Euskal erakundeek emandako bultzada azpimarratu du EAJ-PNVk, Euskadin ekonomiak hazten jarrai dezan

Mikel Arruabarrena legebiltzarkidearen ustez, ikerketak eta garapenak gora egiten jarraitzen dute, Europar Batasunak berak Euskadi erkidego berritzaile izendatzeraino

Euskal erakundeek emandako bultzada azpimarratu du EAJ-PNVk, Euskadin ekonomiak hazten jarrai dezan 05Urriak
2023
2023 UrriaK 05 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVko legebiltzarkide Mikel Arruabarrenak azken urteotan Euskadin ekonomia suspertzen jarraitzea ahalbidetu duen euskal erakundeen bultzada azpimarratu du, ikerketa eta garapena nabarmen handituz, Europar Batasunak berak Euskadi erkidego berritzaile izendatzeraino.

Izan ere, Euskadi da hobekien kokatuta dagoen Estatuko Autonomia Erkidegoa, eta berrikuntzan duen errendimendua EBko batez bestekoa baino handiagoa da, 21 postu igo eta gero, 72. postutara helduta 239 eskualdetatik. Horrela, Europako Batzordeak Euskadi “bikaintasun-gune” gisa aipatzen du, berrikuntza ertaineko estatu batean goi-berrikuntzako eskualdea delako.

Arruabarrenak ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran adierazi duenez, Euskadiko indargune nagusiak gazteen kualifikazio handian, produktu berrien salmentan berrikuntzak duen inpaktu handian eta bizialdi osoko ikaskuntza-prozesuetan dauden pertsonen ehuneko handian daude. “ETE berritzaileen ehunekoa handitzen jarraitzeko erronkari eusten dio Euskadik, bai eta berrikuntzarako jardueretan inbertsioa handitzeko erronkari ere, hala nola diseinuan, marketinean, jabetza intelektualaren eta industrialaren kudeaketan edo formakuntzan” esan du.

Ildo horretan, ordezkari jeltzaleak nabarmendu du euskal ekonomia hazkunde garbian dagoela 2023 osoan, eta datorren urterako hazkunde garbian jarraituko duela. “Aurten, gure ekonomia %1,7 haziko da, eta datorren urtean, %2,1. Gainera, langabezia-tasa %7,4 jaitsiko da datorren urtean” esan du.

Zifra horiek kontuan hartuta, Arruabarrenak azpimarratu du euskal ekonomia "osasuntsu" dagoela, egungo ziurgabetasun guztien gainetik; izan ere, "herritarrek ondo egiten dute lan, egunero dute indarra pertsiana altxatzeko, euskal gizarteari bultzada handia ematea ahalbidetu duen sistema instituzionalari esker".

Era berean, legebiltzarkide jeltzaleak oposizioari aurpegiratu dio egoera ekonomikoaren "errealitatea hutsaltzea", helburu argi batekin: etekin politikoa ateratzea, dagoen lan-gatazka handia bultzatzen duena, lehiakortasun ekonomikorako arazo nagusia izanik. "Estatuan egiten diren greben erdia baino gehiago gure Erkidegoan egiten dira, eta honek ez du inolako zentzurik, gure herrian soldatak inon baino altuagoak baitira. Eta honek arrazoi politiko bat du: ELA, LAB eta EH Bilduren helburua, EAJ-PNV gobernutik kentzea eta EH Bildu jartzea", esan du.

Azkenik, Arruabarrenak Europan finkatutako balio eta arauen barruan kokatu du euskal ekonomia, pertsonak erdigunean jarriz aurrera egiteko helburu nagusiarekin. "Konfiantza osoa dugu euskal herritarrengan. Iraganean gauza liluragarriak egiteko gai izan gara, eta etorkizunari aurrea hartzeko gai izaten jarraituko dugu, helburu bakar batekin: herritar guztien ongizatea. Inor atzean utzi gabe", amaitu du.

Interesatu Zaitez