ekartzeko”. Koherentziagatik “zintzoak izan garelako gure printzipio eta baloreekin, eta euskal herritarren borondatearen eskutik egin dugulako”. Eta etorkizunerako proiektua dugulako, “programak alderatzea besterik ez dagoelako argi eta garbi ikusteko EAJ dela proposamen errealista eta zehatzak egiten dituen bakarra: 575 proposamen zehatz baino gehiago euskal herritarren beharrei erantzuteko”, azaldu du Tejeriak.

Interesatu Zaitez