EAJ-PNV euskal gizarteari: “Bozkatu egin behar da: abstentzioak ez du ezer konponduko, jakingo dugu zuen mezuak entzuten”

Talde jeltzaleak maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeetarako kanpainari eman dio hasiera Vitoria-Gasteizen, Donostian eta Bilbon aldi berean egin duen ekitaldiarekin

EAJ-PNV euskal gizarteari: “Bozkatu egin behar da: abstentzioak ez du ezer konponduko, jakingo dugu zuen mezuak entzuten” 11Maiatza 11 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVk parte hartzerako dei argi eta sendoarekin eta euskal hiritargoaren zerbitzura lan egiteko konpromiso sendoa adieraziz ireki du gaur maiatzaren 28ko Udal eta Foru hauteskundeetarako kanpaina. Hauteskunde hauei helduko die talde jeltzaleak euskal hiritargoaren gehiengoaren konfiantza jasotzeko helburuarekin. “Bozkatzera joan behar da, etxean geratzeak ez du inolako arazorik konpontzen, eta muturretan daudenei baino ez die onik egiten”, esan du gaur Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek VitoriaGasteizen, EAJ-PNVk hauteskunde kanpainaren hasierarako egin duen ekitaldi nagusienean. “Aitortzen dugu dena ez dugula ondo egiten eta, behar bada, batzuetan belarrietatik tiratzea merezi dugula. Ondotxo dakigu eguneroko gauzak gorenean daudela gaur egun, egunerokoen erosketa, hipotekak,… Baina bozkatu gabe geratzearekin gizarte osoa zigortzen da, erakundeak ahulagoak eta desorekatuagoak direlako. Joan zaitezte bozkatzera. Zuen botoa zorrotza izan dadila, ez dadila txeke zuria izan. EAJk jakingo du zuen mezuak entzuten”, gaineratu du buru abertzaleak. Gasteizko Plaza Berrian ere izan da Iñigo Urkullu Lehendakaria, eta bozkatzera ez joateak dakartzan arriskuez ohartarazi nahi izan die herritarrei. “Ez da gauza bera bozkatzea edo ez bozkatzea. Ez dira gauza bera eredu bat edo bestea. Ez da gauza bera alderdi bat edo beste bat bozkatzea”, ohartarazi du Urkulluk.

“Aurrera, Batera! Euskadi mira al futuro” goiburuarekin, Lurralde eta udalerri bakoitzaren izenarekin deklinatuko den esaldiarekin, hasi du EAJ-PNVk hauteskunde kanpaina EAEko hiru hiriburuetan aldi berean egin duen ekitaldian. Eszenatoki zentrala Vitoria-Gasteizko Plaza Berrian egon da. Teknologiak eta satelite bidezko konexioek ahalbidetu dute sei hautagai nagusiek txandaka hitz egin ahal izatea: Beatriz Artolazabal eta Ramiro González Euskadiko hiriburutik, Vitoria-Gasteiztik,Eneko Goia eta Eider Mendoza Donostiako Easo Plazatik eta Juan Mari Aburto eta Elixabete Etxanobe Sabin Etxetik, Bilbotik. Denek, herri eta barne ordezkariak eta hautagai jeltzaleak ondoan izan dituztela, aldi berean sakatu dute EAJ-PNVren hauteskunde-bideoari hasiera emateko `Play´botoia.

Ortuzarrek mezu hirukoitza zabaldu nahi izan du. Lehena, EAJ-PNVren hautagaientzat. “Gure Alderdia ordezkatuko duzue Erakundeetan, baina batez ere hiritargoa ordezkatuko duzue. Horregatik eskatzen dizuegu erabateko konpromisoa eta erabateko zintzotasuna. Eta, ematen duzuen hitza betetzea. Esana bete egiten delako. Herritarrei entzun egin behar zaie. Eskua luzatu behar zaie gainerako alderdiei, elkarren artean akordioetara iristeko. Eta, denentzat gobernatzen da, enpatiarekin. EAJ eredua!!!” aldarrikatu du. Bigarren mezua alderdikide jeltzaleentzat izan da: “Hamabost egun garrantzitsu ditugu aurretik. Gure etsairik nagusiena ez dira beste alderdiak izango, abstentzioa izango da. Horregatik, etxerik etxe joan behar dugu, auzoz auzo, herriz herri, botoa eskatzen. Ilusioz beteta, gogotsu. Herrikideek ikus dezatela EAJ aktibo eta bizi dagoela, beren ondoan dagoela. Apaltasunez bai, baina ausardiaz, kalera aterako gara esateko Euskadik dituen arazoek konponbidea dutela. Eta, konponbide hori Euzko Alderdi Jeltzalea deitzen da”. Eta hirugarrena, “denen artean garrantzitsuena”, euskal gizarte osoarentzat. “Bozkatzera joan zaiteztela eskatzen dizuegu. Zuen botoa zorrotza izan dadila, eta sekula ere ez txeke zuria. Horri lotuta esan nahi dizuet EAJk jakingo duela zuen mezuak entzuten. Gogotsu gaudela, ilusioz beteta, ideiaz beteta. Lantalde bikainak prestatu ditugula. Esfortzu bat egin dugu lehen ardura lerroan emakumeak joan daitezen. Gure hautagaitzetan gazteak ere badoaz, gazte asko. Hoberik ez dago etorkizuna diseinatuko badugu. Merezi du bozkatzeak, eta merezi du EAJ bozkatzeak. Horregatik eskatzen dizuegu maiatzaren 28an hautestontziak aurrerabidearen aldeko botoekin betetzeko, ongizatearen eta elkartasunaren botoekin. Boto horiek behar ditugu erakundeek kalitatezko zerbitzu publikoak ematen jarrai dezaten, kalitatezko laguntza sozialak, garraio eta errepide onak, kirol eta aisiarako ekipamenduak. Hori dena erabakiko baita hauteskunde hauetan. Hemen ez dago jokoan ez politikakeria ezta Madrilgo gatazkak ere. Jokoan daude Gasteiz eta Araba, Donostia eta Gipuzkoa, Bilbo eta Bizkaia. Jokoan daude Euskadi eta euskal herritarrak. Gu guztiok. Horregatik eskatu nahi dizuegu bozkatzera joan zaiteztela, beldurrik gabe, nagirik gabe”, esan du.

Iñigo Urkullu Lehendakariak botoa ematera ez joateak dakartzan arriskuak azpimarratu ditu. “Ez da gauza bera botoa ematea edo ez ematea. Ez da gauza bera eredu bat edo bestea. Ez da gauza bera alderdi bati edo besteari botoa ematea. Ez dezagun gure burua engainatu: gure ongizatea betiko izango dela pentsatu dezakegu, ezer ere ez dela aldatuko, Euskadin ondo biziko garela betiko... Ez da horrela. Gure ongizatea ez da betiko izango zaintzen eta elikatzen ez badugu”, esan du Urkulluk. “Udalek, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin lan egiten dugu herri-proiektu bera defendatzeko. Herri proiektu hori autogobernuaren bidez garatzen dugu”, bukatu du Lehendakariak.

Arabako ahaldun nagusirako berriz aurkeztuko den hautagai Ramiro Gonzálezek bere aldetik nabarmendu nahi izan ditu EAJ-PNVren “seriotasuna eta zorroztasuna eta, aldi berean, ilusioa eta anbizioa” azken urteotako kudeaketan eta Arabaren etorkizuna planifikatzeko lanean erakutsi dituena. “Historiako inbertsio industrialik garrantzitsuenak hitzematea lortu dugu, eta orain dagokigu proiektu horiek gauzatzea. Enplegua eta aberastasuna ekarriko dute eta, beraz, hurrengo hamarkadetarako etorkizunaren bermea ere. Lurralde hau inork baino hobeto ezagutzen dugu guk. Araban sinesten dugu, Arabak mugiarazten gaitu. Horregatik eskatzen dut Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoa”.

Sabin Etxetik hitza hartu dute Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak. Etxanobek ziurtatu zu EAJ-PNV herritargoaren aurrean aurkezten dela “proposamenez betetako programarekin, bizi-kalitatea hobetzen duten egitasmoekin”. Zentzu berean aurreratu du Bizkaiko Foru Aldundiak, EAJ-PNVren lidergopean, “gauzarik garrantzitsuenak zaintzen” jarraituko duela. “Enplegua sustatuko dugu, pertsonak zainduko ditugu eta denona den hori erantzukizunez eta efizientziaz kudeatuko dugu. Horixe da maiatzaren 28an bozkatuko duguna”, amaitu du Etxanobek.

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiak, Eider Mendozak, gogoratu du EAJ-PNVk hamarkadaz hamarkada erakutsi duela “herri hau aurrera ateratzeko” duen gaitasuna. “Orain guri dagokigu, gure belaunaldiari, ardura horri heldu eta egindako lanari jarraipena ematea”. Bere ustez, EAJ-PNVk “talderik onena eta pertsonarik onenak” ditu, “ilusioz eta konfiantzaz” gainezka daudenak gainera. “Donostian, Gipuzkoan eta Euskadin, Eusko Alderdi Jeltzalea apustu segurua da, eta orain arte egin dugun bideak sinesgarritasuna ematen digu. Ez dizuegu hutsik egingo”, aldeztu du.

Juan Mari Aburtok, Bilboko alkatetzarako berriz aurkezten den hautagaia, aldarrikatu du talde jeltzaleak Bilborako proposatzen duen lantaldearen balioa. “Hautagaitza bikaina da, prestatua eta zintzoa, lehentasunak oso argi dituena. Egitasmo osatu batekin aurkezten gara, oraingo eta batez ere etorkizuneko Bilbo hiria hobetzeko proiektu askorekin”, adierazi du. “Gaur kanpaina hastera goaz helburu argi batekin: herritarren konfiantza izan nahi dugu Bilbo hobetzen jarraitzeko, proiektu guztiak aurrera eraman ahal izateko”, amaitu du Aburtok.

Donostiako alkate eta alkategaiak, Eneko Goiak, azaldu du “Europan parerik izango ez duen Donostia” eraiki nahi duela, “bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko hiria”. Horretarako, EAJ-k “badu proiektua, Donostiak aurrera egiten jarrai dezan”. “Azken zortzi urte hauetan egin duen bezalaxe, Donostiak aurrera egiten jarrai dezala nahi dugu, herritarren bizi-baldintzak hobetuz, batera”, adierazi du hautagai jeltzaleak. “Bozkatzera joateak berebiziko garrantzia dauka. Inor ez dadila etxean geratu, hiri honek ezagutzen duen iraganera itzultzeko arriskua hor dago eta. Boto bakoitza da garrantzitsua”, esan du Goiak.

Beatriz Artolazabal, Vitoria-Gasteizko alkategaiak, ziurtatu du datozen hauteskundeei begira bi aukera baino ez direla: EAJ-PNVren kudeaketa zuzena edo ezker abertzalearen gatazka-gosea. “Politika egiteko bi era daude: akordioaren bidea, konponbideak bilatzekoa batetik, edo gatazkarena eta ezetzarena bestetik. Alderdi honek lehenengoa baino ez du ulertzen: solaskidetza, entzutea eta akordioa. EAJ-PNV bozkatzea da Gasteizen etorkizunaren alde bozkatzea, hiriko auzoen alde, ekonomiaren alde, enpresen alde. Pertsonen alde bozkatzea da”, esan du. Artolazabalek hitzeman du hiri “bizi eta solidarioa” eraikitzeko lana egingo duela, “aurrerabidezko hiria, non inor auzitan jarriko ez den ezta irainduko den, nahi duenarekin elkartzeagatik. Hiri tolerantea, ezberdina errespetatuko duena”, erreklamatu du.

Interesatu Zaitez