Aitor Urrutia legebiltzarkidea kezkatuta agertu da "ebazpen judizialetara mugatzen ez den egoera baten aurrean gaudelako", eta Justiziak epaiei aurre egiteko eskaintzen dituen aukera guztiak erabiltzearen alde agertu da
EAJk euskararen defentsa irmoa egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, azken asteetan hizkuntzak jasaten ari den presioaren aurrean. Aitor Urrutia legebiltzarkide jeltzaleak oso argi hitz egin du: "azken epaiak autogobernuaren eta herritar euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako erasoa dira. Gainera, oso kezkatuta gaude egoerarekin, ez baita ebazpen judizialetara mugatzen. Azken aldian gertatu diren beste egoera batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola lehendakariak Familia Enpresen Foroan jasandako boikota edo EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohiaren adierazpenak... ", zerrendatu du.
EAJren talde parlamentarioak, gaur goizean Gasteizko Ganberan egindako bilkuran, 2016an onartutako Toki Erakundeei buruzko Legearekin – adostasun politiko zabalarekin onartu zena– eta tokiko erakundeek beren jarduera antolatzeko duten eskumenarekin eta gaitasunarekin duen konpromisoa berretsi du. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio 179/2019 Dekretua defendatzen jarraitzeko, baliogabetutako artikuluen legezkotasuna defendatzeko, eta "horretarako dituen baliabide juridiko guztiak eta justiziaren esparruak eskaintzen dituen aukera guztiak erabiltzeko".
Izan ere, Urrutiak defendatu duenez, "Zuzenbide Estatuak eskaintzen dituen tresnak erabiltzea ez da Justizia zalantzan jartzea. Botere judiziala errespetatzen dugu, baina adierazpen askatasunak bere erabakiekin ados ez gaudela adierazteko eskubidea ematen digu ", azaldu du. Legebiltzarkideak azaldu duenez, epaiak "aurreiritzi politikoetan oinarrituta daude" gainera.
EAJk "autogobernuaren aurkako erasotzat" jo ditu euskararen aurkako erasoak, eta autogobernua "egunero eta edozein forotan" defendatzeko konpromisoa agertu du. Aitor Urrutiak ere Legebiltzarreko eztabaida aprobetxatu du politikaren judizializazioagatik kezkatuta dagoela adierazteko. "Ez zaigu gustatzen. Ganbera honetan eztabaidatu eta adostu behar ditugu legeak ".
Legebiltzarkide jeltzaleak, era berean, gogorarazi du herritarren hizkuntza-eskubideak izan direla azken 40 urteetan hizkuntza-politikak eraikitzeko oinarria, eta eskubide horiek bermatzea Administrazioaren betebeharra dela. Hizkuntzaren inguruko adostasun soziala sustatzen jarraitzearen aldeko apustua ere egin du.