Joseba Egibarrek amnistia babesten du Katalunia eta Estatuaren artean “kontagailua hutsean” jartzeko

Legebiltzarreko bozeramaileak Estatuko botereei eskatu die Kataluniako egungo egoeran duten "erantzukizuna onar dezatela", “katalanei barkamena eskatzea” eta Kataluniako herritarrek beren etorkizuna askatasunez eta demokratikoki aukeratzeko duten eskubidea errespetatzea

Joseba Egibarrek amnistia babesten du Katalunia eta Estatuaren artean “kontagailua hutsean” jartzeko 19Urriak
2023
2023 UrriaK 19 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko taldeko bozeramaileak amnistia lege baten alde egin du, Katalunia eta Estatuaren artean “kontagailua hutsean” jartzeko.

Diputatuen Kongresuan amnistia lege bat izapidetzeari buruzko ekimen baten eztabaidan, ordezkari jeltzaleak gogorarazi du egungo egoera "bultzada politikoko ekimen baten ondorio" dela, eta, ondoren, "ibilbide judiziala" izan duela. "Justiziaren instrumentalizazio politiko horrek sortutako egoerari aurre egiteko, bultzada politikoko beste ekimen bat planteatzen da orain: amnistia", adierazi du. "Estatuko botereek egindako akatsak bide politikoen bidez konpontzea tokatzen da", ziurtatu du.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran egindako agerraldian, bozeramaile jeltzaleak nabarmendu du "Estatuko botereek barkamena" eskatu behar dietela "katalanei". "155. artikulua Espainiako Estatuak bultzatu zuen, eta erabaki politiko horren ondorioz, egoera honetara iritsi gara; Estatuak sustatu du egoera, eta, horregatik, barkamena eskatu behar du", nabarmendu du.

Estatuaren eta Kataluniaren arteko gatazka politikoa konpontzeko, Estatuko botereei Kataluniaren eta bere herritarren eskubideak errespetatzeko eskatu die. "Kataluniak, Euskadik bezala, bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki aukeratzeko eskubidea du, eta, ondorioz, Espainiako Estatuak bere erabakia errespetatu behar du", adierazi du.

Ildo horretan, 2018ko abenduan Eusko Legebiltzarrean onartutako akordioa aldarrikatu du. Bertan, honako hau adierazten zen: "Espainiako Estatuaren eta Kataluniaren arteko harremanaren ondoriozko gatazka politikoak bide politiko eta demokratikoen bidez elkarrizketa eta negoziatutako konponbidea aurkitu behar du". Gainera Espainiako Estatuko botereei eskatzen zitzaien “Kataluniako herria, hura osatzen duten pertsonak, haien eskubide indibidual eta kolektiboak eta beren etorkizun politikoari buruz libreki eta demokratikoki hartzen dituzten erabakiak errespetatzeko".

Interesatu Zaitez