Osasun Sailak eskualdeko ospitale publiko berriaren aldeko apustua berretsi du, eta Tolosako udalari eskatu dio hura babesten duen ala ez zehazteko

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Tolosaldeko ospitale publiko berriaren aldeko apustu irmoa berretsi du, eta bere gobernu-programan jasotako konpromisoa bete du, inguruko udalek, gizarte-erakundeek eta alderdi politikoek behin eta berriz egindako eskaerari erantzute aldera

Osasun Sailak eskualdeko ospitale publiko berriaren aldeko apustua berretsi du, eta Tolosako udalari eskatu dio hura babesten duen ala ez zehazteko 07Otsaila 07 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Hain zuzen, gaur Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, berak hala eskatuta, eskualdeko ospitale berria eraikitzeko bere garaian onartu zen plan funtzionala aurkeztean, Osasun Saila zur eta lur azaldu da eskualdeko alkateek jarrera bat-batean aldatu izanarekin; izatez, azken orduetan ospitale publiko berri horren eraikuntza alde batera utzi, eta horren ordez ospitale pribatua publiko egitearen alde azaldu dira.

Gotzone Sagardui buru duen Sailak gogorarazi du Tolosako Udaleko aurreko Udalbatzak, Sailak berak eskatuta, eskualdeko ospitale berriaren eraikuntzarako lursailak lagatzeko hirigintza-tramitazioa hasi zuela —Osakidetzako teknikariek egokitzat jotzen zituzten lursailak ziren—.

Hori dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak ez dute ulertzen 180º-ko iritzi-aldaketa hori, Tolosaldeko gizartean babes handia zuzen aspaldiko eskariari bizkarra ematea baitakar. Tolosako Udalari eskatzen diote argitu dezala ea hitzartutako lursailak lagatzeko konpromisoari eusten dion ala, aitzitik, uko egiten dion Tolosalderako ospitale publiko berria kokatzeko aurreikusitako orubea lagatzeari.

José Luis Quintas Osasuneko sailburuordeak gaurko agerraldian gogorarazi duenez, etorkizuneko ospitaleak honako zerbitzu hauek izango ditu: ospitalizazio medikoko oheak, eguneko ospitalea, kirurgia handi anbulatorioa, kanpoko kontsultak, analisi- eta irudi-proba osagarriak, farmazia, errehabilitazioa, fisioterapia, etxeko ospitalizazioa, larrialdiak eta Familiako eta Komunitateko Medikuntzako barneko mediku egoiliarren irakaskuntza. Horrek guztiak —aurrez dauden Lehen Mailako Arretako bost Unitateekin, Donostia Ospitaleko zerbitzu espezializatuenekin eta Andoaingo eta Tolosako osasun mentaleko zentroekin batera—, erreferentziako biztanleriari (66.000 biztanle inguru, 31 udalerritan banatuta) osasun-asistentzia osoagoa eta integralagoa eskaintzeko aukera emango du.

 

Interesatu Zaitez