2022ko Euskararen Nazioarteko Egunerako Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena

Adostasuna, etorkizunaren giltzarri
2022ko Euskararen Nazioarteko Egunerako Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena
03
Abendua
2022
EBB
PARTEKATU
03 Abendua 2022 | EBB

Euskararen Legearen 40. urteurrena: adostasunaren eraginkortasuna

Autogobernuaren eskutik egin du euskarak milaka urteko bere historian ezagutu duen aurrerabiderik sendoena, euskal herritarron ezinbesteko kontzientzia eta ekimena oinarri hartuta. Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, datu soziolinguistiko zehatzetan oinarritzen den baieztapen hori lau haizetara zabaltzeko egokieran baldin bagaude, zintzotasunez aitortu behar dugu euskararen eta euskaldunon historian ohorezko tokia duen ekimen bat dagoela aurrerabide horren iturburuan. Izan ere, aurten berrogei urte bete ditu Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, Euskararen Legetzat ezagutzen dugunak, 1982an onartu zenez geroztik.

Ugari biltzen ditu urtemuga horrek ospakizunerako arrazoiak, arau nagusi hori baitute berme eta oinarri euskarak alor guztietan egin dituen urratsek. Hartan dituzte sustraiak eta ezinbesteko lege-babesa administrazioaren, irakaskuntzaren, hedabideen, helduen euskalduntzearen, esparru zientifikoaren, lan munduaren eta gizarte erabileraren alorretan, besteak beste, hartu diren neurriek. Hartan du zimentarri gaurko errealitatera ekarri gaituen arautegiaren lege-eraikinak.

Baina Euskararen Legeari zor dioguna agerian jartzerakoan, ezinbestez nabarmendu beharko dugu arau horri benetako indarra eta iraunkortasuna eman dizkion ezaugarria: adostasun zabal sendo baten gainean eraikitako legea da eta hortik datorkio, besteak beste, eraginkortasuna.

Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza. Eta adostasunak borondatea du oinarri ezinbesteko. Borondatea eta eskuzabaltasuna, noski, behar baitira buru-bihotzetan abiaburu eta helmuga ezberdinak ditugunon artean diagnosiak eta aurrerabiderako urratsak adostea. Ez da inola ere eginkizun erraza; bai, ordea, euskararentzat ezinbestekoa. Ausardia eta zuhurtzia orekatzea eskatzen du adostasun eraginkorrak, hilda jaiotzen baita neurri bizkorregi zein geldoegi oro. Euskarak bai baitaki aldeko egokierak baliatzen eta badaki, era berean, behar denean aukera hobearen zain egoten; baina ez du, neurri berean, denbora inoizko larretan galtzerik. Neurri berean baitu euskarak ezinbestekoa inor ez atzean uztea eta aurrera urrats bizi bezain sendoz egitea.

Euskararen Legeak berak eta haren berrogei urteko garapenak erakutsi digute hori guztia. Eta zinez dira horiek aurrerantzean mamitzen jarraitu behar ditugun ikasgaiak. Euskararen mesedetan. Euskal hiztunon eta euskal herritar guztion onurarako. Euskal gizartearen kohesioaren alde. Euskal Herri izenari izana ematen diolako euskarak.

Norabide ugaritan proiektatu ziren Euskararen Legean adostasunaren ildoak, eta bide horretatik jarraitu behar dugu aurrerantzean ere. Desberdinen arteko adostasunean bilatuko baitugu beti elkarrekin aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzen duen konpromisoaren puntu kritikoa, giltzarria. Hortik kanpora, euskarak galbide lukeen liskar soziala baizik ez.

Atzeak erakutsi ohi duenez aurrea nola dantzatu behar den, aukera paregabea dugu esku-eskura adostasunaren baliagarritasun praktikoa egiaztatzeko, Euskaraldia bizitzen ari baikara aurten berriz ere gure inguru osoan. Izan ere, deigarria da, eta zinez pozgarria, Euskaraldiak biltzen duen adostasun sozial eta politikoaren neurria. Baina pozgarri eta deigarri ez ezik, baliagarri eta bide-erakuslea ere bada adostasun hori, euskararen benetako ardura praktikoa bere gain hartzen duen gizarte eleaniztun bat eraikitzerakoan.

Hori da Euskararen Nazioarteko Egunean aurten aldarrikatu nahi dugunaren mamia: Euskararen Legeak erakusten digunez, hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen aldeko atxikimendua bilatzen duten ekimenetan frogatu da zein garrantzitsua den adostasunez jokatzea. Euskaraldiak, adibidez, denon begien bistan agerian jartzen duenez, adostasuna du euskarak aurrerabiderako lema, erabileraren aldeko gizartearen eta norbanakoaren konpromiso tinkoarekin batera, ekimen publiko eta pribatuaren arteko lankidetzarekin batera, elkarren onespen zintzoarekin batera.

Euskarak batzen gaituelako, ez inola ere banatzen.

Adostasunean.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ