EAJ-PNVk arlo publiko lidergotik zaintza-eredu berria gidatzearen alde egin du

Jeltzaleek zaintza eredu “publiko, eraldatzaile, feminista eta komunitario” bat defendatzen dute, eta Gipuzkoan “martxan dagoen” trantsizioan sakontzen jarraitzearen alde agertu dira.

EAJ-PNVk arlo publiko lidergotik zaintza-eredu berria gidatzearen alde egin du 14Azaroa 14 |
GBB

PARTEKATU

Gaur goizean, Olatz Peon GBBko burukideak eta Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatuak prentsaurrekoa eman dute Gipuzkoako EAJ-PNVk zaintzaren inguruan duen posizionamendua eta konpromisoa aurkezteko. Zainketak eztabaida publikoaren lehen lerroan daude, eta alderdi jeltzaleak zaintza-eredu berriaren ardatzak aurkeztu ditu gaur goizean: "sendoa, eraldatzailea, feminista eta komunitarioa den euskal zaintza eredua, adostasunak eta akordio zabalak lortzeko gai izango dena; zaintzaren inguruko herri-itun berri bat lortzera eramango gaituzten zutabeak", azaldu du Peon burukideak.

EAJ-PNVk, jarrera "ireki" batetik, akordioak lortzeko "benetako lankidetza" defendatu du, eta uste du "gai hau funtsezkoa dela ados jartzeko, Euskadik eta Gipuzkoak aurrera egiten jarrai dezaten, herri itun bat lortzeko", adierazi du Olatz Peonek; eta zehaztu du borondate kontua dela, eta EAJ-PNV prest dagoela "hitz egiteko, zehazteko eta adosteko".

Zahartzearena erronka handia da, eta gizarte arloko desafioak gero eta premiazkoagoak. Hori dela eta, EAJ-PNVk uste du ezinbestekoa dela zaintza-eredu berria gauzatzeko oinarri sendoak ezartzea. Gipuzkoan jada martxan dagoen trantsizioa eta "atzera bueltarik ez duena", gogorarazi du Maite Peñak,. "Azken urteetan, pandemia iritsi aurretik, erakunde publikoetatik sektore osoarekin batera lan egin dugu, sentsibilitate guztiak batuz eta denak entzunez, gizarte-politiken arloan norantz jo behar dugun definitzeko".

Prozesu horren emaitza gisa trantsizio-agenda bat sortu zen, lau ardatz nagusi dituena: pertsonalizazioa, berrikuntza, komunitatearekiko lotura eta ebaluazioa. "Pertsona eta komunitatea, horiek dira gure jarduera-ardatzak, gero eta kohesionatuagoa den gizarte bat eraikitzeko gure zutabeak. Horretarako, politika publiko bat garatzen ari gara, lidergo publiko batetik abiatuta, pertsona bakoitzak behar dituen zaintzak eta laguntzak bermatzen dituena".

Olatz Peonek ondorioztatu duenez, "jauzi berri bat emateko beharrezko tresnak ditugu, behin betiko jauzia. Herri itun handi batera iristeko gure eskua luzatzen dugu; gure gizartea zaintza eredu unibertsal, pertsonalizatu eta kalitatezko baterantz gidatuko duen akordio zabal batera iristeko".

Horretarako, EAJ-PNVk honako eraldaketa-ardatz hauek eta zainketa-eredu berriaren oinarri diren printzipioak proposatu ditu:

1.- Pertsona, zainketa-eredu berriaren ardatza. Arreta pertsonalizatua, unibertsala eta kalitatezkoa izateko eskubide subjektiboa bermatzea.

2.- Zainketen profesionalizazioa. Zaintza-modu formal eta informaletan diharduten langileen lan-baldintzak sendotzea eta hobetzea, elkarrizketa sozialaren bidez eta laguntza-sistema indartuz.

3.- Etxeko zaintza lehenesten duen sistema. Adineko hamar pertsonatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi dute. Horregatik, etxeko zainketak hobetzea eta berrikuntza txertatzea beharrezkoa da, zaintza profesionalizatuz, familia-zaintzaileari lagunduz eta komunitatearen parte-hartzea indartuz.

4.- Sistema inklusiboa eta berdinzalea. Zaintzaren ardura emakumeek izan dute historikoki eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu desberdintasun-egoera hori konpontzeko neurriak hartzea feminismo konprometitu eta berdinzale batetik, baita arraza edo jatorri etnikoarekin lotutako diskriminazioekin amaitzeko ere, lanerako segregazioa eta desberdintasun sozialak murriztuz.

5.- Koordinazio soziosanitarioa areagotzea. Gizarte eta osasun sistemen arteko lankidetza handiagoa eta hobea izan behar da, erabiltzaileek arreta integrala jaso dezaten euskal administrazioaren aldetik, mendekotasuna, dibertsitate funtzionala, gaixotasun mentalen bat edota gizarte bazterkeriako egoeraren bat izan.

6.- Komunitatea indartzea. Giza garapen iraunkorrerako gune gisa komunitate-loturak indartzea, gizarte-kohesioa eta zaintzarekin konprometitutako erakunde, elkarte eta pertsonen parte-hartzea areagotuz.

7.- Zainketen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzea. Eraginkorragoak izanda kudeaketa hobetzea, horretarako baliabide ekonomiko berriak aztertuz eta egungo zainketa-ereduaren bideragarritasuna eta etorkizuneko ongizatea bermatuko duten neurri fiskal berriak hartuz, belaunaldien arteko konpromiso berrituarekin.

8.- Zainketen elkarlaneko gobernantza. Zaintza publiko eta komunitarioko eredu bidezkoago, berdintasunezkoago eta erantzunkideago baten alde egiteak berekin dakar elkarlaneko gobernantzako mekanismo berriak antolatzea: publiko-pribatua, publiko-publikoa, publiko-komunitarioa.

Interesatu Zaitez