EAJ-PNV-ren biltzarrak Bermeoko egungo alkatea den Aritz Abaroa Cantuariense aukeratu du berriro 2023ko udal hauteskundeetarako hautagai gisa

“Orain arteko lerroari jarraituz, herri eta gizarte gisa ditugun erronkak betetzeko aukerak emango dizkigun udalerri bat lortzeko lan egingo dugu”, adierazi du

EAJ-PNV-ren biltzarrak Bermeoko egungo alkatea den Aritz Abaroa Cantuariense aukeratu du berriro 2023ko udal hauteskundeetarako hautagai gisa 20Urtarrila 20 |
BERMEO

PARTEKATU

Bermeoko EAJ-PNVk Aritz Abaroa Cantuariense (Bermeo, 1986) alkatearengan duen konfiantza berretsi eta 2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako alkategai aukeratu du berriro ere. Tokiko afiliazioak azken urteotan zinegotzi jeltzaleak egindako lanari jarraipena ematea erabaki du aho batez, eta berriro ere Bermeoko EAJ-PNVren zerrendaburua izateko apustua egin du. “Orain dela 4 urte hasitako proiektuari jarraipena emateko berriro ere nigan erakutsi duten konfiantza harrotasun eta ohore itzela da. Orain arteko lerroari jarraituz, herri eta gizarte gisa ditugun erronkak betetzeko aukerak emango dizkigun udalerri bat lortzeko lan egingo dugu”, adierazi du Aritz Abaroak alkategai izendatua izan denean.

36 urteko bermeotarra Euskal Filologian lizentziatua eta Teknologia Berrietan eta Hizkuntza Modernoetan graduatua da. Alkate izendatu zuten arte, 11 urtez aritu da Euskaltzaindian ikertzaile lanetan. Abaroa, beti bere udalerriari lotua egon da, izan ere, alkatea izateaz gain, jeltzaleen bozeramaile izan da Udalean 4 urtez eta zinegotzi beste 4 urtez. Esperientzia horri esker, Udalaren funtzionamendua eta bermeotarren beharrak gertutik ezagutu ahal izan ditu. Mendia eta bidaiak dira bere bi pasio nagusienetakoak. Zentzu horretan, bere aisialdian lagunekin mendira joatea gustatzen zaio, eta aukera duenean, bidaiaren bat egiten saiatzen da kultura ezberdinak ezagutzeko.

Zerrendaburuak berrautaketa prozesuan afiliazioak erakutsi dion konfiantza eta babesa eskertu du eta jarraitu beharreko bidea oso argi duela bermatu du. Izan ere, bere helburu nagusia Bermeoko Udala gardentasunean, parte-hartzean eta kontu-ematean oinarritutako kudeaketa eredu ireki baterantz eramateko lanean jarraitzea da.

“Dagoeneko herrian ilusioa sortzen ari diren proiektu ugari ditugu esku artean, etorkizunari ausardiaz begiratzeko aukera ematen diguten proiektu estrategikoak ditugu. Hori dela eta, Bermeoko eta Busturialdeko erantzukizun, zerbitzu publikoen hobekuntza, zorroztasun, auzoekiko babesa eta garapen ekonomiko eta sozialaren alde egiten jarraituko dugu. Gure herria bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko lekurik onenean bihurtzeko lan egingo dugu. Gero eta herri politagoa nahi dugu, erakargarriagoa, eta ez naiz estetikaz bakarrik ari, herri biziaz ere ari naiz, jardueraz betea, etorkizunerako aukerez lepo eta maila guztietan ondo konektatua. Laburbilduz, bere esentziari leial zaion herri bat nahi dugu. Bermeo Abante nahi dugu”, adierazi du Abaroak.

Eta helburu horren barruan, hain zuzen ere, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du jeltzaleak. Azken legegintzaldi honetan, Udalak hainbat kontsentsu lortu ditu beste erakunde batzuekin (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, beste udalerri batzuetako udalak, besteak beste). Bermeoren garapenean estrategikoak diren eta izango diren proiektuak aurrera ateratzea ahalbidetu eta, era berean, EAJ-PNV Bermeok legegintzaldiaren hasieran zehaztutako ibilbide-orriari jarraipena ematea bermatu duten akordioak izan dira. Bermeo Abante, bermeotarren eta bermeotarrentzako proiektua da.

Bermeoko EAJ-PNVtik “hautagai guztiz egokia dela diote, pertsona aski ezaguna. Alkate aparta izan dela erakutsi du. Badaki bermeotarrek zer nahi duten, eta ziur gaude gogor lan egingo duela euren eskaerak betetzeko eta merezi duten kalitatezko etorkizuna ahalbidetzeko. Ez dugu zalantzarik, beraz, nahi dugun Bermeo sustatzen jarraitzeko pertsona aproposa dela”.

“Zure herriko alkatea izatea harrotasun handienetakoa da, baina, aldi berean, erantzukizun handia ere bada, halere, proiektu honi jarraipena emateko ahalegin guztiak egingo ditudala hitz ematen dut” bukatu du Abaroak.

Interesatu Zaitez