Aitor Esteban: “EAJ-PNV beti alboan izango dute kooperatibistek”

Talde jeltzaleak kooperatiben eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa bideratzen jarraituko du, eredu honen berezitasuna aintzat har dadin.

Maria Ubarretxena, Arrasateko alkateak, kooperatibismoaren errotze sakona defendatu du; "elkartasunean, komunitatean eta auzolanean” oinarritzen den eredu honek, "enpresa egiteko beste modu bat” badagoela erakutsi duela azalduz.

Aitor Esteban: “EAJ-PNV beti alboan izango dute kooperatibistek” 04Maiatza 04 |
Debagoiena
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVko erakundeetako eta udaletako ordezkariek bilera egin dute gaur goizean Aretxabaletako Otalora jauregian, Debagoienan, pentsio-sistemaren erreforma berriak ekarritako aldaketen aurrean kooperatibisten interesen defentsan egindako aurrerapenen berri eman eta, egoera honek sortutako ziurgabetasuna dela-eta, hurrengo urratsak elkarrekin definitzeko. Bileran Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Aitor Esteban eta Iñigo Barandiaran Kongresuko diputatuek eta Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatu eta diputatu nagusigaiak hartu dute parte, baita Leintz bailarako EAJ-PNVko Maria Ubarretxena (Arrasate), Unai Elkoro (Aretxabaleta), Mikel Uribetxeberria (Aretxabaletako hautagaia) eta Jose Ramon Zubizarreta (Eskoriatza) alkate eta hautagaiek ere. Lan bileraren ondoren, Arrasateko Goi Eskola Politeknikoaren campusa bisitatu dute, Vicente Atxa unibertsitate zentroko errektorearen eskutik.

Topaketa honen bidez, EAJ-PNVk Arrasateko mugimendu kooperatibistari eta Euskadiko kooperatibistei emandako babes irmoa nabarmendu nahi izan du eta haien interesen alde egiten jarraitzeko asmoa berretsi du, joan den martxoan onartutako erreforma berriaren aurrean. Hain zuzen, lege-dekretuak Euskadin eta bereziki Gipuzkoan errotuta dagoen eta milaka kooperatibistei eragiten dien eredu propio bat erabat aldatu eta asimilatzen du. Aitor Esteban Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak adierazi duenez, "akats bat da autonomo zein kooperatibistak araubide juridiko berean homologatzea, eta hori da zuzendu behar dena". Hala, "EAJ-PNV beti alboan izango dute kooperatibistek", gaineratu du.

EAJ-PNVk duela gutxi onartutako pentsioen erreforma babestu egin du eta beharrezkotzat ere jotzen du, baina Espainiako Gobernuari kooperatiben errealitatearen berezitasuna eta hauen gizarte-babeserako eredu propioa bermatzeko eskatzen dio, autonomoen erregimenean asimilatzeak eredu horren bideragarritasuna arriskuan jar dezakeelako. Aurtengo urtarriletik, erreformak kooperatibisten sarrera garbien % 100 (lanaren zein kapitalaren etekinak batuta) kontuan hartzera behartzen ditu Gizarte Segurantzari egin beharreko ekarpenerako, kooperatibista bakoitzak bere kotizazio-oinarria ezartzeko aukerarik gabe. Orain arte, zati bat bere mutualitateari eta beste bat Gizarte Segurantzari emateko askatasuna zuten eredu horren baitan zeuden kooperatibetako lan-bazkideek.

"Aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu, hurrengo lege batean aukera hau egon dadin, eta uda aurretik lortzea espero dugu”, ziurtatu du Estebanek. Xede horrekin, talde jeltzaleak hilabeteak daramatza negoziatzen erreformak kooperatibisten babes sistemaren berezitasuna aintzat har dezan, eta kooperatiben eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketaren buru izaten jarraituko du. Estebanek gogorarazi du EAJ-PNV izan dela Madrilen 130.000 euskal kooperatibista baino gehiago defendatu dituena. Horrela, pentsioen azken erreforman, Euskal Taldeak bere espezifikotasuna aitortzea eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta sektorearen eta Ministerioaren arteko elkarrizketa bultzatu zuen. "Espainiako Gobernua, ordea, ez da oraindik asmo oneko hitzez harago joan", Estebanen arabera.

Eredu kooperatibistaren defentsan

Maria Ubarretxenak, bere aldetik, EAJ-PNVren papera defendatu du eredu kooperatiboaren garapenean eta defentsan, erakundeetan eta erabakiguneetan lan eginez: "EAJ-PNV beti egon da kooperatibisten alde, haien interesak zainduz eta besteek sortutako arazoei irtenbideak eskainiz, eta, une honetan, arreta bereziz jarraitzen ari gara milaka pertsonari eragiten dien erreforma honen garapena". Euskal mugimendu kooperatibistaren erreferente nagusia den herriaren alkate gisa, halaber, Ubarretxenak elkartasunean, komunitatean eta auzolanean oinarritutako eredu honen errotze sakona azpimarratu du. "Kooperatibak Arrasateren eta Euskadiren nortasunaren zati garrantzitsu bat dira eta eredu horrek erreferente bihurtu gaitu mundu mailan, erakutsiz badagoela enpresa egiteko beste modu bat". "Gure apustua ukaezina da, eta eredu propio eta berezi hau maila guztietan aintzat hartzea eta babestea defendatuko dugu”, amaitu du.                                                                  

Interesatu Zaitez