Eider Mendozak AP-8an hirugarren erreia hedatzea proposatu du, trafikoaren segurtasunean eta erosotasunean aurrera egiteko

Gipuzkoako errepideen kudeaketa ereduaren sendotasuna nabarmendu du Eibarren Eider Mendozak, diputatu nagusi izateko hautagaiak; berme horretatik abiatuz, errepide sare iraunkor eta adimentsu baterako eraldaltzearen alde egingo du

Eider Mendozak AP-8an hirugarren erreia hedatzea proposatu du, trafikoaren segurtasunean eta erosotasunean aurrera egiteko 19Maiatza 19 |
Gipuzkoa
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Eider Mendozak, EAJ-PNVren Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiak, AP-8an hirugarren erreia hedatzea proposatu du gaur goizean, trafikoaren segurtasun eta erosotasunean eta Gipuzkoako bide-azpiegituren lehiakortasunean aurrera egiteko. Eibarrera egindako bisita batean, Kongresuko Euskal Taldeko Gipuzkoako diputatu Joseba Agirretxearekin eta Eibarko alkategai Josu Mendikuterekin batera, Mendozak Gipuzkoako errepideen kudeaketa ereduaren “sendotasuna” nabarmendu du, oinarri horretatik abiatuz datozen urteetan “berme osoz” heldu ahal izango baitio lurraldeak bide azpiegituren etengabeko hobekuntzari, haien lehiakortasunaren sustapenari eta “errepide sare iraunkor eta adimentsu baterako eraldatzeari”.

Mendozak gogorarazi duenez, duela zortzi urte, EAJ-PNV foru gobernura iritsi zenean, Bilduk kudeaketan erakutsitako eraginkortasun faltaren ondorioz, Deskargako autobideko lanak “geldirik zeuden, blokeatuta eta hamaika arazorekin”. “Azken bi legegintzaldietan egoerari buelta eman diogu eta gure errepide sarea etorkizunera begira jarri dugu”. Deskargako lanak arrakastaz osatzea lortzearekin bat, EAJ-PNVren foru gobernuak Gipuzkoako Biribilgunea deiturikoa amaitu zuen. Gaur egun, gipuzkoar guztiek gaitasun handiko errepide bat –hau  da, autobia bat edo autobide bat– dute beren udalerritik 15 kilometro baino gutxiagora. Era berean, lurralderako funtsezkoak diren hainbat lan egin dira, hala nola GI-638 errepidea berritzea Deba eta Mutriku artean, AP-8 autobidearen lotune berria Irunen, GI-631 errepidea berritzeko lehen fasea egitea Azkoitia eta Urretxu artean, eta N-636 errepidearen Gipuzkoako zatia hobetzea Kanpazarreko mendatean, besteak beste.

Gaitasun handiko errepideen finantzaketa ereduaren inguruan Estatuan dagoen “ziurgabetasunaren” aurrean, diputatu nagusi izateko hautagaiak Gipuzkoako errepideen finantzaketa eta kudeaketa publikorako ereduaren “sendotasuna” azpimarratu du, Bidegi Foru Sozietatearen “muskuluari eta eraginkortasunari esker”, baita Aldundiak “epe luzera begira egindako lanari esker”; horren guztiaren ondorioz, azken urte hauetan Gipuzkoako errepide sarea modernizatzen jarraitzeko beharrezko inbertsio askori ekiteko ahalmena izan du Foru Aldundiak.

“Ezker abertzalea sendotasun hori kaltetzen tematu bazen ere, gaur egun zalantzarik gabe esan dezakegu Gipuzkoak arrakastaz gainditu duela gaitasun handiko errepideen garapen etapa. Aurrerantzean, EAJ-PNVren lehentasuna izango da etengabeko mantentzea indartzea, errepide sarean konexio papera jokatzen duten puntu nagusien hobekuntza, errepideen segurtasuna eta eraginkortasuna indartzea, baita lehiakortasunerako tresna gisa bultzatzea ere”, Mendozak aurreratu duenez. Hain zuzen ere, helburu horretan kokatu du AP-8an hirugarren erreia hedatzeko proposamena, “gidarien segurtasunean eta erosotasunean eragin positiboa” izan dezakeen lekuetan. Ildo horretan, AP-8an hirugarren errei bat eraikitzeko premiari buruzko azterlan eguneratu bat egiteko konpromisoa hartu du, bai eta haren gidarien segurtasunean eta erosotasunean eragin positiboa izan dezakeen lekuak identifikatu eta obrak planifikatzekoa ere, hurrengo legegintzaldian lehen lanak aktibatzeko asmoarekin.

“Gipuzkoa Arku Atlantikoaren gune estrategiko batean dago, Europako trafikoa Penintsularekin lotzen duen lurraldeetako bat gara, horrek trafikoaren eta garraio astunaren ikuspegitik dakarren zama guztiarekin. Horregatik da hain garrantzitsua gero eta eraginkorragoa, seguruagoa eta iraunkorragoa den errepide sare bat garatzea, gure lurraldearen lehiakortasunean aurrera egiteko eta igarotze horrek gipuzkoarren eguneroko bizitzan ahalik eta eragin txikiena izan ez dezan”, gogoratu du Mendozak.

Gainera, Gipuzkoako biribilgunea osatzen duten errepideak digitalizatzea, iraunkorrago bihurtzea eta errepide adimendun bihurtzea proposatu du EAJ-PNVk. Horretarako, Gipuzkoa Living Lab proiektua hedatzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du Mendozak, errepide adimendunen mugaz gaindiko eremu esperimental bat sortuz, eta errepideetako garraio adimendunaren, segurtasunaren eta energia eraginkortasunaren zerbitzu eta teknologia aurreratuen garapena sustatuz.

Diputatu nagusi izateko hautagaiak, hauteskunde programan gai horri buruz jasotako hainbat proposamen zerrendatu ditu, hala nola, gaitasun handiko errepideetan LED bidezko argiztapena zabaltzea eta egitea, N-I errepidean egin den bezala; A-15 errepideko tunelak berritzea, segurtasun-neurriak Europako zuzentarauetara egokituz; eguzki-energiaren bidez sortutako argiztapen instalazioak sareko hainbat puntutan; lehengai birziklatuak dituzten asfaltoak erabiltzeari buruzko ikerketa eta esperientzia pilotuak; garraio iraunkorra sustatzea; Gipuzkoako errepideetako zarata-mapa eguneratzea eta zarataren aurkako panelak jartzea, beharrezkoa den lekuetan; eta autoa partekatzen duten pertsonentzat aparkaleku berriak eraikitzea Gipuzkoa osoan.

“Kudeaketa arduratsua, epe luzean pentsatuz”

Joseba Agirretxea Kongresuko Gipuzkoako diputatuak alderatu egin ditu EAJ-PNVk errepideen esparruan egindako epe luzeko kudeaketa arduratsua eta Pedro Sanchezen “kudeatzeko modua, neurri populista eta efektisten” bidez egindakoa eta “irismen laburrekoa”. Agirretxeak nabarmendu du errepideen kudeaketa Aldundiaren eskumen esklusiboa dela, euskal autogobernuari esker, eta EAJk “beti” defendatu izan duela eskumen hori eta autogobernu osoa, eta “irmo” defendatzen jarraituko duela, gainera.

“EAJ-PNV da euskal erakundeen, Udalen, Aldundien, Eusko Jaurlaritzaren eta Kongresuko ordezkarien arteko lankidetza maila guztietan bermatzen duen alderdi bakarra. Lankidetza horren indarra eskaintzen diogu euskal gizarteari, Gipuzkoak eta Euskadik aurrera egiten jarrai dezaten, pertsona guztien ongizateak aurrera egiten jarrai dezan”, gehitu du.

Interesatu Zaitez