Eneko Goia: Donostia munduko erreferente bihurtu nahi dugu zientzian eta ezagutzan

EAJ-PNVko alkate eta hautagaiak erronka kolektibo berri bat ezarri du hiria berrikuntza eta zientzia gune gisa kokatzeko.
14
Urtarrila
DONOSTIA
PARTEKATU
14 Urtarrila | DONOSTIA

Donostiak zientzia, berrikuntza eta ezagutzan nazioarteko erreferente izateko behar diren oinarriak ditu. Hori dela eta, Eneko Goia Donostiako alkate eta berrautaketarako hautagaiak erronka kolektibotzat jo du munduko ehun hiri nagusietako baten artean kokatzea, zientzia, ikerketa eta ezagutzarekin lotutako jardueratan.

Donostiako Talent Housen, Donostiara aldi baterako iristen diren ikertzaileei eta zientzialariei zuzendutako egoitza publikoan, egindako ekitaldi batean egin du proposamena Eneko Goiak.

Goiak adierazi duenez, Donostiak ikerketa, berrikuntza eta industria aurreratuko jardueretan aritzen diren pertsona, erakunde, enpresa eta agenteen sare trinkoa du, eta alor horretan egiten den inbertsioa Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako batez bestekoa baino handiagoa da, %3 ingurukoa, eta Europako onenetara hurbiltzen da. Horregatik, adierazi du Donostiako Udalak prozesu bat bultzatuko duela beste eragile publiko, akademiko eta pribatu batzuekin batera, Donostia munduko hiri nagusien artean kokatutako hiria bihurtzeko, I+G+Bri dagokionez.

«Ondo egingo dugu, presarik gabe, baliabideak bideratuz, urte batzuen buruan Donostia onenen mailan egon dadin, Europan zein eta mundu mailan», adierazi du.

Martxan jarri nahi den dinamika honen helburua da Donostia erakarpen-leku, inbertsio-leku, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortuko dituen eta bizi-proiektuak garatu ahal izango diren hiri bihurtzen jarraitzea.

“Donostia dagoeneko zientzia eta ezagutzaren hiria da. Lortu behar dugu zientza eta ezagutza hirian txertatzea, partekatzea, modu horretan gizarte hezituago eta kritikoago bat lortuko dugulako.

Donostiako manifestua

Hautagai jeltzaleak gaur egin duen Donostiako Manifestuaren aurkezpen publikoaren baitan egin du proposamena. Bertan, hauteskunde-programari begira dituen ideia eta ekintza-ildo nagusiak jasotzen dira. Adierazi duenez, “Donostia positiboa aurkeztu nahi dugu, baikorra, eta alde negatiboa eta ezkorra azpimarratu nahi dutenen aurrean, gure ahaleginak hobetzera eta eraikitzera bideratuko ditugu, Donostiak aurrera egiten jarrai dezan”.

“Beste eredu bat aldarrikatzen dutenen aurrean, nik hiri irekiaren, biziaren, erakarpen ekonomikorako gaitasunaren eredu bat aldarrikatzen dut, Euskadiko hiriburuetako langabezia-daturik onenak eta Estatuko hiriburuetako errenta-daturik onenak aurkeztuko dituena. Hori da nik defendatzen dudan eredua, eta horren alde lan egiten jarraituko dut», azpimarratu du.

“Donostia hiri bizi-bizia da, indartsua, eta urratsez urrats aurrera doa”, adierazi du Goiak. San Sebastian eguna hurbiltzen ari den honetan, “eta Sarriegiren martxa asko entzungo dugunez, nik esango nuke Donostia martxan dagoela”.

Donostiako herritarren papera aldarrikatu du, “eurek baitira, eguneroko lanarekin, egunero pertsiana altxatzen dutenak, hiria funtzionatzen jartzen dutenak eta egunetik egunera apur bat hobea egiten dutenak”. 

Goiaren esanetan, “Udaletxearen buru daramatzan zazpi urte eta erdian gauza asko egin dira hiria hobetzen eta eraldatzen lagundu dutenak”.

Eneko Goiak aldarrikatu du udaletxearen buruan daramatzan bi legegintzaldietan hiriak “abiadura hartu duela, aurreko garaiko paralisiaren ondoren, eta egun, oinarri sendoak ditugu ingurumen, demografía eta teknologi erronkei aurre egiteko”. Esan duenez, erabakiak hartu behar dira “datozen hamar urteotan nahi dugun hiria irudikatzeko”. 

“Metropoli klabean” egindako gogoeta egiteko beharra azpimarratu du, Donostialde osoaren eremua aintzat hartuz. Ildo horretan, Topoaren luzatzea aldarrikatu du, “etorkizuneko garraioa izango delako eta metrópoli osoari zerbitzua emango diolako”.

Erronka gisa jarri da “auzoak batzea eta hobeto kohesionatzea desberdintasunak murrizteko”, aurrera egiten jarraitzeaz gain, “eztabaida geldigarrietan nahasi gabe, Donostia positibo baten ondarea utzi ahal izateko, argitsua, ez itzalez betetakoa”.

“Milaka eta milaka donostiar ordezkatuta egongo diren mugimendu handi bat bideratu nahi dugu, eta ez dugu eztabaidetan entretenitu nahi. Gure hiria maite duen eta egunez egun hobetzen saiatzen den jendeak osatuko duen herri mugimendua”, amaitu du Goiak.

Horretarako, berak zuzentzen duen Udalak “kudeaketa onetik, hurbiltasunetik eta entzute aktibotik joko duela agindu du, jendeak esaten diguna kontuan hartuta”.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ