Azpeitiko EAJ-PNVk erronkei sendotasunez erantzungo dien taldea aurkeztu du

Jabier Altunaren gidaritzapean, maiatzaren 28ko hauteskundeetan Azpeitiak aurrera egiteko talde sendoa izango du. Basazabal Jauregian egindako aurkezpen ekitaldian Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak eta Maria Eugenia Arrizabalaga burukideak parte hartu dute.
Azpeitiko EAJ-PNVk erronkei sendotasunez erantzungo dien taldea aurkeztu du
27
Apirila
Azpeitia
PARTEKATU
27 Apirila | Azpeitia

Datorren maiatzaren 28ko hauteskundeetara begira, “eskarmentu handiko taldea” aurkeztu du Azpeitiko EAJ-PNVk. Jabier Altuna ‘Kanpaxa’ (Azpeitia, 1966) izango da zerrendaburua eta alkatetzarako hautagaia, eta 7 emakumek eta 10 gizonek osatzen dute udal hauteskundeetarako prestatutako zerrenda. Basazabal Jauregian egin den aurkezpen ekitaldian alderdikide, lagun eta herritarrak bildu dira, alderdi jeltzaleak osatu duen taldea ezagutzeko, baita programaren ildo nagusien berri izateko ere. “Pauso bat aurrera eman dugun herritarrak gara, Azpeitiak ere aurrera egin dezan”, adierazi du hautagaiak bere hitzartzean.

Jabier Altunaren gidaritzapean jardungo duen lantaldeak “gogotsu eta ilusio handiz” heltzen dio erronka berri honi: “Benetan uste dugulako gauzak beste era batera egin daitezkeela, Azpeitiak bultzada berri bat behar duela. Talde osoak konpromiso osoz heltzen diogu eginkizun honi, azpeitiar guztien alde. Dagokion lekua eman nahi diogu gure herriari, gehiago merezi dugula uste dugulako”, defendatu du Altunak. 

Azpeitiarrei beren konfiantza eskatu die Altunak, eta bere eta talde osoaren lana eskaini. “Herrigintzan sinesten dugu, besteen alde lan egiteak merezi duela uste dugu. Politikak bizi duen garai zail honetan pauso bat aurrera eman dugun herritarrak gara. Azpeitiaren eta azpeitiarron alde gure konpromisoa azaltzen dizuegu. Lana gogoz egiteko prest gaude”, azaldu du hautagaiak.

“Azpeitiaren eta azpeitiar guztien alde gure aletxoa ipini nahi dugun taldea gara”, gaineratu du, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest egongo den herria eraikitzeko helburuarekin jardungo duena. “Denon artean Azpeitia hobe bat eraiki nahi dugu, umiltasun handiz, uste dugulako gauzak hobetu daitezkeela”. Zentzu horretan, nabarmendu du maiatzaren 28ko hauteskundeetara begira EAJ-PNVk programa “oso, ireki eta integratzailea” eratu duela, klima aldaketaren aurkako borrokan, herriko ekonomia suspertzean eta gizarte kohesioan sakontzeko proposamenak biltzen direla; baita etxebizitza, lehen sektorea, kirola eta bide azpiegiturei dagozkienak ere.

“Aurrera egiteko oinak lurrean eta herria bihotzean”

Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea den Joseba Egibarrek populismoen aurrean erakunde sendoen eta herrigintzaren beharra aldarrikatu du, eta EAJ-PNVk bere historia osoan horren defentsan jardun duela. Gainera, alderdi jeltzaleak “abertzalea” den proiektua defendatzen duela aldarrikatu du, “gure aberria zaintzeaz gain, herritar bakoitza zaintzen dugu, inor ez dadin bide bazterrean geratu, eta zentzu horretan gure filosofia garbia izan da”. Ezker abertzaleak orain “ezker independentista” dela aldarrikatzen duela ohartarazi du, baita zentralitatera hurbiltzen ari direla, “ezker muturrean ez dagoelako hazkunderik”. Zentzu horretan, bi eredu daudela gogorarazi  du, eta maiatzaren 28an herritarrek aukeratu egin beharko dutela.

            EAJ-PNVk “konfiantzan, proiektuetan eta eredu propio batean” oinarrituta lan egiten duela adierazi du. “Bide politiko eta demokratikoetan aritu gara, garbi izan dugu beti”, eta horren aurrean ezker abertzaleak “amnesia” aplikatzen dutela gaineratu du. “Egunero egin behar da lan, egunerokotasunak eman dio sendotasuna herri honi”, eta horretarako mahai gainean proiektuak jarri behar direla esan du, aurrera egiteko “erabakitasuna” behar dela aldarrikatuz.

            Amaitzeko, abertzalea den proiektu baten bizkarrezurra balore komunitarioak direla gaineratu du Egibarrek, eta “herriz herri, tokian tokian aritzeko, inoiz ez bezala, estatu baten estrukturak behar ditugu, eta hori autogobernuaren aldeko apustua egitea da”. Itxurakeriaren aurrean benekotasuna eta kopiaren aurrean originala desberdintzearen garrantzia azpimarratu du, eta aurrera egiteko “oinak lurrean, burua argi, euskara ahoan, besoak zabalik, eskuak lanean eta herria bihotzean” izan behar direla defendatu du.

Bere aldetik, Maria Eugenia Arrizabalaga burukide eta Deba-Urola hauteskunde barrutiko zerrendaburuak adierazi du herritarrek maiatzaren 28an bi ereduren artean aukeratu beharko dutela: “Herria errespetatzen duena eta herriaren eskutik jarduten duena. Ekonomiaren garapena eta justizia soziala helburu dituena, eta inor atzean uzten ez duena. Edo EH Bildurena, 2011-2015 bitartean Gipuzkoako Foru Aldundian egon zirenean denok ezagutzeko aukera izan genuen eredua”.

Gipuzkoa lurralde aurreratua eta orekatua, eta hori horrela izanik ere, “ezkortasunaren profetak” beti ezezkoan ibili direnak, hauteskunde atarian estrategia aldatu dutela adierazi du, “kamuflaje estrategia aktibatu dute”: “Ez dira agertzen betiko pankarten atzean. Orain bitartekariak jartzen dituzte ezkortasunaren parkartak astintzen. Baina ez gaituzte engainatzen, pankartak beraienak dira, beti izan diren bezala”, ondorioztatu du Arrizabalaga.

Lantaldea

Jabier Altunak azaldu duenez, taldekide bakoitzak bere esparruan “eskamendu handia” du, eta batez ere, lanerako prest dagoen talde “anitza eta sendoa” da EAJ-PNVk Azpeitian aurkezten duna, alderdikide zein herritar independenteekin osatua. 

Hauxe da EAJ-PNVk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Azpeitian aurkeztu duen lantaldea, “Azpeitiak aurrera egiteko behar duen taldea, 17 gizon-emakume konprometituk osatzen duguna”, adierazi du zerrendaburuak.

1.- Jabier Altuna Larrañaga

2.- Nerea Alday Garate

3.- Antonio Gallarin Mendoza

4.- Hegoa Larzabal Vaqueriza

5.- Jokin Badiola Agirrezabal

6.- Edurne Enparan Garate

7.- Alexander Silva Carmona

8.- Iñaki Sagarzazu Izeta

9.- Miren Jauregi Cialceta

10.- Javier Etxeberria Altolagirre

11.- Iñaki Arriaga Uzin

12.- Aritz Ansorregi Usatorre

13.- Maria Cruz Guridi Gurrutxaga

14.- Juan Maria Gajate Eizmendi

15.- Onintza Etxeberria Aranburu

16.- Julian Eizmendi Zinkunegi

17.- Maria Berta Amozarrain Viquendi

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ