EAJ-PNVk eta PSE-EEk aurrekontuei 40 milioi euroko zuzenketak egitea onartu diote oposizioari

Partida berrien artean, 12 milioi garraiorako hobarietarako eta 11 milioi eta erdi osasunerako. Jeltzaleek salatu dutenez, EH Bilduk uko egin dio zuzenketak negoziatzeari eta ez du onartu garraiorako laguntzak adostea. Alaitz Zabalak esan duenez, "40 milioi horiek dira gure elkarrizketa-eskaintza benetakoa zela erakusten duten frogarik nabarmenenak"
14
Abendua
2022
Eusko Legebiltzarra
PARTEKATU
14 Abendua 2022 | Eusko Legebiltzarra

Joan den ostiralean, oposizioak Aurrekontu Proiektua Eusko Jaurlaritzari itzultzea eskatu zuen, eta gaur, jeltzaleen eta sozialisten borondate zintzoa agerian uzten duen jarduera batean, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+C´Sen 40 milioi euro inguruko zuzenketak onartu dira. Hiru talde horiek aurrekontuen negoziazioari danbatekoa eman zioten arren, haien eskaeretako batzuk aintzat hartuko dira, eta datorren urterako aurrekontuetan zerbitzu publikoak indartzeko partidak sartuko dira. Hala, oposiziorako onartutako ia 40 milioi euroetatik 12 garraio publikorako hobariak diruz laguntzeko izango dira, 11 milioi eta erdi osasunerako, 7 milioi seme-alabak dituzten familientzako laguntzetarako eta 5 Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako obretarako. Gainerakoa alokairuko etxebizitzaren sustapenaren eta Lanbiden lan-orientatzaileak eta Osalanen ikuskatzaileak kontratatzearen artean banatzen da.

Alaitz Zabala legebiltzarkidearen ustez, frogarik nabarmenena da Eusko Jaurlaritzaren eta hari sostengua ematen dioten alderdien negoziatzeko borondatea zintzoa zela negoziazioak hasi zirenetik tramitazioa amaitu arte. “Badakigu gizartearentzat zer den ona baloratzen, eta badakigu interes orokor hori partikularraren aurretik jartzen. Estrategiarik gabe, kalkulurik gabe. Bai, borondatea eta egunero Herri hobea eraikitzeko gogoa. Oposizioari onartzen dizkiogun zuzenketak onak dira, eta horregatik gehitzen ditugu. Diru gehiago osasunerako, garraioko hobarietarako, seme-alabak dituzten familietarako, alokairurako edo hezkuntzarako. Ia 40 milioi euro. Gure elkarrizketa-eskaintzaren zintzotasunaren adibiderik onena”.

EAJ-PNVko ordezkariak moreen eta popularren jarrera eskertu du, eta EH Bilduk berriro eman duen ezezkoa gaitzetsi du; izan ere, EH Bilduk berriro uko egin dio 12 milioi euroko partida negoziatzeari, garraioaren % 50eko beherapenetarako. “Tamalez, EH Bilduk ateak itxi dizkio berriro elkarrizketari. 12 milioi lor zitzaketen garraiorako laguntzetan, baina ez dute nahi izan”. Hala eta guztiz ere, koalizio abertzaleak Osasun Sailari aurkeztutako milioi eta erdiko bi zuzenketak onartu egin dira; bata Osasun Mentaleko Planerako eta bestea Elikadura Nahasmenduaren Arretarako Unitaterako. Zabalak zalantzan jarri du Bilduren anbizio eskasa eta diskurtsoaren eta zuzenketa bidez Eusko Jaurlaritzari eskatu diotenaren arteko koherentzia eza. “Anbizio handiagokoak izan balira eta haien zuzenketak Osakidetzako egoerari buruzko diskurtso katastrofistarekin bat etorri izan balira, gehiago ere lortuko zuketen. Zuzenketa-prozesuan duen jarrera bat dator negoziazioarekin: danbatekoa. Aurrekontuaz hitz egiten hasi aurretik ere erabakitako ezezkoa. Ebidentziak bere kabuz hitz egiten du”, aurpegiratu die.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ