Datorren asteazkenean Emakumeen Nazioarteko Eguna izango dela gogoan izanik EAJ-PNVk emakumeen lidergotza sustatzea bilatzen duen kanpaina jarri du gaur abian. “AURRERA EMAKUME L1DERRAK”, goiburuaren bidez Euzkadi Buru Batzarrak emakume alderdikide eta alderdizale guztiak animatzen ditu M-8aren ospakizunarekin bat egitera eta sare sozialetan aldarrikapena erakusteko irudia argitaratzera.
Ekimenarekin bat egin nahi duten emakumeek, alderdikide zein alderdizaleek, argazkia egin dezakete beraiek nahi duten laukiratzearekin ( gorputz osoa, lehen planoa, detaile bat) baina hatz erakuslea gorantz jarrita, emakumeen lidergotza aldarrikatzeko. Irudia eginda, sare sozialetan partekatzea eskatzen da #EmakumeL1derrak traola erabiliz. Sare sozialik ez duten emakumeek argazkia egin ondoren bidal dezakete prentsa@eaj-pnv.eus helbidera, beren izena eta udalerria adieraziz , EAJ-PNVren Prentsa Bulegoak Alderdiaren profiletan argitara dezan.
Euzkadi Buru Batzarrak gizonak ere animatu nahi ditu kanpaina honetan parte hartzera, benetako berdintasuna denon erronka delako eta emakume eta gizonoi dagokigulako. Gizonek, ordea, beste modu batean parte hartu beharko dute. Hala, EAJ-PNVko gizonezko alderdikide eta alderdizaleek ekimenean parte hartu ahal izango dute beren sare sozialetan emakumeen argazkiak zabalduz, emakumeak baitira Martxoaren 8ko protagonista nagusi.