EAJ-PNVk lurralde ereduari eta Estatuaren nazio aniztasunaren onarpenari buruzko eztabaida irekitzeko aukera ikusten du

Estefanía Beltrán de Herediak adierazi duenez, PPk berdintasunaren printzipio konstituzionalean oinarritzen da inbestidura-akordioak errefusatzeko "Estatu monolitiko bat lortzeko duen asmoari" kontrajartzen zaizkiolako

EAJ-PNVk lurralde ereduari eta Estatuaren nazio aniztasunaren onarpenari buruzko eztabaida irekitzeko aukera ikusten du 13Abenduak
2023
2023 AbenduaK 13 |
Senatua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Estefanía Beltrán de Herediak EAJ-PNVk Amnistia Legearen aldeko iritzia agertu du, eta une politikoak "lurralde ereduari eta Estatuaren nazio aniztasunaren aitorpenari buruzko eztabaidari ekiteko aukera" irekitzen duela adierazi du. Amnistia Legearen aurka PPk beste behin aurkeztu duen ekimen batean egindako agerraldian, bozeramaile jeltzaleak gaineratu du "Kataluniako gatazka politikoa gainditzeko eta bizikidetza eta kohesio soziala errazteko bide politikoa" dela.

Beltran de Herediak Euskadiko, Nafarroako eta Kataluniako berezitasuna aitortzea eta Estatuarekiko aldebiko harremana finkatzea lehentasun- edo pribilegio-tratu gisa interpretatzea aurpegiratu die popularrei; "alderantziz, 78ko Konstituzioan amaitu gabe geratu zen arkitektura osatzen joatea da helburua, nazionalitateen eta eskualdeen artean jada bereizten duena, foru-lurraldeen Eskubide Historikoak babesten dituena eta Euskadiren eta Nafarroaren finantza- eta zerga-harremanetan aldebikotasuna aitortzen duena". Zehaztu duenez, autonomia-erkidegoek Estatuarekin duten harreman-eredu egonkor bat definitzea da helburua, aldebikotasunean eta aldeaniztasunean oinarritua, autogobernua eta autonomia-erkidegoen eskumenak errespetatuko dituena, eta Estatuaren nazioaniztasuna aitortuko duena, elkarrizketa eta negoziazioa oinarri hartuta.

Mozioaren aurkako botoa aurreratzearekin batera, bozeramaile jeltzaleak deitoratu egin du PPk Amnistiaren Legeari buruzko eztabaida Gorteetan egin ez dadin saiatzea, baita inbestidurarako akordio politikoak oztopatzea ere. "Diozuenez, Konstituzioaren berdintasun-printzipioarekin kontrajartzen omen da, baina, egia esan, esan nahi duzuena da Estatu monolitiko bat lortzeko duzuen asmoari kontrajartzen dela, alde batera utziz zuen Espainia hori kultura anitzekoa dela, identitate-sentimendu desberdinekin, eleaniztuna, eta autonomia-erkidegoen eta Estatuaren arteko finantzaketa- eta harreman-sistema desberdinak daudela, Konstituzioaren testuak eta autonomia-estatutuek aitortuak eta babestuak".

Azkenik, kritikatu egin du oraindik Goi Ganberara iritsi ez den lege bati buruz gaur Senatuan mozio hau eztabaidatzea, tramitazioa atzo bertan hasi baitzen Kongresuan, eta gogorarazi du autonomia erkidegoetako presidenteei ez dagokiela esku hartzea ez lege horri buruzko eztabaidan, ez alderdiek Sanchez presidentearen inbestidurarako lortutako akordioei buruz. "Kontrakoa onartzea talde parlamentarioen zeregina galbideratzea da, baita Gorte Nagusien legegintza-ahalak ere", ondorioztatu du.

Interesatu Zaitez