Lapuebla de Labarcan EAJ-PNVren Lehendakarigaia Uztaberri Egunean izan da Joseba Díez Antxustegi eta Euskadiko hurrengo hauteskundeetarako EAJ-PNVk Arabatik aurkeztuko duen zerrendako kideekin batera: “Arabar Errioxa bikaintasuna da: Euskadiren estandarte bat da munduan”, ziurtatu du hautagai jeltzaleak
"Gaur, uzta berri hau ez ezik, zuen ardurak ere partekatzen ditugu. Ulertu egiten ditugu eta geure egiten ditugu. EAJk jarraituko du gure lehen sektorea defendatzen: lehiakortasuna ahalbidetuko duten politikak bultzatzen eta Estatuan eta Europan kalitatea eta besteengandik desberdintzea aldarrikatzen duen sektorea aintzatesten. Horixe zor dizuegu. Lehen sektorea zaintzea eta babestea da gurea zaintzea. Eta etorkizunari begiratzea ere bada”. EAJ-PNVk 2024ko euskal hauteskundeetara eramango duen Lehendakarigaiak Arabako lehen sektoreko emakume eta gizonei hitz egin nahi izan die gaur Lapuebla de Labarcako Uztaberri Egunean parte hartu ondoren. Arabako herri honetan izan da Pradales, eta uzta berriko ardoak dastatzeaz gain, oso bereziki, sektorearen ardurak lehen eskutik ezagutu ahal izan ditu, Arabako zerrendaburu Joseba Díez Antxustegirekin eta Arabako zerrendako bigarren Nerea Melgosarekin hainbat upeltegi bisitatu ondoren Euskadiko hauteskundeei begira Arabako zerrenda jeltzalea osatzen duten hainbat hautagai ere bertan izan direla.
Pradalesek aldarrikatu du gaur Arabar Errioxaren garrantzia Arabar lurraldearen eta Euskadi osoaren garapen ekonomikorako eragile den aldetik: “Arabar Errioxa nortasun ikurra da. Mahastizaintzaren eta ardogintzaren alderditik da, baina baita eskualde erakargarri eta berezia delako bisitarientzat”. Zentzu honetan, hautagai jeltzaleak EAJ-PNVren konpromisoa adierazi du lehen sektorearen defentsarekin, beti ere sektorea osatzen duten eragileen eskutik eta haiei zuzenean entzunez “lehen sektorea zaintzea gure elikagaien kalitatea eta hurbiltasuna bermatzea ez ezik gure inguruaren zainketa sustatzea ere delako, bai eta gure tokian tokiko ekonomia indartzea ere. EAJ-PNVren aldetik hitzematen dugu ekinean jarraituko dugula lehen sektorea ongizate eta etorkizunaren sinonimo izan dadin”, ziurtatu du.
Pradalesek gaurko hitzaldiari amaiera eman nahi izan dio Europar Batasuneko erakundeei ausardia eskatuz “elikagaien burujabetza delako etorkizuna eraikitzea, etorkizun bat non gure alaba eta semeek landa inguruan bizitzeko eta lan egiteko aukera hartu ahal izango duten, edo itsasoan, aukerekin eta bizi kalitatearekin. EAJ-PNVkook erabat sinesten dugu honek duen boterean, gure lurraren indarrean, eta Euskadik kalitatearen, iraunkortasunaren eta etorkizunaren sinonimo izaten jarraitzea nahi dugu”, amaitu du Lehendakarigaiak.