Herri Biltzar berria eratzeko ekitaldiarekin amaitutzat eman du Euzkadi Buru Batzarrak Ipar Euskadin eman duen egun trinkoa
Iparraldeko zazpigarren Herri Biltzarraren sorrera ospatu du EAJ-PNVk gaur Miarritzeko Jai-Alain egin den ekitaldiarekin, bertan izan direla Ipar Euskadiko gizarte-, kultura- eta kirol-alorreko hainbat ordezkari. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek eta Ipar Buru Batzarraren presidente Peio Etxelekuk ekitaldian izan direnen aurrean hitza hartu dute, Euzkadi Buru Batzarrak Ipar Euskadin eman duten egun trinkoari amaiera emanez.
Etxelekuk ekitaldian hitza hartzean nabarmendu du Filibe Oihanburu 'Etorki'k gorpuzten zuen "nortasun zoriontsu, ireki eta inklusiboa", bai eta Maurice eta Jakes Abeberriren "borondate politikoa" eta Agirre Lehendakariaren europeismoa ere, “Miarritzeko Biltzar berrirako inspirazio iturri gisa. Aniztasuna aukera bikaina da Miarritzentzat eta Euskadirentzat. Zuekin batera, EAJ ere bada Euskaldun berrien Alderdia, bai eta betiko euskaldunena eta herri hau aberritzat hartu duten adopziozko euskaldunentzat ere". "Inoiz baino gehiago behar ditugu zuek bezalako alderdikideak", esan die Etxelekuk Iparraldeko alderdikide jeltzaleei. “Gaur hemen Euzkadi Buru Batzarra eta hainbat alderdikide izateak bermatzen du ez zaretela bakarrik izanen: zuen ondoan izango gara gure proiektua abian jartzeko eta bizimodua hobetzeko, Miarritze gure hirian eta Ipar Euskadiko instituzio gorenean, Euskal Hirigune Elkargoan”, ziurtatu du IBBren buruak.
Etxelekuk ospatu du zazpi urtetan bigarren Herri Biltzarra sortu izana. “Uste dugu gure jarduerari ematen diogun bultzada berri batekin, bai eta gure lan politikoarekin ere, alderdi ideologikoan eta politikagintzan, EAJ eskaintza berri bat da Ipar Euskal Herriko gizartearentzat. Gu ez gaude inoren ezkerrean edo eskuinean: gure diskurtsoa erabat abertzalea da, gure jardun politikoak Euskadi osoari begiratzen dio, Zazpi lurraldeei, gure baitan ez baitago mugarik”, amaitu du .
Ortuzarrek, bere aldetik ziurtatu du zazpigarren Biltzarra sortu izanak erakusten duela EAJ “oso inplikatuta dagoela Euskadiko lurralde honen garapenarekin. Alderdi sinbolikotik harago, gainera, lurralde hau gure aberriaren parte da, gure nazioarena. Ipar Euskadik denbora luzeegia eman du Iparraldera begira, Bordelera, baina hemendik Bordelera pinuz betetako basamortu berdea baino ez dago. Guk uste dugu Iparraldeko etorkizunak zerikusi handiagoa duela gainerako euskal lurraldeekin Frantziarekin baino, eta hala izan dadin lan egingo dugu”, adierazi zu buru abertzaleak.
Ortuzarrek ziurtatu du gaur, astero bezala, Iparraldeko aktualitatea oso presente egon dela EBBren mahaian. ”Kezkatu egiten gaitu egungo dinamikak, Hirigune Elkargoaren barruan kostako guneak eta gune urbanizatuak lehenesten ari direlako barnealdeko eskualdeen gainetik, eta hauek dira okerren gaudenak, laguntza handia behar dutenak, euskaltasuna hain argi ordezkatzen duen lurraldea izanik. Zentzu honetan asko baloratzen dugu Peio Etxeleku egiten ari den lana, horrela izan ez dadin, Hirigune Elkargoak eta estatuko gainerako erakundeek hobeto tratatu beharko luketen barnealdeko Ipar Euskadiko ordezkari eta bozeramaile den heinean . Gure harremanak Jean-Rene Etchegarayrekin normalak dira, baina hobetu litezke”, aitortu du jeltzaleen buruak. “ Iparraldean Notableak beren boterea galtzen ari dira, eta alderdiok botere hori irabazten ari gara. EAJ ere ari da irabazten, Peio Etxelekuri esker, burukide bikaina baita”, amaitu du.
Miarritzen egin den ekitaldiak amaiera eman dio gaur Euskadi Buru Batzarrak Iparraldean izan duen egun trinkoari. Eguna hasi dute Ameztoya Etxaldera egin duten bisitarekin. Hurrengo hitzorduak EBBko burukideak eraman ditu Itsasuko paraje ederrera, bertan dagoen monumentu batek gogoratzen baitu 1936ko apirilaren 15ean Ipar Euskadin egin zen lehen Aberri Eguna. Ortuzarrek eta Etxelekuk lore eskaintza jarri dute bertan, duela 60 urte Ipar Euskadin euskal aberriaren egun handia ospatzen hasi ziren abertzaleen omenez, eta ´Euzko Abendaren Ereserkia´ abestu dute. Bazkalostean Euzkadi Buru Batzarra ondoko herrira joan da, Uztaritzera, eta bertako Udaletxean egin du bere asteroko bilera jeltzaleen Aberri Exekutibak. Batzarra amaitutakoan, Miarritzera joan dira Iparraldeko zazpigarren Herri Biltzarraren inaugurazio ekitaldira.