Elkarteburua den Derioko alkate jeltzalea Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) zuzendaritza-batzordeko kide berri gisa aritu da, atzo eta gaur, Pragan egin den urteroko bileran
Esther Apraiz Derioko alkatea EUDELeko elkarteburu gisa sartu da Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) gobernu-organo gorenean. Erakunde horren zuzendaritza-batzordea berrogei herrialdetako tokiko eta eskualdeko 175 hautetsik osatzen dute, eta abenduaren 6an eta 7an, Pragako Udaletxean, egin dute urteroko bilera.
Goi-bileran CEMRko presidente Gunn Marit Helgesen, Pragako alkate Bohuslav Svoboda eta CEMRko presidenteorde eta Txekiar Errepublikako hiri eta udalerrien elkarteko ordezkari Richard Vereu izan dira. Mar Zabala, EUDELeko zuzendari nagusia, eta Fabrizio Rossi, CEMRko idazkari angusia, ere izan dira Europako udalgintzaren foro honetan.
Esther Apraiz ilusioz eta harro agertu da Europan euskal udalerrien ahotsa ordezkatzeagatik, eta CEMRko presidenteari adierazi dio EUDELen parte-hartze aktiboa indartzeko borondatea duela, bai batzorde politikoan, bai Europako udalerrien arteko sareko lan-organo eta lan–batzorde ezberdinetan.
CEMRk Europako 60 udalerri- eta eskualde-elkarte biltzen ditu, eta milioi bat ordezkari hautetsi ordezkatzen ditu. Bere eginkizun nagusia hirien eta herrien interesak EBko erakundeen (Kontseilua, Batzordea eta Parlamentua) aurrean defendatzea da, eta Europako estrategian eta erkidegoko politiken diseinuan aktiboki parte hartzea.
Lantaldearen bilera agertoki geopolitiko konplexuaren eta nazioarteko gatazken barruan kokatu da. Gatazka horien inpaktu ekonomiko eta sozialek gero eta eragin handiagoa dute tokiko komunitateetan eta pertsonen eguneroko bizitzan.
Esther Apraizek udalgintzaren batasunaren alde egin du, “etorkizunerako prest dagoen Europa bat eraikitzeko, gobernu indartsuago eta erresilienteagoetatik”,. etor daitezkeen ziurgabetasun eta krisien aurrean “Elkartzea eta sarean lan egitea funtsezkoa da erronkei aurre egiteko eta aukerak aprobetxatzeko” nabarmendu du.
Testuinguru horretan, CEMRren zuzendaritza politikoak azaldu du 2024an Europako Parlamenturako egingo diren hauteskundeak “Europako demokraziak aurrekaririk gabeko erronkei aurre egiten ari den unean” egingo direla. Hauteskundeen emaitzen zain egongo dela adierazi du, eta “ekintzarako deia” egin du, EUDELeko elkarteburuak ere horrekin bat egin duelarik.
Esther Apraizek hauteskunde hauetan eragile garrantzitsuak izateko gonbitea egin die bere parekideei: “Tokiko gobernuak ezin gara ikusle hutsak izan, eta Europa ere bagarela eta egiten dugula erakusteko unea da”.
Dei horretan, CEMRko zuzendaritza-batzordeak gobernantza demokratikoaren, giza eskubideen errespetuaren, subsidiariotasunaren eta jasangarritasunaren aldeko “babes irmoa” helarazi du. Era berean, “tokiko eta eskualdeko autonomiari eustearen garrantzia” azpimarratu du, ” tokiko mailan boterea murrizteko joeren aurrean”.
Esther Apraizek, bere aldetik, nabarmendu du, hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udalek zeregin garrantzitsua dutela herritarrak Europako hauteskundeetan parte hartzera animatzeko. “Zer dagoen jokoan azaldu behar diegu, uler dezaten haien botoa garrantzitsua dela demokrazia eta giza eskubideak babesteko, gure gizarteen ongizatearen eta oparotasunaren oinarriak diren funtsezko balioak aldarrikatuz”. Azpimarratu duenez, “proiektu komun honetan zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu, orduan eta indartsuagoa eta baliotsuagoa izango da Europa munduan”.
EUDELeko ordezkariak udal politikaren euskal eredua jarri du erreferentetzat, “aniztasunean, elkarrizketan eta helburu komunen alde lan egiten duten ezberdinen arteko akordioan oinarritutako eredua”.
EUDELeko elkarteburua atzo eta gaur hitz egiten ari da bileraren gaietan oinarrituta antolatu diren eztabaidetan. Hautatutako gaiak, udalerri eta hirientzako erronka komunen aurrean, erantzun bateratuak bilatzen saiatzeko dira eta abian dauden hiru trantsizioak planteatzen dituzte: sozial-demografikoa (inklusioa, gizarte- eta lurralde-kohesioa), ekonomiko-digitala (enplegua eta eten digitala) eta energetiko-klimatikoa (itun berdea, klima-neutraltasuna, biodibertsitatea).
Zehazki, Esther Apraizek hainbat proposamen egin ditu tokiko administrazioetatik eraldaketa digitala bultzatzen jarraitzeko, lurraldeko eragile guztiekin lankidetzan, hala nola, gainerako erakundeekin, enpresekin, berrikuntza-zentroekin edo parke zientifiko-teknologikoekin.
Elkarteburuaren hitzetan: “Ezin dugu onartu gaur egun teknologia horietatik urrun dauden pertsonak” bazterketa digitalera “kondenatzea. Haiengandik hurbilen gauden erakundeak garen aldetik, pertsona horiek laguntzeko betebeharra dugu, pixkanaka errealitate horretan sar daitezen, eta horrek, zalantzarik gabe, digitalizazioa beren bizitzako beste esparru batzuetan integratzen lagunduko die. ”
CEMRk bere bilerari amaiera gaur emango dio adierazpen politiko batekin. Zuzendaritza Batzordeak dei egiten die EBko eta Estatuetako ordezkari politikoei neurriak har ditzaten “tokiko gobernuek herritarrenganako dituzten erantzukizunak bete ditzaten ahalbidetzeko, eta Europako eta lurraldeko politikak ezartzeko zeregin estrategikoa izan dezaten”.
Halaber, “gizartearen erronken larritasunaz” eta Europako politiketarako izan ditzakeen arriskuez ohartarazi du dokumentuak. Ildo horretan, udalerriek eta eskualdeek proposamen zehatzak egiten dituzte, Europako estrategia indartzeko, tokiko eragileak erabat integratuz. CEMRk eskatzen du eskumen deszentralizatuak errespetatzeko; maila anitzeko benetako lankidetza garatzeko; helburu errealistak ezartzeko eta Itun Berdea bezalako tresnen aplikazioan lurralde bakoitzaren aniztasunari erantzuteko; mugaz gaindiko lankidetza biziki sustatzeko; eta EBko programen funtsetarako sarbidean dagoen administrazio “zabala eta zorrotza” hobetzeko eta sinplifikatzeko.
Iturria: Eudel