Bi aukera daude maiatzaren 28an: Zestoari bultzada berri bat ematea, ala atzean geratzea

Etorkizuneko egitasmoa eta lan taldea aurkeztu ditu EAJ-PNVk gaur egindako ekitaldi politikoan, Garikoitz Mendizabal buru dela
Bi aukera daude maiatzaren 28an: Zestoari bultzada berri bat ematea, ala atzean geratzea
20
Maiatza
ZESTOA
PARTEKATU
20 Maiatza | ZESTOA

Zestoako EAJ-PNVk datorren legealdirako lan ildo nagusiak aurkeztu ditu, Laranjadi plazan egindako ekitaldi politikoan. Garikoitz Mendizabal alkategaiak herrian ziklo politiko berri bat irekitzeko beharra azpimarratu du, Udalean “politika egiteko modu irekiago, eraikitzaileago, zintzoago eta apalago bat” garatuko duena, eta EH Bildurekin “gauzatu” gabe dauen proiektu eta egitasmoei bultzada emango diena. “Badugu lan talde sendo bat, eta badugu epe motzeko zein luzeko bide-orri landu bat. Zestoan bi aukera baino ez daude, aurrera egitea, edo atzera. Bozka oso garrantzitsua da, asko dago jokoan, eta abstentzioak desorekatu dezake balantza norabide batean edo berean. Dei egiten diegu, beraien botoa eraginkorra ez dela uste duten herritarrei, EAJ-PNVengan konfiantza izan dezaten”, esan du.

Alkategaiarekin batera egon dira hainbat alderdikide eta alderdizale, Maria Eugenia Arrizabalaga, EAJ-PNVren  Deba-Urolako zerrendaburua Batzar Nagusietarako, eta Joseba Agirretxea, Gipuzkoako diputatua Espainiako Kongresuan. Azken lau urteotan Udal Gobernuak erakutsitako “itxurakeria, harrokeria, inprobisazioa eta koherentzia falta” salatu ditu Mendizabalek, eta horren ondoriotzat jo du “Udal barneko gatazka eta giro txarra langileekin, Euskalitekin egindako lanketa ezerezean gelditu izana, edota 2019an agindu zituzten proiektuetako gehienak gauzatu ez izana. Gu saiatu gara oposizio eraikitzailea egiten, eta gure proposamen batzuk aurrera eramatea lortu dugu, hala nola Zubimusu aisialdi gune izatea, nahiz eta guk beste modu batera gauzatu nahi dugun;  irisgarritasun eta mugikortasun plana, edo herritarren app-a. Baina balantzea ez da inolaz ere ona”.

“Sinesgarritasunik gabeko gobernua” izan da, haren esanetan. “Alkate honek 2018an, oposizio burua zela, Kiroldegia izango zenaren eztabaida batean aurpegiratu zigun kiroldegia baino, herriak beste lehentasun batzuk bazituela, esaterako kultur azpiegitura egokiak. Eta legealdi honetan, berriz, alkate izanik, kultur etxea berriari buruzko aurreneko batzar tekniko-politikoan esan zigun lehentasunak aldatu zaizkiola eta kiroldegian estalki berria jarri eta eguzki plaken bidez energia berriztagarrien inguruko proiektua egin nahi duela. Non dago koherentzia?”.

“Konformatzen ez den herri bat nahi dut, aurrera egingo duena, garbia eta argia”, aldarrikatu du. “Zestoak baditu indarguneak, berezi egiten duten ezaugarriak, hala nola kultur ekintzailetza handia, harrera herri ezin hobea izatea, ondare arkeologiko nabarmena, kostatik zein barnealdetik gertu egotea, zaintza eredu berriaren lanketa aurreratua bertatik bertara…”. Hala ere, indargune horiek ez direla aprobetxatu, eta azpiegitura eta zerbitzu batzuetan “oso atzean” geratu dela adierazi du.  “Horrelako erronkei, herritarren arazoei, kudeaketatik eta elkarlanetik heldu behar zaie, beste erakundeen inplikazioa landuz ez adierazpen populistekin, Bilduk egin duen moduan”.

10 puntu nagusi biltzen ditu EAJ-PNVren egitasmoak. Lehentasunen artean daude auzo bakoitzak bere aurrekontu propioa edukitzea, garbitasuna indartzea, Zubimusu osatzea, Zestoa-Zumaia-Azpeitia bide berdeari ekitea, eta egungo kultur etxean espazio balio-anitz berria irekitzea, musika, dantza edo antzerkirako aretoarekin, eta aparkaleku publiko batekin, azken alor horretan dagoen arazoari irtenbidea emateko. Trantsizio energetikoari aurre egin beharra ere nabarmendu du Mendizabalek, eta Osinbeltzeko harrobian eguzki plakak jartzeko EAJ-PNVk egindako proposamena aipatu: “Lanketa egiten ari gara Eusko Jaurlaritzako Energia zuzendaritzarekin eta baikorrak gara”.

EAJ-PNVren lan taldea ere aurkeztu dute gaurko ekitaldian. “Konpromisoa, umiltasuna eta eskarmentua dira gure taldearen ezaugarri nagusiak. Herria ezagutzen dugu, herria maite dugu, eta ikuspegi zabala eta anitza dugu dauden beharren inguruan: bai erdigunekoak, eta baita auzoetakoak ere. Herrigintzan edota udalgintzan aritutakoak gara guztiak, elkarlanean eta auzolanean sinesten dugu, eta hainbat esparrutako profesionalek osatzen dute taldea: gizarte zerbitzuak, arkitektura, energia, kultura, enpresa mundua...”.

Balore komunitarioak

Maria Eugenia Arrizabalagak, berriz. EAJ-PNVren identitate politikoa “hitz bakar batean” biltzen dela adierazi du: “Abertzaleak gara. Gure abertzaletasuna, Herri honekin dugun konpromiso politikoan eta balore komunitarioetan oinarritzen da: ‘ni eta nirea’ gutxiago eta ‘gu eta gurea’ gehiago. Eta abertzaleak garelako gara aurrerakoiak: gizon eta emakume askez osatutako Herri askatua da gure jomuga politikoa. Ekonomiaren garapena eta justizia soziala dira gure herrigintzaren oinarria. Ez digu balio justizia sozialik gabeko garapen ekonomiko batek eta, era berean, ondo dakigu ezin dela justizia sozialik egin baldin eta ekonomia indartsu bat izan gabe”.

Hauteskundeetan “bi eredu, bi ibilbide” daude jokoan, hautagai jeltzalearen arabera. “Bat, PNVrena, bestea, EH Bildurena. Biak ere ibilbide luzeak eta ezagunak. Biak ere, baloratu daitezkeenak. Guk gure ibilbidea erreibindikatzen dugu. Aldiz, EH Bildu berea ezkutatu ezinik dabil, jendeari mozal mentala ezarri nahian. Ezkutatu nahi dute beraien ibilbidea, ahaztu arazi Foru Gobernuan agindu zutela. Gure ibilbidea eraikitzailea izan delako eta beraiena, berriz, ezkortasunean, beti ez, beti kontra egindakoa. Orain arte bezala, PNVk arazoei, erronkei eta ziurgabetasunei aurre egingo die. Baina ez ezkortasunetik eta demagogiatik, herritarrekin partekatutako konfiantzatik eta esperantzatik baizik. Horretarako, EAJ-PNVrentzat botua eskatzen dugu”.

Azkenik, Joseba Agirretxea diputatuak datozen hauteskundeen garrantzia azpimarratu du. Bere ustez, "funtsezko" gaietako bat egungo gizarte eta kudeaketa ereduari eustea da, EAJ-PNVk instituzioetatik “arrakastaz”  garatu duena. “Inork zalantzan jartzen ez duen eredu finkatu bat; ezta ordezkatu nahi gaituztenek ere ez dute gure ereduaren alternatiba proposatzen”. Horren harira, Agirretxeak azaldu du EAJren planteamendu soziala hiru zutabe bereizezinetan oinarritzen dela: “Baliabideak sortzea, horien kudeaketa eta behar bezala bideratzea. Hiru kontzeptu horiek behar dituen eredua da. Ez diezagutela sinestarazi bereizi egin daitezkela; gizarte-politika jakin batean gastua handituko dela esatea oso ondo geratzen da, baina horretarako baliabideak nondik etorriko diren jakin behar dugu. Hori ez egitea arduragabea da”, adierazi du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ