EAJ-PNVk eta Junts-ek egiaztatu dute bakoitzaren proiektu nazionala eta Euskadi eta Catalunyan ongizatea sustatzeko politikak Gorteetan bultzatzeko borondatea

Andoni Ortuzar eta Jordi Turull, beren alderdien ordezkari eta buru gisa, bi orduz batzartu dira gaur Sabin Etxean, adeitasun giroan eta hemendik aurrera elkarlanean aritzeko borondatearekin

EAJ-PNVk eta Junts-ek egiaztatu dute bakoitzaren proiektu nazionala eta Euskadi eta Catalunyan ongizatea sustatzeko politikak Gorteetan bultzatzeko borondatea 24Azaroak
2023
2023 AzaroaK 24 |
EBB

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzar eta Junts per Catalunya alderdiaren idazkari nagusi Jordi Turull Sabin Etxean batzartu dira gaur goizean esandako alderdi bien agintari gorenen artean egoitza jeltzalean egin den lehen topaketa ofizialean. Hitzordua bi orduz luzatu da eta Ortuzar eta Turullek egiaztatu izan dute etorkizunera begira elkarlanean aritzeko borondatea partekatzen dutela, eta horrek gaur egun esan nahi du Espainiako Estatuan hasi berri den legealdi honetan bakoitzaren proiektu nazionala sustatzea, bai eta Euskadi eta Catalunyako hiritarrentzat ongizatea areagotuko duten neurri legislatibo, ekonomiko eta sozialak ere. Antolakuntza gaietarako burukide Joseba Aurrekoetxea eta Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaile Aitor Esteban izan dira ordezkaritza jeltzaleko beste kideak. Junts-en aldetik, topaketan parte hartu dute Kongresuko bozeramaile Mìriam Noguerasek eta Catalunyako Parlament-eko taldeburu Albert Batetek.

Bilera egin da EAJ-PNVk eta Junts taldeak PSOErekin akordio bana izenpetu eta egun batzuetara. Akordio biak espero da hurrengo asteotan garatzea eta gauzatzen hastea. Zentzu horretan talde biek egoki jotzen dute legealdi hasieratik bertatik Pedro Sánchezek eta bere Gobernuak Euskadirekin eta Catalunyarekin hitzeman dituzten konpromisoak betetzeko egutegia lantzea. Horretarako, EAJ-PNV eta Junts Gorte Nagusietan elkarlanean arituko dira talde biek partekatzen dituzten helburu horiek betetzera begira.

U23ko Hauteskunde Orokorren ondorioz, Kongresuan ematen den aritmetikak ekarri du EAJ-PNVko eta Junts-eko diputatuen botoa beharrezkoa eta ezinbestekoa izatea legeak, aurrekontuak eta era guztietako gobernu eta parlamentuko ekimenak onartu ahal izateko. Gaurko bileran aztertu dira, halaber, talde bien artean ezarri ahal izango diren mekanismoak, neurri horiek guztiek Euskal eta Kataluniar autogobernuak errespetatzen dituztela bermatzeko eta Euskadi eta Kataluniako herritarren ongizatea sustatzeko helburuarekin lerrokatuta egon daitezen.

Amnistia Legea, aurreko astean Diputatuen Kongresuan erregistratua, gaur eguerdiko topaketan jorratu den beste gaia izan da. EAJ-PNVk eta Junts-ek ulertzen dute lege honek lagunduko duela Catalunyan politika desjudizializatzen eta kataluniar auzia dagokion esparrura itzultzen, politikara, hain zuzen, ez baitzen esparru horretatik sekula atera behar. Zentzu berean, talde jeltzaleak kataluniar alderdiari berretsi dio boto jeltzaleek arau horren onarpena abalatuko dutela Kongresuan eta Senatuan.

Interesatu Zaitez