Elixabete Etxanobek erakunde sendo eta ilusionagarriak izateko beharra aldarrikatu du “segurtasuna, konfiantza eta hurbiltasunerako” bermea izango direnak

Bizkaiko ahaldun nagusigaiak Ondarroan adierazi duenez, “ziurgabetasunari aurre egiteko modu bakarra da herrialde hobe baten alde lanean jarraitzea, seriotasunez eta helburu argiekin”

Elixabete Etxanobek erakunde sendo eta ilusionagarriak izateko beharra aldarrikatu du “segurtasuna, konfiantza eta hurbiltasunerako” bermea izango direnak 26Martxoa 26 |
BBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Elixabete Etxanobe EAJ-PNVren Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJ-PNVren hautagai eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua Ondarroara hurbildu da gaur goizean, EAJ-PNVk Lea Artibaiko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztuko dituen hautagaiekin elkartzeko. Bertan, Etxanobek “segurtasuna, konfiantza, hurbiltasuna eta ilusioa ematen duten erakunde sendoak” izan beharra aldarrikatu du, ziurgabetasun une hauei aurre egiteko modu bakarra delako “Bizkaia hobe baten alde, seriotasunez eta helburu argiekin lanean jarraitzeko prest egongo diren Aldundia eta udalak izatea”.

Etxanobek gogorarazi duenez, “Bizkaian familia askok kezkaz bizi dute erosteko ahalmenaren galera, oinarrizko elikagaien eta hipoteken prezioen igoera, gastu arrunten prezioaren igoera… Etorkizuna kezkaz bizi eta ikusten duten pertsonak dira”. Ildo beretik adierazi denez, egoera horri aurre egiteko modurik onena da “ondo prestatutako erakundeak izatea, eguneroko beharrei erantzun errealak emango dizkietenak. Horrelakoak izan behar dute Aldundiak eta gizarte honek behar dituen udalek! Herritarren beharrei benetako eta eguneroko erantzuna ematen dieten erakundeak”, ziurtatu du. Horretarako, hautagai jeltzaleak bere eta Bizkaiko Foru Aldundiaren helburuak zehaztu ditu: “Jarduera ekonomikoa bultzatzea eta kalitatezko enplegua sustatzea; pertsonak zaintzeko sistema hobetzea, eta zerbitzu publiko onenak bermatzea”, amaitu du.

Foru diputatua taula gainean izan da Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentearekin, eta EAJ-PNVren hauteskunde-zerrendak orain arte osatu dituzten, orain osatzen dituzten eta geroan osatuko dituzten emakume eta gizon guztiei “Alderdiarekin, Herriarekin eta zuen herriekin erakutsitako konpromisoa” eskertu ondoren, alderdi jeltzaleak herritarrei hautagairik onenak, pertsonarik onenak, eskaintzen dizkiela nabarmendu du. “Konfiantza, sinesgarritasuna eta erantzukizuna eskaintzen ditugu. Talde sendoa eta batua eskaintzen dugu, helburuak argi dituena, etorkizuneko proiektu batekin Lea Artibaiko herri bakoitzarentzat eta Bizkaiarentzat”. Ildo beretik aldarrikatu du Euzko Alderdi Jeltzaleak baino ez dituela seriotasuna eta aldaketa eskainiko eta herritarren esku jarriko. Herri honen zerbitzura lanean ehun urte baino gehiago daramatzan Alderdi honen seriotasuna eta beharrezko aldaketa. Pertsona berriak dira, jende berria, haize freskoa... baina helburu berberarekin”, amaitu du.

LEA ARTIBAI, HERRIZ HERRI

Etxanobe eta Atutxa ez dira bakarrik egon Ondarroako Lameran gaur egin den ekitaldi jendetsuan, bertan 200 bat alderdikide eta alderdizale izan direla EAJ-PNVk maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztuko dituen emakume eta gizonei beren babesa erakusteko. Ekitaldian anfitrioi lanak egin ditu Aitor Basterretxeak, Ondarroako alkatetza berreskuratzeko helburuarekin aurkezten den hautagaiak, eta bertan aitortu duenez “Horretxeatxik aurkezten naz gaur zuen aurrin alkatetzako hautagai modure, herrixe etxeko beste era bat posible dalako, herritxarrak entzuten, herritxarran premiña eta beharrizanai erantzuten, eta danok batea herrixan aurkezten dizen oztopo eta eragozpenai aurre etxen”, aurreratu du. Eta gaurko ekitaldian batu direnei aurreratu nahi izan die ondarrutarrei hitzemandakoa betetzea duela helburu nagusi: “Horretxeaz lotute da nire lehenengo konpromisu, herritxarron aurrin apaltasun guztiaz aurkezten dotena:Herritxarrai emondako berbi beteti”. “Guk eztou nahi irabazi trono baten jarteko ero bestik ez irabazteko. Herrixak aurrea eitxeko baño. Gu udaletxea lana etxea juten ga, gaur be etxeko lanak einde aurkezten gaz hamen, programa ambicioso bateaz, datozen urtitan herrixe eraldatuko daben proiekto desbardinak esku artin dakauzela”, aldarrikatu du.

Eskualdeko gainerako izen propioak dira: Rafa Kareaga (Aulesti), Pedro Agustin Juaristi (Berriatua), Jesús Iriondo (Etxebarria), Garbiñe Sáenz de Buruaga (Ispaster), Oier Zuberogoitia (Lekeitio), Luis Egurrola (Markina-Xemein), Pedro Cenigaonaindia (Mendexa), Iker Belaustegi (Munitibar) eta Ion Ander Barruetabeña (Ziortza-Bolibar).

Interesatu Zaitez