Zumaiako EAJ-PNVk ezezko bozka eman dio Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari

Erabaki honen arrazoi eta oinarriak hiru ataletan banatzen ditugu: batetik ekonomikoak, bestetik proiektu batzuekiko dauzkagun desadostasunak eta azkenik aurrekontu proiektuak dituen gabeziak.

Zumaiako EAJ-PNVk ezezko bozka eman dio Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari 04Abendua 04 |
Zumaia

PARTEKATU

1. Ikuspegi ekonomikoa

Aurrekontu honek EH Bilduren udal gobernuaren ohiko ibilbidea darama. Iazko proiektuaren jarraipen bat da eta horren ondorioz askotan azaldutako gure kezkak ez dira desagertu.

Gure talderentzat aldagai kezkagarriena Aurrezki Garbiaren bilakaera da. Aurten ere 700.000 € ingurukoa da, aurrekontuaren %2,88. 2023rako aurreikusi zenaren antzekoa da, aurreko urtetakoen erdia eta guztiz eskasa. Udalaren aurrezpen eta autofinantzaketarako ahalmena erabat gutxitu eta mugatzen du.

Honen jatorria gastuaren kudeaketa eredua da. Aurtengo diru sarrera arruntak 1,4M€ igo direnean, funtzionamendu gastuak (pertsonal gastua, ondasun arruntak eta zerbitzuak, eta udalak egiten dituen diru ekarpenak) ia kopuru berdinean hazi dira.

Ez da aprobetxatu aurrean ditugun inbertsioak zati batean behintzat finantziatzeko.

Kontutan izan behar da aurrezki garbi honek oinarri ahulak dituela: alde batetik, Foru Funtsaren ezohiko igoera; eta bestetik aurten obretako zergetan izango ditugun ez ohiko diru sarrerak (200.000 € inguru). Behin behineko sarrera hauei Europatik datozen dirulaguntzak gehitu behar zaizkie, baina hauek ere ez dira iraunkorrak izango.

Beraz, aurkezten den aurrezki garbia, behin behineko diru sarrerei esker dator. Non dago zuhurtzia?

Adierazgarria da oinarrizko edo herri mantenurako urteroko inbertsio txikiak nekez estaltzen dituela aurrezki honek.

Guzti honen ondorioz, argi eta garbi dago Udal Gobernuak esandakoa ez bezala, aurrezki maila hau Zumaiako Udalaren beharretik urrun dagoela eta ez da herri baliabideen kudeaketa on baten adierazgarri. Hedabidetan zabaldu den mezu honek ez du errealitatea benetan den bezalakoa deskribatzen.

Beraz aurrekontu haundia baino, oinarri sendo gabeko baten aurrean gaude. Etorkizunari begiratzen ez diona, gastua finkotu eta trinkotzen duena, udal kudeaketa ahalmena murriztuz.

Kanpo laguntzen eta baliabideen menpe uzten du udala. EH Bilduk subiranotasuna maiz aipatu eta atxikitzen du hainbat alorretara: energia subiranotasuna, elikadura subiranotasuna… Hortaz kuriosoa da Zumaiako Udalaren ekonomia subiranotasunaz ahaztea.

2. Proiektuen ikuspegitik

Inbertsio proiektu batzuetan desadostasunak ditugu, bai proiektu beraren xedearekin, edo beronekin ados egonda, udal gobernuak duen norabidearekin. Honako proiektutan arreta jartzen dugu:

1.- Udal Kiroldegia: Herrian erabilera handiena duen azpiegitura da, aspaldi txiki eta zahar gelditu dena eta eguneraketa sakona behar duena. Proposamenen gainetik ez dugu ikusten erabaki sendorik eta gaiari heldu behar zaiola deritzogu. Aurrekontuan badago proiektua idazteko partida (2024 eta 2025 urtetarako), baina Udal Gobernuarekin gaia komentatzen dugunean ez digu epe edo lan ildo zehatzik aurkezten. Gure iritziz, ahalik eta lasterren heldu behar zaio gaiari eta kronograma bat ezarri.

2.- Erkibe eraikina eta eremua: Bertan elikagunea eratzeko proiektua dago, denda, sukalde eta beste gela batzuekin eta gure iritziz, herriaren beharretatik urrun dago. Gure ustez, eraikin honen kokapena dela eta (plaza eta frontoia bertan ditu) ludoteka ezartzeko leku aproposa da eta haren handitze beharrari erantzungo lioke.

3.- Beheko plaza: Beheko plaza herriko erdigune eta ardatz bezala ikusten dugu. Udal gobernuaren proiektuak ekimen puntualak eta orden gabeak ezartzen ditu eremu honetan: Erkibeko lorategia eta gune estalia bat Torreberrin (gure ustez kokalekua ez da aproposa). Ibaitik frontoira dagoen eremu osoa (Erkibe barne) gune bateratu bat bezala tratatu eta ikuspuntu integral batetik antolatu eta eraldatu behar dela uste dugu, bertan gune estali bat ezarriz, azokak, kultur ekitaldiak eta bestelakoak antolatzeko.

4.- Konbentuko lorategia: Proiektu honen aurrekontua 350.000 €-koa da eta proiektuaren neurria lekuz kanpo ikusten dugu. Gure ustez, lehenengo konbentuaren obrak bukatu, azpiegitura martxan jarri eta bilakaeraren arabera erabaki beharko litzateke.

5.- Marianton parkea: Motel eta berandu goaz proiektu honekin, denbora alferrik pasa delarik. EAJrekin sinatutako 2022ko aurrekontuen akordioak gune estali bat ezartzen zuen. Proiektua sinatu genuen akordiotik aldendu eta orain, antza denez, bueltan dator. 680.000 €-ko  (gehi beste 100.000 € 2025erako) aurrekontua neurriz kanpokoa da parke batentzat. Gune estalia ezartzen duen proiektura bueltatu beharko ginateke; zentzuzko zenbateko ekonomiko batera.

3. Gabeziak

Gure ustez, bi gabezia nagusi ditu aurrekontu proiektu honek:

1.- Garbitasuna eta herri mantenua: Nabarmena da herriko kale garbiketa eta mantenua eskasa dela. Aurrekontuak, alde batetik, kale garbitasunerako partidaren igoera jasotzen du eta bestetik, “Zumaia Txukun” kanpaina abian jartzea. Horretaz gain, azken urteotan herri mantenurako baliabideak zabaldu dira brigada handituz.

Baina hau dena eraginkorra eta denboran jasangarria izan dadin eta arau baten babesa izan dezan, inguruko eta antzerako herriek bezala, Kale Txukuntasun Ordenantza batekin bermatu behar dela deritzogu.

Horretarako ordenantza idatzi, adostu eta onartzea beharrezkoa ikusten dugu.

2.- Gardentasuna: Zumaiako Udalak ez ditu betetzen ETELek ezartzen dituen betekizunak gai honetan. Honez gain, udal web orria guztiz zaharkitua eta denboraz kanpo dago eta aurrekontuan ez da gardentasunari buruzko partida ekonomikorik jasotzen.

Interesatu Zaitez